NABIGAZIORAKO LAGUNTZAK:





ORRIALDEAREN EDUKI NAGUSIA

Tecnalia. Inspiring Business

Tecnalia. Inspiring Business

TECNALIAk EAEko enpresak lehiakorragoak eta errentagarriagoak egiten ditu 4.0 Industriarekin

2016.05.31

Ikerketa aplikatuko zentroak BIEMHren 29. ediziora eramango ditu 19 enpresa industrialekin garatutako soluzio teknologikoak. Haien bidez, enpresak beren sektoreen abangoardian jarri dira

Industriaren munduak eta mundu digitalak bat egin dute, eta laugarren iraultza sortu da, 4.0 Industria izenez ezagutzen dena. Aurreikuspenen arabera, aldaketa horrek 700.000 milioi euroko inbertsioak sortuko ditu Europan hurrengo lau urteetan. Horren ondorioz, 2020rako % 25 handituko da ekoizpenaren eraginkortasuna.

TECNALIA, fabrikazio aurreratuan liderra den ikerketa aplikatuko zentroa, soluzio teknologikoak ezartzen ari da, enpresak estrategia horretan sar daitezen. 2015ean, TECNALIAk 40 milioi euroko proiektuak egin ditu enpresekin 4.0 Industrian; haietatik, % 40 Europako partzuergoekin egindako aliantzen bidez garatu dira. Proiektu horietako bakoitzak eragin positiboa izan du bezeroentzat. Kasuen % 50en, enpresaren prozesuen eraginkortasuna hobetu zen, eta beste % 50ean, diru-sarrera gehigarriak sortu ziren negozio-eredu berrien ondorioz.

BIEMHren 29. edizioan, 19 enpresa industrialetan ezarri dituzten teknologiak aurkeztuko ditu ikerketa-zentroak, guztiak azken bi urteetan garatuak. Benetako soluzioak dira, enpresei aukera ematen dietenak teknologia emaitza bihurtzeko, eta Eusko Jaurlaritzaren Basque Industry 4.0 estrategian definitutako lau jarduera-eremuetan multzokatuta daude: fabrikazio-sistema malgu, eraginkor eta adimendunak; fabrika digital eta konektatuak; material eta prozesu aurreratuak, eta industriarako efizientzia energetikoa.

Fabrikazio pertsonalizatu, malgu, eraginkor, adimendun eta lehiakorraren adibide gisa, merkatuan eskura dagoen lehenengo kable-robota aurkeztuko dute azokan TECNALIAk eta CEMVISAk. Manipulazio-sistema aurreratu bat da, serbomotorrek eragina eta zubi-garabi baten gainean muntatua. CEMVISAren instalazioetan martxan egongo da urte-amaieran. Sistema horrekin, zenbait sektorek (energia eolikoa, aeronautika eta ekipo-ondasunak, adibidez) balio ekonomiko handiko piezak manipulatzeko, mihiztatzeko eta fabrikatzeko duen beharrari erantzuten zaio. Robot horren bidez, eragiketak osorik edo zati batean automatiza daitezke, laneko segurtasuna handitu, ekoizpena % 50 handitu, kostuak % 20 murriztu eta langile kualifikatuen enplegua % 5 handitu.

Digitalizazioa 4.0 Industriaren beste oinarrietako bat da. Makina-erreminta berrietarako soluzio bat garatu du TECNALIAk. Makinaren doitasunari lotutako osagai kritikoen osasuna analizatzen du, eta prebentzio-ekintzen datak aurreikusten ditu. Gai da 7.000 milioi datu transmititzeko eta analizatzeko makinako eta urteko, eta aukera ematen du informazioa Internet bidez modu seguruan atzitzeko. BIEMHn, soluzio hori ZAYERen nola ezarri den erakutsiko da.

Segurtasunaren aldeko apustua

Fabrika konektatu bat sortzeko erronkaren barruan eta pertsonen segurtasuna lehentasun gisa hartuta, ikerketa-zentroak soluzio batzuk garatu ditu, gailu pertsonalen bidez langileak lokalizatzeko, makinekin interakzioa izateko eta azpiegiturak kudeatzeko, besteak beste. Standean, industria-barrutietarako geolokalizazio-sistema bat aurkeztuko du TECNALIAk, eta denbora errealean, pantaila baten bidez, erakutsiko du nola pertsona-talde bat monitoriza daitekeen eremu kontrolatu batean. Sistema hori azken proba-fasean dago PETRONORen instalazioan.

Material eta prozesu aurreratuak ezartzeari dagokionez, gehikuntzako fabrikazioaren edo 3D aplikazioaren estrategian murgilduta dago TECNALIA. IBARMIA, EHU eta TECNALIAren arteko lankidetzari esker, industriarako 3D inprimaketako makina hibridorik handiena sortu da. Makina hori zerotik hasita pieza bukatu bat lortzen duen ekoizpen-zentro autonomo bihurtzen da. Horrelako ezaugarriak dituen makina bakarra da estatuan. Material-gehikuntza eta mekanizazioa konbinatzen dituzten teknologia hibrido bidez, dimentsio handiko prototipoak eta piezak fabrikatu ditzake —1,6 m-rainoko luzerakoak—, bai eta balio handiko piezak konpondu ere, adibidez, aeronautikaren, petrolio eta gas naturalaren eta makina-erremintaren sektoreetan. Teknologia hori, alde batetik, ohiko teknologia baino efizientegoa da, modu eraginkorrago batean erabiltzen dituelako abiapuntuko materiala eta hura prozesatzeko behar den energia, eta, bestetik, malguagoa, azken produktua asko pertsonalizatzeko aukera ematen duelako.

Gainera, fabrikazio-sistema malgu, eraginkor eta adimendunen alorrean, estaldura aeronautikoak fresatzeko sistema bat erakutsiko du standean —ZAYERekin garatua—, elkarlanerako robot bat bi besokoa eta prozesua automatizatzeko aplikazio bat, hegazkin-hegoko pieza baterako. Fabrika digital eta konektatuari dagokionez, garraio astuneko ibilgailu baterako errodamendu bat aurkeztuko du, funtzionamenduari buruzko datu errealak biltzen dituena. Halaber, hegazkinen eragintza elektrikoko sistemetarako eta haien kontrol-sistemarako saiakuntza-banku bat erakutsiko da. Material eta prozesu aurreratuen alorrean, ibilgailu espazialetarako elektronika-kutxa grafenodun bat erakutsiko da. Eta, azkenik, energia-efizientziari dagokionez, TECNALIAk tren-bagoi baten zati bat erakutsiko du, garraiorako egitura arinen adibide gisa, eta horrez gain, helikoptero baten leihoaren markoa eta hegazkin baten lur hartzeko trenaren atea.

Irudi galeria

Kontaktua

Marta Fernández

T. 902 760 000


WEBGUNEAREN TITULARRA

Tecnalia – Inspiring Business

BILATZAILEA



ORRI-OINA

© 2019 Tecnalia. Eskubide guztiak erreserbatuta.

Parque Científico y Tecnológico de Bizkaia. Astondo Bidea, Edificio 700. E-48160 Derio (Bizkaia). Tel.: 902.760.000 - Nazioarteko deiak: (+34) 946.430.850


NABIGAZIORAKO LAGUNTZAK: