NABIGAZIORAKO LAGUNTZAK:





ORRIALDEAREN EDUKI NAGUSIA

Tecnalia. Inspiring Business

Tecnalia. Inspiring Business

Euskadiko enpresekiko jarduera % 50 baino gehiago handitzea ezarri du helburu gisa TECNALIAk

2015.12.02

Plan estrategiko berriaren arabera —gaur onartu da—, 1.000 milioi eurotik gorako ekarpena egingo du Euskadiko BPGan.

2015eko abenduaren 2an TECNALIA Research & Innovation Fundazioko patronatuko bilerara bertaratutakoak

TECNALIA ikerketa-zentroak gaur onartu du plan estrategiko berria, 2020ra bitarteko bere jarduera gidatuko duena, eta onartu du, halaber, Iñaki San Sebastian izendatzea 2016ko martxotik aurrera Joseba Jauregizar ordezkatzeko.

Horrela, 2011z geroztik duen estrategiari jarraitzen dio Tecnaliak. Aldi horretan, bazkide teknologiko gisa duen zeregina bete du, funtsezkoa enpresa-sarearen lehiakortasunerako, eta, hala, negozio-aukerak identifikatu ditu, merkatuaren eta teknologiaren artean loturak sortu, eta balio erantsia gehitu die enpresei. Azken finean, teknologia BPG bihurtu du.

Plan berria ildo estrategiko hauetan oinarritzen da: merkatuarekiko gertutasuna; espezializazioa eta bikaintasun teknologikoa; pertsonen ahalmena bultzatzea; eta sinergiak sustatzen dituen eta jarduera-eredu jasangarria duen erakunde ireki eta berritzailea izatea.

2020ari begira, proiektuaren jasangarritasuna bermatzeko helburua da diru-sarrerak % 30 handitzea eta 130 milioi eurotaraino iristea. Horien herena nazioartekotik etorriko da. Helburuok Euskadiko Zientzia eta Teknologia eta Berrikuntzaren Planean (ZTBP2020) onartutakoaren barruan sartzen dira.

Merkatuarekiko gertu egoteko, % 50 baino gehiago handituko du Euskadiko enpresekin duen jarduera, eta, horren ondorioz, Deloittek horretarako garatu duen metodologiaren arabera, Euskadiko BPGan1.000 milioi eurotik gorako ekarpena egingo du 2020ra arte. Ordurako, gainera, aurreikusten dugu enpresa horietako 200 dagoeneko nazioarteko proiektuetan ariko direla.

Plan Estrategikoaren beste oinarrietako bat da pertsonen ahalmena sustatzea, talentu bereizgarriak erakartzeaz gain eta hura EAEko enpresa-sarera transferitzea sustatzeaz gain. 2020rako Euskadiko enpresetara 300 ikertzaile baino gehiago transferitzea aurreikusten dugu.

Espezializazioa eta bikaintasun teknologikoa, berriz, hurrengo sei urteetan TECNALIAk izango dituen nazioarteko 12 bikaintasun-taldeetan islatuko dira. Patenteei dagokienez, 170 patente berri sortzea da helburua, eta haien transferentziak diru-sarrera guztiaren % 8 ekarriko luke.

TECNALIAk dituen beste erronketako bat da sinergiak sustatuko dituen erakunde ireki eta berritzaile bat izaten jarraitzea. Hala, beste lankidetza batzuen artean, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragileekin hiru aldiz lankidetza gehiago egitea aurreikusten du 2020rako.

Erronkak, negoziorako aukerak

Lerro estrategiko horietan oinarrituta, gizarteak dituen erronketan lanean jarraituko du TECNALIAk, etorkizunari aurrea hartuz eta teknologiaren bitartez erantzunak sortuz. Hauek dira erronka horiek: fabrikazio aurreratua, karbono-emisio gutxiko energia, osasuna eta zahartzea, hiri-habitata, mundu digital eta hiperkonektatua eta klima-aldaketa eta baliabide-eskasia.

Estrategia 2020rekin, TECNALIAk Zientziaren, Teknologiaren eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen berrantolaketari erantzuten dio, Europa 2020 Estrategiko behar eta eskakizunei, eta egoera makroekonomiko berri batek markatutako aldi batera egokitzen da, bere posizioa indartzeko Europako erreferentziako ikerketa-zentroetako bat eta Euskadiko garapen ekonomiko eta sozialerako funtsezko elementu bat izaten jarrai dezan.

Iñaki San Sebastián

Iñaki San Sebastián Villabonan jaioa da (Gipuzkoa), Industria Ingeniaritzan lizentziaduna (Nafarroako Unibertsitatea), eta Deustuko Unibertsitateko Enpresen Zuzendaritzako Masterra (MBA Executive) eta IESEko Enpresen Goi Zuzendaritzako programa (PADE) egin ditu. Hamazazpi urtez Fatroniken lan egin eta gero, 2008an zuzendari nagusi izendatu zuten. Bi urtera, zortzi zentrok bat egin eta gero —Fatronik horietako bat zen—, TECNALIA sortu zenean, Iñaki San Sebastián zuzendari nagusi ondoko izendatu zuten.

Haren ibilbide profesionala ikerketaren alorrari eta enpresa-munduari lotuta egon da beti; horregatik, gertutik ikusi ahal izan du zer premia duten berrikuntzaren alorrean. Gainera, bere ibilbidean, aukera izan du Euskadiko, Espainiako eta Europako zientzia- eta teknologia-sistemak sakon aztertzeko, eta haietakoren baten diseinuan ere parte hartu du.

TECNALIAri buruz

TECNALIA Research & Innovation Espainiako ikerketa aplikatuko eta garapen teknologikoko zentro pribatu nagusia da, baita Europako nagusietako bat ere. Hogeita hamar herrialde baino gehiagotako 1.400 aditu ditu, eta guztiek dihardute ezagutza BPG bihurtzeko ahaleginean, gizakion bizi-kalitatea hobetzeko, enpresentzat negozio-aukerak sortuz. Eskutik doazen bi kontzepturen sintesia da Inspiring Business: imajinatzea eta gauzatzea. Horra TECNALIAren bereizgarria.

Patronatua Irudietan

 

Irudi galeria

Kontaktua

Marta Fernández

T. 902 760 000


WEBGUNEAREN TITULARRA

Tecnalia – Inspiring Business

BILATZAILEA



ORRI-OINA

© 2017 Tecnalia. Eskubide guztiak erreserbatuta.

Parque Científico y Tecnológico de Gipuzkoa. Mikeletegi Pasealekua 2. E-20009 Donostia-San Sebastián (Gipuzkoa). Tel.: 902.760.000 - Nazioarteko deiak: (+34) 946.430.850


NABIGAZIORAKO LAGUNTZAK: