NABIGAZIORAKO LAGUNTZAK:





ORRIALDEAREN EDUKI NAGUSIA

Tecnalia. Inspiring Business

Tecnalia. Inspiring Business

ORKESTRAk eta TECNALIAk sare elektrikoetako 150 aditu baino gehiago bilduko dituzte Bilboko Euskalduna Jauregian

2015.10.05

Jardunaldiak urriaren 7an eta 8an egingo dira Euskalduna Jauregian, eta sektore horretako aurrerapen teknologikoei, arautze eta negozio-eredu berriei buruzko zenbait alderdi landuko dituzte.

 

Hitzordu garrantzitsua da energia-industriarako, han ikusiko baitira sare elektrikoen azken aurrerapenak.

 

Sare elektrikoak energia-sistemaren oinarria dira, eta haietan dago —banaketa-sarean, bereziki—, sare-eredu adimendunago baterantz aurrera egiteko erronka. Hain zuzen, horrek argi uzten du zeinen garrantzitsua den analizatzea ekipamendu-ondasun elektrikoen industriak zer negozio-aukera eta zer perspektiba dituen alor horretan.

Gai horiei ikuspegi orokor batetik ekiteko, TECNALIAk eta ORKESTRA- Lehiakortasunerako Euskal Institutuko Energia Katedrak "Sare elektrikoak: teknologia, lehiakortasuna, erregulazioa eta negozio-eredu berriak" jardunaldiak antolatu dituzte aste honetako asteazken eta ostegunerako, urriaren 7 eta 8rako, Bilboko Euskalduna Jauregian. Zenbait herrialde eta alorretako adituak eta ikertzaileak elkartuko dira, ideiak trukatzeko eta teknikaren egoeraz eta elektrizitatearen sektoreko azken aurrerapenei buruz eztabaidatzeko, arreta berezia jarriz sare adimendunen bidean egiten ari den aurrerapenean.

Asteazkenean emango zaie hasiera jardunaldiei, parte-hartze hauekin: Emiliano López Atxurra, Orkestrako Energia Katedraren Patrono Batzordeko lehendakaria; LEI-Orkestrako Energia Katedra; Asís Canales, TECNALIAko lehendakariordea; eta Aitor Oregi, Eusko Jaurlaritzako Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioko zuzendaria. Egun horretako hitzaldiak "Banaketa elektrikoa eta arautze-ingurunea" eta "Estatuen arteko interkonexio elektrikoak eta offshore energia eolikoaren integrazioa" izango dira. Amaitzeko, InGRID laborategiak bisitatuko dituzte, hau da, TECNALIAk sare elektriko adimendunetarako ekipamendu elektrikoak ikertu, garatu eta ziurtatzeko dituen laborategi berriak. Ostegunean, hitzaldi hauek izango dira: "Automatizazioa, kontagailu adimendunak eta sarearen operazio aurreratua" eta "Baliabide banatuen integrazioa: sorkuntza banatua, eskaeraren kudeaketa eta metaketa".

 Jardunaldiek ABB, Arteche, Iberdrola, Ingeteam, Ormazabal eta ZIV-CG enpresen lankidetza dute, eta, besteak beste, enpresa eta erakunde hauetako adituen iritziak jasoko dituzte: Energiaren Euskal Erakundea, Espainiako Sare Elektrikoa, Merkatuen eta Lehiakortasunaren Batzorde Nazionala (CNMC), Gas Natural Fenosa, Schneider Electric, Toshiba Corporation, Siemens España, EDP, HC Energía, Endesa, Viesgo eta SINTEF Energy. María José Aranguren Orkestrako zuzendari nagusiak eta Joseba Jauregizar TECNALIAko zuzendari nagusiak emango diete amaiera jardunaldiei.

TECNALIAk eta ORKESTRAk lurraldearen lehiakortasunari laguntzeko egiten dituzten ahaleginak konbinatzen dituzte jardunaldiok; hala, espero da landutako gaiek baliagarriak izatea negozio-ereduan eta dimentsio ekonomiko eta arauketazkoan aurrera egiteko, teknologia horien garapena bermatu ahal izateko.

Orkestrari buruz

Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutua ikerketa-zentro bat da, Deustuko Unibertsitateari atxikia haren fundazioaren bidez, lehiakortasuna eta lurralde-garapena aztertzeko. Hiru helburu ditu: (1) Euskadiko lehiakortasuna hobetzen laguntzea; (2) herritarren ongizatea hobetzen sustatzea; (3) ezagutza sortzea eskualde-lehiakortasunaren arloan. 2006an sortu zen Orkestra, eta ikerketa eraldatzailea bultzatzen du, ezaugarri hauetan oinarritua: analisia, gogoeta, ebaluazioa eta planteatutako erronkak ebazteko erantzun berritzaileak ematera bideratutako ekintzak proposatzea.  Orkestrak finantzazio publiko-pribatua du, eta sare, enpresa, gobernu eta erakunde ugarirekin lanean dihardu askotariko proiektuetan, zeinek beti baitute lurraldearen ongizate ekonomiko eta soziala azken helburu gisa.

TECNALIAri buruz

TECNALIA Research & Innovation Espainiako ikerketa aplikatuko eta garapen teknologikoko zentro pribatu nagusia da, baita Europako nagusietako bat ere. Hogeita hamar herrialde baino gehiagotako 1.400 aditu ditu, eta guztiek dihardute ezagutza BPG bihurtzeko ahaleginean, gizakion bizi-kalitatea hobetzeko, enpresentzat negozio-aukerak sortuz. Eskutik doazen bi kontzepturen sintesia da Inspiring Business: imajinatzea eta gauzatzea. Horra TECNALIAren bereizgarria.

Irudi galeria

Kontaktua

Marta Fernández

T. 902 760 000


WEBGUNEAREN TITULARRA

Tecnalia – Inspiring Business

BILATZAILEA



ORRI-OINA

© 2019 Tecnalia. Eskubide guztiak erreserbatuta.

Parque Científico y Tecnológico de Bizkaia. Astondo Bidea, Edificio 700. E-48160 Derio (Bizkaia). Tel.: 902.760.000 - Nazioarteko deiak: (+34) 946.430.850


NABIGAZIORAKO LAGUNTZAK: