NABIGAZIORAKO LAGUNTZAK:





ORRIALDEAREN EDUKI NAGUSIA

Tecnalia. Inspiring Business

Tecnalia. Inspiring Business

Bilbao Marine Energy Week-ek itsas energiei buruzko Hego Europako kongresurik handienaren bigarren edizioa antolatu du

2015.04.17

Itsasoak energia berriztagarria sortzeko aukera berriak eskaintzen ditu, bai eta lan-lerro gehigarriak ere euskal ontzigintza eta industria teknologikorako

Apirilaren 20tik 24ra bitartean egingo da, itsas energia berriztagarrien astean, Bilbon

Hurrengo astean, Bilbao Marine Energy Week egingo da Bilbon, itsas energiei buruzko Hego Europako kongresurik handiena. Energiaren Euskal Erakundeak (EEE), Tecnalia Korporazio Teknologikoak eta Bilbao Exhibition Centrek (BEC) osatzen duten aliantzak antolatu du, eta IBERDROLA da babesle, energiaren euskal sektoreko enpresa nagusietako bat.

Bilboko itsas energia berriztagarrien astea apirilaren 20an hasiko da, Bilbao Marine Energy Week nazioarteko kongresuaren eta energiaren, ontzigintzaren eta arrantzaren sektoreko SINAVAL azokaren hasierarekin.

Enpresa antolatzaileetako eta babesle nagusiko arduradun nagusiek sektoreko berrikuntzak aurkeztuko dituzte bigarren edizio honetan. Itsas proiektuak egiten munduan lider diren enpresetako 40 adituk baino gehiagok parte hartuko dute hitzaldietan. Sektoreko enpresetako 500 ordezkarik baino gehiagok hartuko dute parte kongresuan.

Bilbao Marine Energy Week-en bigarren edizio honetan, hitzaldiak izango dira hiru egunez, erakusketa bat izango da SINAVAL-Eurofishing itsas sektoreko nazioarteko azokaren barnean, eta nazioarteko gonbidatuekiko enpresa-topaketak eta bisita teknikoak izango dira.

Astea hasteko, itsas energiei buruzko bilera sektorial batzuk eta europar proiektuen zenbait bilera izango dira: tailerrak, topaketa profesionalak eta Energia Berriztagarrien Enpresa Elkartearen Biltzarra.

Apirilak 20, 21 eta 22:

Lehenengo egunean, nazioarteko bilera sektorialak egingo dira:

• FP7 Suprapower proiektuari buruzko tailerra eta bilera.

• APPA-Marinaren biltzarra, Energia Berriztagarrien Enpresa Elkartearen itsasoari buruzko atala.

• RICORE proiektuari buruzko bilera, itsas energia berriztagarrien ingurumen-eraginaren ebaluazioari buruz.

Bigarren eguna itsasoko haize-energiari buruzkoa izango da. Offshore turbinetan egindako azken aurrerapenen berri emango dute munduko fabrikatzaile nagusiek. Jarraian, hornidura-kateko eragile nagusiek offshore energia eolikoaren sektorearen osagarri diren zenbait alderdi garrantzitsu aurkeztuko dituzte, hala nola zimenduak, ekipamendu elektrikoa edo instalazio-bitartekoak. Hornidura-kateari buruzko gaiari jarraituz, euskal enpresa batzuek offshore energia eolikoaren negozio-aukerez eztabaidatuko dute.

Hirugarren egunean, “bimep day” aurkeztuko du Bilbao Marine Energy Week-ek. Zientzia-jardunaldi bat da, EEEk Bizkaiko kostan, Armintza parean, garatu duen proiektuari buruzkoa. Bimep edo Biscay Marine Energy Platform euskal kostaldean itsaso zabalean instalatutako plataforma bat da, uhin-hargailuak eta energia-sistema flotatzaileak itsasoko benetako kondizioetan ikertzeko eta probatzeko. Bimep day-k itsas energien ikuspegi zientifiko eta industrial oso bat eskainiko du, ikerketa-zentro honen aurkezpenaren, gaiari buruzko poster zientifikoen, beste saiakuntza-zentro batzuen ekarpenaren eta industria-alorreko hitzaldi batzuen bidez. Jardunaldian, itsas energia berriztagarriei buruzko ikerketa- eta garapen-proiektuetako aurrerapen nagusiak plazaratuko dira, eta arreta berezia ipiniko da gailu flotatzaileetan. Eguna amaitzeko, mahai-inguru bat izango da itsas energia berriztagarrien garapena azkartzeko ikerketa-premia eta -lehentasunei buruz eztabaidatzeko.

Astearen amaierara hurbiltzearekin batera, hilaren 23an, itsas energiei helduko die kongresuak. Lehen saio batean, itsaslaster-turbinetako azken aurrerapenak emango dira ezagutzera. Bigarren saioa uhinen energia baliatzeko gailuei buruzkoa izango da. Bi saio tekniko horien ondoren, alderdi teknologikoak, kostuak murrizteko bideak eta baimenak izapidetzeari buruzko alderdiak eztabaidatuko dira.

Asteari amaia emateko, hilaren 24an, zenbait bisita tekniko egingo dira. Haietan, bi dira nabarmentzekoak: Mutrikuko uhinen energia-zentrala eta bimep azpiegitura.

Mutrikuko uhinen energia-zentrala

Uhinen bidez energia elektrikoa sortzeko Mutrikuko instalaziora egingo den bisita teknikoarekin Europan aitzindaria den itsas instalazio hori ezagutzera eman nahi da. Energia-iturri hori gure hornikuntzarako bideragarria dela erakusten du Mutrikuko zentroak. Energia sortzeko uhinen energia aprobetxatzen duen Europako lehen instalazio komertziala da. OWC teknologia (ur-zutabe oszilatzailea) erabiltzen du horretarako. 296 kW-eko potentzia instalatu totaleko 16 turbina-ganbera dauzka.

Bimep

Bimepen ikerketa-zentrora bisita (Armintza). Teknologia-garatzaileek beren gailuak itsasoan probatzeko eta uneoro haien erantzuna jakiteko eta haien bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa aztertzeko behar dituzten elementu guztiak dauzka.

Halaber, bisita konbinatuak egingo dituzte Ormazabaleko instalazioetara, TECNALIAren InGRID eraikinera eta Bidelek Sareetara.

Itsasoaren ahalmena

Itsasoak energiaz hornitzeko ahalmen handia du itsas energia eolikoaren bidez, baina baita uhin-hargailuen bidez ere.  Energia elektriko berriztagarriaren sorkuntza berri horrek abantailak ditu, energetikoak zein ingurumenekoak, hala nola emisioak murriztea, eta, horrekin batera, aukera garrantzitsuak ditu euskal industriarako. Garapen teknologikoan lider diren enpresek aukera berriak dituzte lan-lerro gehigarriak zabaltzeko eta, aldi berean, Euskadin erabat sendoa den ontzigintzarekin sinergiak sortzeko. Energiaren nazioarteko sektorearen aukera horiek dagoeneko baliatzen hasiak dira Ipar Europako herrialdeak: itsas parke eolikoak ezartzen ari dira, eta sektore horri lotutako industria berri bat sortzen ari dira. Euskadik badu beharrezko teknologia- eta ontzigintza-azpiegitura itsas energiako proiektu horien ezarpenaren lidergoa hartzeko mundu osoan, eta balio-katea ere bai, bere ahalmen industrial eta teknologikotik eta osagaien fabrikazioan duen ahalmenetik eratorria.

SINAVAL EUROFISHINGen aurkezpena

Bilbao Marine Energy Week kongresua SINAVAL EUROFISHING Elite, Expo, Conferences & Networking Ontzi, Itsas eta Portuetako Industriaren Nazioarteko Azokaren testuinguruan izango da. Azoka apirilaren 21etik 23ra izango da, Bilbao Exhibition Centre-n. Azoka horretan izatea ezinbestekoa da sektoreko profesionalentzat.

40 jardunaldi eta bilera sektorialetik gora, nazioarteko erosleen, ontzigintza- eta energia-sektoreetako erakusleen eta erakunde kolaboratzaileen B2B topaketak, balio erantsi handiko bi ekitaldi sozial eta merkataritza-trukerako erakustoki bat eskaintzen ditu Sinaval/Eurofishing azokak. Foru dinamiko bat da, eta kalitatekoa, sektoreko profesionalek ekitaldi honetan parte hartzea erantsi handiko jarduera izatea lortzen duena.

Nabarmentzekoa da, halaber, iragarri dela Sinaval-Eurofishing Elite azokan Seychelle Uharteetako Natura Baliabideetako ministro Peter Sinonek parte hartuko duela, "Atunaren arrantzari buruzko akordioak" gaiari buruzko arrantza-jardunaldiak direla eta. Berarekin batera, Affairs and Markets DG-MAREko Nazioarteko zuzendari eta ICCATeko lehendakari Steefan Depypere-k eta Europar Batasuneko europarlamentari Izaskun Bilbaok hartuko dute parte. Horiek horrela, SINAVAL-EUROFISHING arrantza-sektoreko estatuko urteko topaketa nagusia izango da.

IBERDROLA itsas energien arloan

Iberdrola aitzindaria da itsas energia baliatzeko zenbait proiektu motaren garapenean. Sektore horretan, offshore energia eolikoa da haren negozioaren oinarria; arlo horretan dituen proiektuek 8.000 megawattetik gorako kapazitatea dute jadanik.

Enpresa era horretako ekimenak sustatzen ari da Europako iparraldean; zehazki, Erresuma Batuan, Alemanian eta Frantzian. Iaz abiarazi zuen bere lehen offshore parkea, 389 MW-ekoa: West Of Duddon Sands du izena.

Halaber, Wikingerko itsas parke eolikoa, 350 MW-ekoa, sustatzen ari da Baltikoaren uretan, eta oraintxe eskuratu du, ScottishPower Renewables Erresuma Batuko bere filialaren bidez, East Anglia One itsas parke eolikoaren eraikuntza, 714 MW-eko kapazitate instalatua izango duena.

Tecnalia Korporazio Teknologikoari buruz

Tecnalia Korporazio Teknologikoa 2001ean sortu zen, ingurune ekonomiko eta sozialaren garapenean laguntzeko helburuarekin, horretarako berrikuntza teknologikoa erabiliz eta sustatuz nazioartean.

Gaur egun, hiru bazkidek osatzen dute:  AZTI-Tecnalia, NEIKER-Tecnalia eta TECNALIA Research & Innovation.

Itun estrategiko bat zen, apustu honetatik sortua: ahaleginak batzea, talde handiagoa izateko eta horrek aukera emateko merkatuan lehiakortasun-maila gorenak lortzeko.

Hamar urte baino gehiagoko esperientzia dute itsas energien garapenean, eta hurrengo apustua itsaslasterretako teknologia izango da.

EEEri buruz

Eusko Jaurlaritzak 1982an sortu zuen Energiaren Euskal Erakundea (EEE), eta energia-politikaren oinarriak ezarri zituen. Energia-efizientzian, gure energia-iturriak dibertsifikatzean eta energia berriztagarriak sustatzean oinarritu dira, garrantzia garaiaren araberakoa izanik.

EEEk hasieratik garatu ditu Euskadin energia berriztagarriak gehiago aprobetxatzeko proiektuak. Horren erakusgarri dira erabilerarik ez zuten ur-jauziak berritzea eta martxan jartzea, parke eolikoak ezartzea eta eguzki-plaka termikoak eta fotovoltaikoak instalatzea. Horrez gainera, biomasa oso garrantzitsua izan da, eta Euskadin gehien erabiltzen den energia berriztagarria da. Energia-ustiapen berrien aldeko apustua etengabea da, itsas energien aldekoa, adibidez, eta Energiaren Euskal Erakundearen hurrengo urteetako lanaren jarraibideen parte dira.

Irudi galeria

Kontaktua

Marta Fernández

T. 902 760 000


WEBGUNEAREN TITULARRA

Tecnalia – Inspiring Business

BILATZAILEA



ORRI-OINA

© 2019 Tecnalia. Eskubide guztiak erreserbatuta.

Parque Científico y Tecnológico de Bizkaia. Astondo Bidea, Edificio 700. E-48160 Derio (Bizkaia). Tel.: 902.760.000 - Nazioarteko deiak: (+34) 946.430.850


NABIGAZIORAKO LAGUNTZAK: