NABIGAZIORAKO LAGUNTZAK:





ORRIALDEAREN EDUKI NAGUSIA

Tecnalia. Inspiring Business

Tecnalia. Inspiring Business

IBARMIAk, EHUk eta TECNALIAk industriarako 3D inprimaketako makinarik handiena aurkeztu dute

2015.11.04

Haren bidez, pieza metaliko handiak sor daitezke zerotik hasita eta doitasun handiz amaitu, baita, adibidez, automobilgintzarako eta aeronautikarako balio handia duten piezak konpondu ere. Horrelako ezaugarriak dituen makina-erreminta bakarra da Espainian.

Ezagutzaren, teknologiaren eta enpresa-alorreko eragile batzuen arteko lankidetzari esker, makina hau dagoeneko merkatuan dago, 9 hilabeteko epe laburrean.

Euskadi orain ere buru da industria-sareari aplikatutako I+G+Ban. Enpresak lehiakorragoak izatea da helburua, bai produktibitatea hobetuz, bai produktu berriak sortuz. EAEko IBARMIA makina-erremintaren fabrikatzailearen, Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) eta TECNALIA ikerketa-zentroaren arteko lankidetzaren ondorioz sortu da makina hau: industriarentzat 3D "inprimaketa" bidezko fabrikazioa eta doitasunezko mekanizazioa konbinatzen dituen Espainiako lehen makina.

Gaur aurkeztu dute, Donostian, Koldo Arandia IBARMIAko zuzendari nagusiak, Amaia Maseda EHUko Hedakuntzaren eta Transferentziaren arloko errektoreordeak eta Iñaki San Sebastian TECNALIAko zuzendari nagusi ondokoak; eta han izan da Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua ere.

ADD+PROCESS izena du makinak, eta industria goitik behera alda dezake, oraindik ezagutzen ez ditugun aukerak zabalduko baititu diseinuaren eta fabrikazioaren alorretan. Potentzial eta ibilbide handiko teknologia da, zerotik hasita pieza bukatu bat lortzen duen ekoizpen-zentro autonomo bihurtzen baita makina. Dimentsio handiko prototipoak eta piezak fabrikatu ditzake—1,6 m-ko luzerainokoak—, bai eta, adibidez, automobilgintza, aeronautika, oil&gas eta makina-erremintaren sektoreetan balio handia duten piezak konpondu ere.

Horretarako, laser bidez gehitzeko teknologiak erabiltzen ditu, eta piezak eskala handian fresatu eta torneatu ere egin ditzake. Materiala eskala mikrometrikoan manipulatzen du, eta doitasunez jalkitzen, solido bat eraiki arte. Hala, material-bloke batetik abiatuta nahi den pieza lortu arte mekanizazio intentsibo bidez soberako material guztia kentzen duten prozesu tradizionalen ordez erabil daiteke.

Ohiko teknologiekin alderatuta, oso material gutxi erabiltzen da gehikuntzako teknologian, eta, horren ondorioz, materialetan eta energian aurrezten da; batzuetan, % 60raino. Gainera, materiala mikroeskalan manipulatuta, gainditu egin daitezke ohiko fabrikazioak gaur egun diseinuan ezartzen dituen mugak; hala, orain arte fabrikatu ezin ziren geometria, testura eta xehetasunak dituzten piezak fabrikatu daitezke. Horrez gain, teknologia hori aurrerapen handia da, adibidez, segurtasuna kritikoa den sektoreetan pieza jakin batzuk sortzeko —aeronautikan, besteak beste— .

Lankidetza-eredu bat

Garapen honek argi erakusten du zer apustu egin duten proiektuan parte hartu duten hiru erakundeek Euskadiko RIS3 espezializazio adimenduneko estrategiaren lehentasunen alde, fabrikazio aurreratuaren alde kasu honetan. Horrez gain, proiektuak balio du erakusteko zer onura dituen ezagutzaren, teknologiaren eta enpresa-alorreko eragileen arteko lankidetzak. Hain zuzen, lankidetza horri esker dago makina hau dagoeneko merkatuan, eta horri esker lortu du IBARMIA ETEak erreminta hori 9 hilabeteko epe laburrean egitea.

ADD+PROCESS makina aurreko EMO azokan aurkeztu zen, Milanen, eta arrakasta handia izan zuen. Orain, enpresen eskura egongo da TECNALIAren instalazioetan, Donostiako Parke Teknologikoan, in situ egiaztatzeko zer aplikazio izan ditzakeen sektore industrialetan. Horrez gainera, aukera emango du gehikuntzako fabrikazio-prozesuak hobetzearekin, materialen portaera aztertzearekin eta aplikazio berriak garatzearekin lotutako I+G+Bko zereginekin jarraitzeko.

Garapen-proiektuak Eusko Jaurlaritzaren laguntza jaso du, SPRik kudeatzen duen Basque Industry 4.0 programaren bidez, eta Ekonomia eta Lehiakortasuneko Ministerioarena, 2015eko Lankidetza Erronkak programaren bidez.

3D inprimaketa bidezko fabrikazioa, etorkizuneko teknologia.

3D inprimaketa edo gehikuntza bidezko fabrikazioa (AM: Aditive Manufacturing) gure bizi-kalitatea hobetzeko, ekoizpen-sarea eraldatzeko eta planeta babesten laguntzeko gaitasunik handiena duten hamar teknologien zerrendan dago World Economic Forum-en arabera, eta badirudi hainbat alor eta jarduera-sektoretan fabrikazio-prozesuak aldatuko dituen teknologia dela. Gainera, Industry 4.0 estrategiari oinarria ematen dion funtsezko teknologietako bat da. Mundu osoan ari dira lanean estrategia horretan, eta Euskadi ere bere ibilbidea zehazten ari da.

Bere izenak dioen bezala, gehikuntzako fabrikazioa fabrikazio "kentzailea"ren aurkakoa da, hau da, ekoizteko modu tradizionaletako bat: material-zati batetik abiatzen da (zura, metala, harria, etab.), eta geruzak kentzen dira nahi den forma lortu arte. Gehikuntzako fabrikazioa, ordea, hiru dimentsioko forma bat eraikitzen duen hari- edo hauts-formako material batetik abiatzen da, eta material urtu hori eredu digital bat oinarri hartuta jalkitzen da. Hala, 3D produktuak asko pertsonaliza daitezke azken erabiltzaile bakoitzarentzat, eta hori ez da gertatzen produktuak eskala handian fabrikatzean.

IBARMIAri buruz

IBARMIA jatorriz familia-enpresa bat da, eta 1953az geroztik makina-erreminta fabrikatzen du, Azkoitian, Gipuzkoan. Gaur egun, bost ardatzetako eta prozesu anitzeko mekanizazio-zentroak —mahai finko eta zutabe mugikorrekoetan nahiz errototranslazio-mahaietan— diseinatzen, muntatzen eta saltzen ditu, eta haiei buruzko laguntza ematen du. 90 laguni ematen dio lana, eta bere ekoizpenaren % 80 esportatzen du. Bezeroaren eskakizunetara egokitzeko duen gaitasuna da haren esloganaren oinarria: zure makina-erreminta puntua.

EHUri buruz

 Euskal Herriko Unibertsitatea EAEko goi-mailako hezkuntzako erakunde nagusia da, eta EAEko publiko bakarra. Hiru campus ditu, bat EAEko lurralde bakoitzean, eta 32 zentro. 45.000 ikasle inguru ditu, 70 gradu-titulazio eta graduondoko 150 programa eskaintzen ditu, eta berak egiten du Euskadin egiten den ikerketaren % 60. Euskararen alde egin duen apustu irmoari esker, ikasgai gehienak bai gaztelaniaz bai euskaraz ikas daitezke gaur egun. Haietaz gain, beste hizkuntza batzuk ere erabiltzen dira; batez ere, ingelesa. Euskampus proiektua, handinahirik handienetako bat haren historian, Nazioarteko Bikaintasun Campus gisa sailkatua izan zen 2010ean; EHU Europako unibertsitate onenen artean kokatzea da haren asmoa.

TECNALIAri buruz

TECNALIA Research & Innovation Espainiako ikerketa aplikatuko eta garapen teknologikoko zentro pribatu nagusia da, baita Europako nagusietako bat ere. Hogeita hamar herrialde baino gehiagotako 1.400 aditu ditu, eta guztiek dihardute ezagutza BPG bihurtzeko ahaleginean, gizakion bizi-kalitatea hobetzeko, enpresentzat negozio-aukerak sortuz. Eskutik doazen bi kontzepturen sintesia da Inspiring Business: imajinatzea eta gauzatzea. Horra TECNALIAren bereizgarria.

Irudi galeria

Kontaktua

Marta Fernández

T. 902 760 000


WEBGUNEAREN TITULARRA

Tecnalia – Inspiring Business

BILATZAILEA



ORRI-OINA

© 2018 Tecnalia. Eskubide guztiak erreserbatuta.

Parque Científico y Tecnológico de Gipuzkoa. Mikeletegi Pasealekua 2. E-20009 Donostia-San Sebastián (Gipuzkoa). Tel.: 902.760.000 - Nazioarteko deiak: (+34) 946.430.850


NABIGAZIORAKO LAGUNTZAK: