NABIGAZIORAKO LAGUNTZAK:





ORRIALDEAREN EDUKI NAGUSIA

Tecnalia. Inspiring Business

Tecnalia. Inspiring Business

Garraioan eta industrian materialek izango duten erabilera aztergai, Donostian, 260 adituk

2017.06.19

Kursaal Biltzar Jauregian, ekainaren 21etik 23ra

Mondragon Unibertsitateak, TECNALIAk eta AEMAC Material Konposatuen Espainiako Elkarteak antolatu dute MATCOMP2017, Material Konposatuei buruzko XII. Biltzar Nazionala

2017ko ekainaren 19a. Europar Batasunean, garraio-sektoreak igortzen du berotegi-efektuko gasen laurdena, gutxi gorabehera. Gainera, sektore horrek du, 1990eko emisio-mailekin alderatuta, emisioen hazkunde-tasarik handiena. Emisioak urritzeko bide nagusietako ibilgailu arinagoak egitea da. Adibidez, auto baten pisua % 10 txikiagotuta, erregaiaren kontsumoak % 7 egin lezake behera. Horrenbestez, kontua da automobilgintzan ibilgailu arinagoak egiteko material berriak garatzea, hegazkingintzan dagoeneko egin den bezala. Horri erantzuteko, teknologia garatu nahi da; batetik, arintasunari dagokionez, autoak hegazkinak bezala egiteko, eta, bestetik, lehiakortasunari dagokionez, hegazkinak autoak bezala egiteko.

MATCOMP2017 Material Konposatuen XII. Biltzar Nazionalaren helburua material horien etorkizuna aztertzea izango da. Donostiako Kursaal Auditoriumean egingo da Biltzarra, Mondragon Unibertsitateak, TECNALIA ikerketa eta garapen teknologikoko zentroak eta AEMAC Material Konposatuen Espainiako elkarteak antolatua, ekainaren 21etik 23ra. 260 aditu baino gehiago jardungo dira material konposatuen alorreko azken ikerketak eta teknologia berritzaileak aurkezten; azalduko dute, orobat, zertarako eta zer neurritan erabiltzen diren material horiek zenbait sektoretan, hala nola garraioan, automobilgintzan, hegazkingintzan, trengintzan, eta makina-erremintan.

Bestalde, zazpi estandeko erakusketa bat ere izango da MATCOMP2017n. Haietan, ikusgai izango dira tren-bagoi baten egitura, gaur egun aluminioz altzairu herdoilgaitzez egiten diren zatiak material konposatuz ordezkatuta; hegazkin baten lurreratze-trena, fabrikazio-kontzeptu berritzaile batekin egina; grafenozko abionika-kutxa bat (grafenoa, etorkizuneko materiala); automobilgintzan ibilgailuak arintzeko erabiltzen diren teknologia berriekin fabrikatutako ibilgailu-pieza bat; eta karbono-zuntzezko bizikleta-koadro bat.

Hitzaldiak

MATCOMP2017n, lau hitzaldi emango dira material konposatuen fabrikazio-prozesuei buruz. Prozesu horien optimizazioaren eta automatizazioaren ikuspegi industriala azalduko da hitzaldietan, baita lehengaiek zer garrantzi duten ere. Biltzarraren lehen egunean, Aernnovako Miguel Angel Castillok “Aernnovak Europako Cleansky 2 (H2020) proiektuan dituen garapen teknologikoak” hitzaldia emango du. Twenteko Unibertsitateko Baran doktoreak, berriz, bere ikuspegi zientifikoa emango du “How to overcome challenges in reliable composite manufacturing” (“Nola gainditu material konposatu fidagarrien fabrikazioko zailtasunak”) hitzaldian.

Biltzarraren bigarren egunean, Fill enpresako Wilhelm Rupertsberger izango da hizlari. Gaia: “4 x 4 Strategy - Base for Automation in Composite Manufacturing” (“4 x 4 estrategia. material konposatuen fabrikazioa automatizatzeko oinarriak”). Hirugarren eguneko hitzaldia, azkenik, SGL Group taldeko Andreas Erberrek emango du: “Composite intensive lightweight design in automotive – today and tomorrow” (“Intentsiboki erabiltzeko konpositeen diseinu arindua automobilgintzarako; gaur egungo egoera, eta etorkizunekoa”).

Mahai-inguruak

Jardunaldi bakoitza mahai-inguru batekin amaituko da, eta, hala, ideien eta beharren berri emango diote elkarri Espainiako material konposatuen sektoreko enpresari, teknikari eta zientzialariek.

Lehenengo mahai-inguruak automobilgintza izango du hizpide, bolumen global handienetakoa duen eta industriako BPGean eragin handiena duen sektorea hain zuzen ere. Aplikazioak eta prozesu automatizatu malguen bidezko fabrikazioa izango dira mahai-inguru horren eztabaidagai nagusiak, eta, orobat, ibilgailuaren pisua nola arindu. Parte-hartzaileak, berriz, ACICAE (Euskadiko automobilgintzako klusterra), BATZ eta GESTAMP enpresak eta Mondragon Unibertsitatea.

Bigarren mahai-ingurua hegazkingintzari buruzkoa izango da; haren izenburua, berriz, "Hegazkin komertzialetan erabiltzen diren konpositeek 45 urteko eboluzioa izan dute. Zer erronka berriri egin behar diete aurre orain?”. AIRBUS, AERNNOVA, CARBURES, Ikerketa Fundazioa, DIDAMC (Material Konposatuen Garapena eta Aplikazioa) eta TECNALIAko ordezkariak mintzatuko dira mahai-inguruan, eta material konposatuen erabilera zabalena izan duen sektorea aztertuko dute.

Azken mahai ingurua makina-erremintaren eta ekipo-ondasunen sektoreari buruzkoa izango da. Izenburua: “Ekipo- eta automatizazio-ondasunen ekoizleen zailtasunak eta aukerak”. DANOBATek, MTORRESek, FAGOR ARRASATEk, AFMk (Makina Erreminten, Osagarrien, eta Tresnen Fabrikatzaileen Espainiako Elkarteak) eta TECNALIAk izango dituzte ordezkariak mahai-inguru horretan.

Programa osoa: http://www.matcomp2017.com/

MONDRAGON UNIBERTSITATEAri buruz

MONDRAGON UNIBERTSITATEA unibertsitate kooperatibo bat da, MONDRAGON korporazioko kidea, eta gizarte-ekimenez sortua; besteak beste, alor hauetan jarduten da: unibertsitate-heziketa (lau alorretan: enpresa-kudeaketa eta ekimena, ingeniaritza eta zientzia, gastronomia eta ikus-entzunezko hezkuntza eta komunikazioa), profesionalen trebakuntza eta ezagutza transmititzeko ikerketa. Gizartea eraldatzea du xede Mondragon Unibertsitateak, pertsonen hezkuntza integralaren bidez eta ezagutza sortuz eta transferituz.

AEMACi buruz

 

AEMAC (Material Konposatuen Espainiako Elkartea) irabazi-asmorik gabeko erakunde bat da, 1993an sortua, eta material konposatuen alorreko jardueretan dabiltzan enpresa, ikerketa-zentro, unibertsitate eta profesionalez osatua.

TECNALIAri buruz

Ikerketa eta garapen teknologikoko zentro bat da TECNALIA, erreferentziakoa Europa osoan. Hogeita hamar herrialdetako 1.400 aditu ditu, guztiak ere teknologia BPG bihurtu eta gizakion bizi-kalitatea hobetzen biziki saiatzen direnak, enpresentzat negozio-aukerak sortuz. 

Kontaktua

Antonio Bardasco

T. 902 760 000


WEBGUNEAREN TITULARRA

Tecnalia – Inspiring Business

BILATZAILEA



ORRI-OINA

© 2018 Tecnalia. Eskubide guztiak erreserbatuta.

Parque Científico y Tecnológico de Gipuzkoa. Mikeletegi Pasealekua 2. E-20009 Donostia-San Sebastián (Gipuzkoa). Tel.: 902.760.000 - Nazioarteko deiak: (+34) 946.430.850


NABIGAZIORAKO LAGUNTZAK: