NABIGAZIORAKO LAGUNTZAK:





ORRIALDEAREN EDUKI NAGUSIA

Tecnalia. Inspiring Business

Tecnalia. Inspiring Business

EAEko 20 enpresa TECNALIArekin lanean ari dira itsasoko energiak aprobetxatzeko negozio-aukerak garatzeko

2016.06.09

Aurreikuspenen arabera, itsasoko energia eolikoak urtean 20.000 milioiko negozioa sortuko du 2020. urtean

Zentro teknologikoak offshore energiaren ahalmena aztertu du Perspectives 2016 foroan, Adwen, Iberdrola, Nautilus eta Vicinay Marine Innovación-en eskutik

Uste da itsasoko energiak etorkizuneko energia izango direla. Itsasoko energia eskala handian aprobetxatuz gero, munduko energia-beharren parte handi bat hornituko litzateke, eta horrek negozio-aukera ugari sortzen ditu enpresentzat. Energia Eolikoaren Europako Elkartearen (European Wind Energy Association – EWEA) datuen arabera, Europan offshore energia eolikoaren merkatua 20.000 milioi eurokoa izango da 2020. urtean.

Offshore energiaren ahalmena aztertzeko, TECNALIA ikerketa-zentroak Perspectives 2016 foroa egin du gaur Bilbon: “Industria eta teknologia: energiaren aukerak itsasoan”. Foroan, nabarmendu da Euskadik posizio pribilegiatua duela alor horretan munduko eskualde liderretako bat izateko, bere industria-sareari, I+G+Bko gaitasunei eta azpiegiturei esker.

I+G+Ba tresna ezinbestekoa izango da offshore energia eolikoaren eta itsasoko beste energia berriztagarri batzuen erronka teknologikoak gainditzen laguntzeko, hala energia-kostu lehiakor bat bihurtzeko behar den kostu-murrizketa lortzeko. TECNALIA duela 10 urte baino gehiago hasi zen aerosorgailuak itsasora eramateko lanean, eta gaur, erreferentea da olatuen energia eta itsasoko baliabide eolikoa aprobetxatzeko gailuen garapenean, sakonera handiko eremuetan batez ere, non itsaso gaineko irtenbideak protagonista bihurtu diren. Hamar urte horietan, Eusko Jaurlaritzaren laguntza jaso du, Teknologiaren Euskal Sareko beste eragile batzuekin lankidetzan ikerketa aplikatuko proiektuak garatzeko. Gaur egun, itsasoko energiei buruzko 20 bat proiektutan dihardu, EAEko 20 enpresarekin eta Europako beste 20 erakunderekin lankidetzan, urtean, gutxi gorabehera, 3 milioi euroko balioarekin.

Benetako irtenbideak itsasoko energientzat

Azken hamarkadan egindako lanaren emaitza gisa, TECNALIAk dagoeneko sistemen eta osagai laguntzaileen lau patente transferitu ditu industriara, BiMEPen saiakuntza-eremuan (Armintza) itsasoko laborategi bat martxan jartzeko lanean dihardu, enpresek energia-instalazioetarako (berriztagarriak, petrolioa eta gas naturala...) materialak eta osagaiak ingurune zailetan probatu eta baliozkotu ditzaten, eta sektorerako zenbait ekimen aitzindaritan parte hartzen du, hala nola OCEANTECen eta NAUTILUSen.

BiMEP (Biscay Marine Energy Platform) itsasoko energiako gailuak probatzeko itsas zabaleko azpiegitura bat da, Euskal Energiaren Erakundeak (EEE) sustatua eta garatua. Energiaren Euskal Erakundeak, merkaturatu aurretiko erosketa publikoko prozesu baten bidez, 2.500.000 € bideratu ditu olatuen energia biltzeko itsas gaineko prototipo bat garatzeko. Oinarri teknologikoko OCEANTEC Energías Marinas enpresak garatu du prototipoa, BiMEPen jarriko da martxan, eta sarera aurten bertan konektatutako da.OCEANTEC enpresa TECNALIAren eta IBERDROLAren lankidetzaren ondorioz sortu zen, eta Espainian lehena izan zen olatuen energia biltzeko prototipo bat itsasoan probatzen.

NAUTILUS Floating Solutions, berriz, ASTILLEROS DE MURUETA, TAMOIN, VELATIA eta VICINAY MARINE INNOVACIÓNek osatutako partzuergo industrial baten ondorioz sortu zen, eta TECNALIAren ekarpen teknologikoarekin ur sakonetako offshore energiarako itsaso gaineko irtenbideak garatzen ari da. Kontzeptua 2014an probatu zen eskala txikian, eta gaur egun, 2018ean prototipo bat operatibo izateko lanean ari dira. Espero da une horretatik aurrera, inpaktu handia izango duela tokiko industrian, non 100 lanpostu berri sortuko baitira lehenengo bost jarduera-urteetan.

Horrez gainera, nazioarteko aliantzetan parte hartzen du TECNALIAk, alor horretako ezagutza-transferentzia bultzatzeko. Zehazki, lankidetza-hitzarmen bat sinatu du Britainia Handiko Offshore Renewable Energy (ORE) Catapult zentroarekin, itsasoko energia berriztagarriak ikertzeko eta garatzeko, eta alderdi hauei buruzko ezagutza trukatzeko: itsas parkeetako energia husteko teknologiak, esaterako, HVDCa (energia elektrikoa goi-tentsioko korronte zuzen bidez transmititzea), euri-higaduraren saiakuntza-metodologiak eta higaduretatik babesteko estalduretarako teknologiak.

Perspectives 2016 foroa

Perspectives 2016 foroa, “Industria eta teknologia: energiaren aukerak itsasoan” Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko eta Lehiakortasuneko sailburuak eta Javier Ormazabal TECNALIAko lehendakariak inauguratu dute, eta hainbat enpresa eta erakundek parte hartu dute, hala nola sektorean lider diren EAEko Iberdrola, Adwen eta Vicinay enpresek, zenbait enpresa berrik —Nautilus, adibidez— eta munduan erreferente diren batzuk —ORE Catapult britainiarra eta SINTEF norvegiarra, besteak beste—.

Foroa amaitzeko, omenaldia egin zaio 2011n sortu zenetik TECNALIAren zuzendari nagusi izan den Joseba Jauregizarri, zeina “TECNALIAko enbaxadore” izendatu baitute, haren ibilbide profesionalagatik eta TECNALIA proiektuari eman dion guztiagatik. Iñaki San Sebastián zuzendari nagusi berriak eman dio amaiera Perspectives 2016 ekitaldiari.

Irudi galeria

Kontaktua

Marta Fernández

T. 902 760 000


WEBGUNEAREN TITULARRA

Tecnalia – Inspiring Business

BILATZAILEA



ORRI-OINA

© 2019 Tecnalia. Eskubide guztiak erreserbatuta.

Parque Científico y Tecnológico de Bizkaia. Astondo Bidea, Edificio 700. E-48160 Derio (Bizkaia). Tel.: 902.760.000 - Nazioarteko deiak: (+34) 946.430.850


NABIGAZIORAKO LAGUNTZAK: