NABIGAZIORAKO LAGUNTZAK:





ORRIALDEAREN EDUKI NAGUSIA

Tecnalia. Inspiring Business

Tecnalia. Inspiring Business

TECNALIA eta ORE Catapult elkarlanean arituko dira itsas energia berriztagarriei buruzko ikerketan eta garapenean

2016.04.21

Europan lider diren bi ikerketa-zentrok elkarrekin lan egingo dute gorabidean den sektore horren erronka teknologiko giltzarri batzuei aurre egiteko

Offshore Renewable Energy (ORE) Catapult zentro britainiarrak eta TECNALIAk gaurtik aurrera (apirilak 20) elkarrekin lan egiteko konpromisoa hartu dute, itsas energia berriztagarrien ikerketa eta garapena sustatzeko.

Bi erakundeek lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute, itsas energien sektore sortuberriak dituen erronka teknologiko giltzarri batzuei ekingo dien I+Gko proiektuak egiteko. TECNALIA eta ORE Catapult Europako esparruan arituko dira lankidetzan, eta itsasoko energia eolikoari eta beste energia-iturri berriztagarri batzuei –esaterako, olatuei eta itsasoko korronteei– lotutako teknologietan dituzten saiakuntza- eta frogapen-gaitasunak partekatuko dituzte, saiakuntza-gaitasunak hobetzeko eta bi erakundeek errazago baliatzeko bata bestearen azpiegiturak.

Alderdi hauei buruzko ezagutzak trukatuko dituzte: HVDC teknologiak (energia elektrikoa goi-tentsioko korronte zuzen bidez transmititzea), euri-higaduraren saiakuntza-metodologiak, higaduretatik babesteko estalduretarako teknologiak eta neurtze-teknikak.

Bi erakundeetako ordezkariek dagozkien kontseilu eta aholkularitza-taldeetan parte hartuko dute, modu gurutzatuan, elkarri lagunduz arlo kritiko batzuk identifikatzen eta lehenesten, zeinetan ikuspegi berritzaileek bizkortu baitezakete itsas energia berriztagarrien ezarpen-kostuen murrizketa.

ORE Catapulteko Berrikuntza eta Ikerketako zuzendari Ignacio Martí Pérezek hau adierazi du: “ORE Catapult itsas energia berriztagarriei buruzko lankidetza industriala eta berrikuntza teknologikoa sustatzeko ezarri da, eta jardunbide egokiak eta ezagutzak trukatzeko”.

“TECNALIArekin lankidetzan arituta, mugaz gaindiko berrikuntza bizkortzeko ikerketa eta garapen teknologikoko nazioarteko jardunbide egokiak garatu ahal izango ditugu. Ezagutza-truke horren onuraduna, azkenik, itsas energia berriztagarrien industria osoa izango da, eta lagunduko du itsasoko energia eolikoaren kostua murrizten”.

Luis Pedrosa TECNALIAko Energia eta Ingurumeneko zuzendariak hau adierazi du: “TECNALIAk itsas inguruneko energia-iturri berriztagarrien aldeko apustua egiten du, uste baitu hazkunde ekonomiko jasangarri bat izaten eta enplegu egonkorra sortzen lagunduko duen etorkizuneko sektorea dela”.

“Uste dugu ikerketak, garapenak eta berrikuntzak funtsezko zeregina izan dezaketela beste energia-iturri batzuen aldean lehiakorrak diren teknologiak lortzeko. Hitzarmen honen bidez, ezagutza, esperientziak eta instalazioak partekatuz, TECNALIAk eta ORE Catapultek zuzenenean lagunduko diote energia-industriari itsasoak dituen onurak aprobetxatzeko, oso energia-baliabide handia baita. Gure lankidetzak itsas energia berriztagarrien industria sustatuko du”.

Erresuma Batuak Espainian duen enbaxadore Simon Manley-k hau adierazi du: “Plazera izan zen iaz TECNALIA bisitatzea ORE Catapult-ekin, eta are plazer handiagoa da hitzarmen hau bisita hartatik sortu izana. Pozik gaude Erresuma Batuaren eta Espainiaren artean I+Gko lankidetza babesteaz; hain zuzen, Enbaxadaren lehentasunetako bat hori da. Espero dugu hau munduan teknologia horietan lider diren bi zentro teknologikoon arteko arrakasta-zerrenda luze baten lehenengoa izatea.”

Iberdrolako Itsas Energien Saileko zuzendari nagusi eta ORE Catapult-en Aholkularitza Talde Industrialeko lehendakariak, Jonathan Colek, hau adierazi du: “Bai Erresuma Batua, bai Espainia, munduan liderrak dira itsas energia berriztagarrietan, eta bi ikerketa-zentro liderren lankidetza-hitzarmen honek atea irekitzen dio karbono-emisio gutxiko energia eskuragarri baten banaketa ziurtatuko duen aldaketa bati”.

Irudi galeria

Kontaktua

Marta Fernández

T. 902 760 000


WEBGUNEAREN TITULARRA

Tecnalia – Inspiring Business

BILATZAILEA



ORRI-OINA

© 2019 Tecnalia. Eskubide guztiak erreserbatuta.

Parque Científico y Tecnológico de Bizkaia. Astondo Bidea, Edificio 700. E-48160 Derio (Bizkaia). Tel.: 902.760.000 - Nazioarteko deiak: (+34) 946.430.850


NABIGAZIORAKO LAGUNTZAK: