NABIGAZIORAKO LAGUNTZAK:





ORRIALDEAREN EDUKI NAGUSIA

Tecnalia. Inspiring Business

Tecnalia. Inspiring Business

BCAM, EHU ETA TECNALIA ERAKUNDEEK BAT EGIN DUTE BIG DATA ETA ZIBERSEGURTASUNEKO APLIKAZIOETAN AURRERA EGITEKO

2016.10.21

BILBOKO INGENIARITZA ESKOLAKO (BIE) TECNALIA GELAREN ESPARRUAN GARATUKO DA EKIMENA

CAMek (Basque Center for Applied Mathematics), TECNALIA ikerketa aplikatuko eta garapen teknologikoko zentroak eta Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) sinatu duten lankidetza-hitzarmenak helburu hau du: Big Dataren eta zibersegurtasunaren ikerketan eta aplikazioetan aurrera egiteko zenbait sektoretako sinergiak aprobetxatzea, hala nola komunikazio, osasun, industria eta energiaren sektorekoak. Bilboko Ingeniaritza Eskolako (BIE) TECNALIA gelan garatuko da ekimena.

Hauek sinatu dute hitzarmena: Luis Vega González BCAMeko zuzendari zientifikoak, Iñaki San Sebastián TECNALIAko zuzendari nagusiak, Enrique Amezua Bilboko Ingeniaritza Eskolako zuzendariak eta Eduardo Jacob EHUko Komunikazioen Ingeniaritza Saileko (KIS) koordinatzaileak.

Joint Research Lab izeneko ekimena da, eta haren helburua da aldeen arteko ikerketa-loturak indartzea, sinergiak aprobetxatzeko eta Big Data eta zibersegurtasunaren alorretan masa kritikoak lortzeko, enpresek gero eta eskaera gehiago egiten baitituzte alor zientifiko-teknologiko horietan. Ekoizpen zientifikoa handitu nahi da, doktoretza, inpaktuzko argitalpen eta elkarrekin garatutako patenteei dagokienez, baita enpresa-sareari eragiten dieten erronken inguruko lankidetza-alorrak identifikatu ere.

Gainera, Joint Research Lab ekimenak, sorreratik, hazteko eta beste eragile eta jarduera-eremu batzuetara zabaltzeko asmoa du, ikerketaren emaitzek eragin handiagoa izan dezaten.

TECNALIA gelak 15 urte

Ekimen berri honen bidez, TECNALIA gelak bere ikerketa-jarduera zabaltzen du, Komunikazioen Ingeniaritza eta eredu matematikoen eta datu-tratamenduen garapenari lotutako interes komuneko arloak sartuz.

TECNALIA gela 2001ean sortu zen, helburu honekin: Ingeniaritza Eskolarekin lankidetza sustatzea arlo zientifiko-teknikoan, I+G+Bko jardueretan elkarrekin parte hartuz eta ikertzaileen trebakuntza partekatuaren eta etengabekoaren bidez. 15 urte horietan, 210 ikaslek egin dute karrera-amaierako proiektua gela horretan.

Hitzarmena sinatzeko ekitaldian bertan, TECNALIA gelak diplomak entregatu dizkio bere hamabosgarren promozioari. Promozio hori masterreko 18 ikaslek osatzen dute,  eta master-amaierako 18 proiektu horietan 9.000 ordu inguru inbertitu dituzte ikasleek eta inpaktuzko 10 argitalpen sortu dituzte. EHUko eta TECNALIAko ikertzaileek zuzentzen dituzten bost doktoretza-tesi daude martxan, eta 2 patente ari dira aztertzen, besteak beste.

Efizientzia energetikoari, itsasoko energiari, ibilgailu elektronikoei eta fabrikazio aurreratuko sistemei lotutako arazoak konpontzen lagundu dute proiektuok.

BCAMi buruz

Ikertzaile kualifikatuen talde batek eta nazioarteko bikaintasun-sare batek osatutako talde honek nazioartean erreferentzia-zentro bihurtu nahi du matematika aplikatuen alorrean, aurrerapen zientifikoak eta teknologikoak sustatuz mundu-mailan. Matematika aplikatuetan goi-kalitateko diziplina arteko ikerketa garatzea du xede, gizartearen onurarako.

TECNALIAri buruz

Ikerketa aplikatuko eta garapen teknologikoko zentroa, teknologia BPG bihurtzea xede duena.  Nazioarte mailan bikaintasuna aitortzen zaion zentroa??, tokiko industrian eragin handia duena. EHUrekin eta DIPCekin EUSKAMPUS Nazioarteko Bikaintasuneko Campusaren proiektuan parte hartzen du. Helburu hau du Campus proiektuak: bere bazkide guztien laguntzarekin Euskal Herriko Unibertsitatearen modernizazio- eta nazioartekotze-prozesua indartzeko eta bizkortzeko jarduerak diseinatzea, koordinatzea eta gauzatzea.

BIEri buruz

EHUren zentroa izanik, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko kide da EAEko administrazio publikoak aitortutako agente zientifiko eta teknologiko gisa. BIEk ikerketa aplikatua eta enpresekin adostua egiten dute ingeniaritzaren eta teknologiaren zenbait alorretan. Teknologiaren eta ezagutzaren transferentzia-zentro gisa (edo I+G+Bko zentro gisa) dihardu, beraz, eta nabarmen posizionatzen da ikerketa aplikatuko eta berrikuntza teknologikoko jardueretan.

EHUko Komunikazioen Ingeniaritza Sailari buruz

Helburu hauek ditu, besteak beste: Telekomunikazioen Ingeniaritzako eta beste alor batzuetako profesionalak unibertsitatean irakasle aritzeko trebatzea eta prestatzea, ingurune sozialaren eskaeren arabera; ezagutza teknologikoa, zientifikoa eta kulturala sortzea eta transmititzea, haren kritika egitea, eta haiek ingurune sozialean duten eragina aztertzea; garapen ekonomikoa eta teknologikoa bultzatzea bai ikerketa propioaren bidez eta bai bestea irakaskuntza-unitate batzuekin, administrazio publikoekin, enpresekin, elkarte profesionalekin eta beste erakunde batzuekin egindako ikerketaren bidez; haiekin elkarlanean aritzea proiektuetan, eta jarduneko profesionalen ezagutzak eguneratzea etengabeko trebakuntzaren bidez.

Irudi galeria

Kontaktua

Marta Fernández

T. 902 760 000


WEBGUNEAREN TITULARRA

Tecnalia – Inspiring Business

BILATZAILEA



ORRI-OINA

© 2019 Tecnalia. Eskubide guztiak erreserbatuta.

Parque Científico y Tecnológico de Bizkaia. Astondo Bidea, Edificio 700. E-48160 Derio (Bizkaia). Tel.: 902.760.000 - Nazioarteko deiak: (+34) 946.430.850


NABIGAZIORAKO LAGUNTZAK: