NABIGAZIORAKO LAGUNTZAK:





ORRIALDEAREN EDUKI NAGUSIA

Tecnalia. Inspiring Business

Tecnalia. Inspiring Business

TECNALIAk 14 milioi euroko inbertsioa egin du Sare Elektriko Adimendunak garatzeko laborategi batzuetan

2015.02.16

Laborategi berriak Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkeko 413 eraikin berrian daude, eta sare elektriko adimendunetan Europako erreferentziako ikerketa-zentro gisa sendotzen dute TECNALIA.

Elektrizitatearen sektoreko Euskadiko enpresak lehiakorrago bihurtzea dute helburu instalazio horiek; horretarako, laborategi aitzindariak, munduan puntakoak, jartzen dituzte haien eskura.

Sare elektriko adimendunentzako tresneria elektrikoa ikertu, garatu eta zertifikatzeko TECNALIAren laborategi berriak inauguratu dira gaur, Iñigo Urkullu lehendakaria buru zelarik. Ekitaldian , besteak beste, Bizkaiko ahaldun nagusi Jose Luis Bilbao eta Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburu Arantza Tapia egon dira. Horrez gain, TECNALIAko zuzendari nagusi Joseba Jauregizarrek eta zuzendariorde Asís Canalesek ere hartu dute parte aipatu ekitaldian.

TECNALIAk 14 milioi euroko inbertsioa egin du laborategi horietan. Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean daude, 413 eraikin berrian, eta TECNALIAk Sare Elektriko Adimendunetarako duen InGRID azpiegitura esperimentalaren parte dira. Laborategi horiek, 700 eraikinean lehendik dauden instalazioekin batera, TECNALIAren behe-, erdi- eta goi-tentsioko eskaintza globala osatzen dute. Ekipamendu elektrikoen ondasunen fabrikatzaileentzako eta zerbitzu publikoen sektorerako sare elektriko adimendunak ikertzeko erreferentziako instalazioak dira Europan.

TECNALIAk elektrizitatea banatzeko eta garraiatzeko sareen gaur egungo eta etorkizuneko beharrei eta, bereziki, sare elektriko adimendunen garapenari erantzuteko egin duen apustu nabarmenetako bat dira instalazio berriak.Eraikin berriak 3.500 metro karratu ditu, eta jasangarritasun-eredu da energiaren eta eraikuntzaren aldetik.

TECNALIAk, hala, beste urrats bat egin du jakintza BPG bihurtzeko eta munduan erreferente teknologikoa izateko, Europan aitzindaria den azpiegitura bat sortu baitu, Espainiako energia elektrikoaren sektoreko I+G+Ba sendotzen jarraitzeko eta nazioartean aintzatespena izateko aukera emango diona. Azpiegitura horretan, azpimarratzekoa da potentzia-laborategia, Espainiako eta Portugalgo potentzia-laborategi independente handiena.

TECNALIAk industriaren eta komunitate teknologikoaren eskura jartzen du etorkizuneko sare elektrikoak osatuko dituzten ekipamendu eta sistemetarako azpiegitura esperimental berri hori. Instalazio berriek sendotu egingo dute energia elektrikoaren zeregina energia eraginkorrago gisa, gaitasuna izango baitu , sortzaileen eta kontsumitzaileen beharrei denbora errealean erantzuteko.

Euskadin, enpresa gidari nabarmenak dauzkan enpresa-sektore nagusietako bat da energiarena. Izan ere, energia faktore estrategiko eta lehiakortasunekoa da; enplegua eta aberastasuna sortzeko ahalmen handiko sektore bat da, XXI. mendean erronka berriei aurre egin behar diena.

Testuinguru horretan, sare elektriko adimendunak (edo smartgridak) eta energia berriztagarriak Europako ikerketa-zentroen lehentasun bilakatu dira, merezimendu osoz eta enpresen eta gizarte osoaren beharrarengatik; inbertsio handiak aurreikusi dira Europan datozen 15 urteetarako.

TECNALIAk gaur inauguratzen dituen instalazio berriak energiaren I+G+Bra bideratuta daude, eta bat datoz Euskadiko RIS-3 estrategian ageri diren Euskadiren espezializazio adimenduneko lehentasun estrategikoekin.

TECNALIA erreferente bat da ekipo elektrikoen garapen teknologikoan. Instalazio berri horiek bereziak dira, zerbitzu integrala eskaintzen baitute. Esperimentazio aurreratuko plataformak eskaintzen dizkie industriari eta unibertsitate eta ikerketa-zentroei zerbitzuak, garapenak eta ikerketak egin ahal izateko, betiere energia elektrikoa modu eraginkor eta adimendunagoan kudeatzeari begira prozesu osoan: sorkuntzan, garraioan, banaketan eta azken kontsumitzailearen erabileran. Begien bistakoa da zer aukera dituen azpiegitura honek gure inguru hurbilenean, berme teknologiko erabakigarria baita datozen urteetan EAEn egingo diren proiektu enblematiko batzuetarako.

Bestalde, instalazio berriek sektore elektrikoko EAEko enpresa-sare indartsuari lagunduko diote produktu berritzaile eta munduan lehiakorrak garatzen.

ALIANTZA ESTRATEGIKOAK

Bizkaiko Foru Aldundiak Ormazabal, Arteche, Alkargo eta Tecnalia enpresen arteko aliantza faboretu du, nazioarteko sare elektrikoen zerbitzu teknologikoen merkatuan lehiatzeko eta gure lurraldea saiakera elektrikoen munduko aitzindarien artean kokatzeko.

TECNALIAri buruz

TECNALIA Research&Innovation Espainiako ikerketa aplikatuko eta garapen teknologikoko zentro pribatu nagusia da, baita Europako nagusietako bat ere. Hogeita hamar herrialdetako 1.400 aditu baino gehiago ditu, eta guztiek dihardute ezagutza BPG bihurtzeko ahaleginean, gizakion bizi-kalitatea hobetzeko, enpresentzat negozio-aukerak sortuz.

Eskutik doazen bi kontzepturen sintesia da InspiringBusiness: imajinatzea eta egia bihurtzea. Horra TECNALIAren bereizgarria.

ERANSKINA: InGRID laborategien deskribapena

TECNALIAk sare elektriko adimendunetarako duen azpiegitura esperimental berria, InGRID, sistema elektrikoetarako punta-puntako teknologien ikerketara bideratutako laborategi multzo bat da.

 

  • POTENTZIA-LABORATEGIA Garraio-sareari konektatutako laborategia (220 kV). Espainiako eta Portugalgo potentzia-laborategi independente handiena.
  • GOI-TENTSIOKO LABORATEGIA. Bi saiakuntza-banku, goi-tentsioko produktuetarako saiakuntza dielektrikoak egiteko (362 kV-era bitarte).
  • BEHE-TENTSIOKO ETA INGURUMENEKO LABORATEGIA. Saiakuntza osagarriak: behe-tentsiokoak, klimatikoak eta mekanikoak.
  • BATERAGARRITASUN ELEKTROMAGNETIKOKO LABORATEGIA. Immunitate-saiakuntzak eta behe-tentsioko eta komunikazioko produktu elektriko eta elektronikoen emisioen saiakuntzak. Telekomunikazio-ekipoen onargarritasun erradioelektrikoaren neurketak.
  • POTENTZIA-ELEKTRONIKAKO ETA ENERGIA-BIHURKETAKO LABORATEGIA Aplikazio eta sistema energetiko nagusiak integratzeko eta haien eraginkortasuna handitzeko laguntza (adibidez: inbertsore fotovoltaikoak, bihurgailu eolikoak, energia elektrikoaren metaketa, ibilgailu elektrikoak, sare adimendunetarako iragazki aktiboak).
  • MIKROSAREA ETA SORKUNTZA BANATUA Eskala txikiko sorkuntza-unitateak sarean integratzeko arkitektura aurreratuen eta energia kudeatzeko sistemen diseinua eta garapena.
  • ENERGIA BERRIZTAGARRIAK SORTZEKO SISTEMA ELEKTRIKOAK. Energia berriztagarrietan oinarritutako eskala txikiko energia-sorkuntza.
  • ENERGIA METATZEA Energia metatzeko kostuen eta eraginkortasunaren hobekuntza balio-kateko eragile guztientzat.
  • IBILGAILU ELEKTRIKOAREN SARERAKO KONEXIOA. Ibilgailu elektrikoak kargatzearekin erlazionatutako teknologia eta produktuen ebaluazioa,energia-, komunikazio- eta informazio-sistema konplexu baten parte gisa.
  • KONTAGAILU ADIMENDUNEN LABORATEGIA. Kontagailu adimendunak (smartmeters) eta datu-kontzentragailuak ziurtatzeko laborategia, nazioartean erreferentziakoa.
  • SARE ELEKTRIKO ADIMENDUNETARAKO KOMUNIKAZIO-LABORATEGIA. Sare adimendunetako produktuen funtzionaltasunaren eta elkarreragingarritasunaren ebaluazioa. Transformazio-zentroak automatizatzeko eta kontrolatzeko irtenbideen garapena eta ebaluazioa.
  • LANDA-SAIAKUNTZETARAKO LABORATEGI MUGIKORRA. Zentral elektrikoetan eta instalazio industrialetan instalatutako ekipo elektriko, sorgailu eta potentzia-transformadore handien diagnostikoa eta mantentze-lan prediktiboa.
  • GOI-TENTSIOKO KABLEETARAKO ERRESONANTZIA-SISTEMA. Maiztasun aldakorreko MRW 260/80 erresonantzia-sistema, kableen saiakuntzak insitu egiteko (400 kV-erainoko tentsio izendatua). Deskarga partzialak insitu neurtzen adituak.

 

 

Irudi galeria

Kontaktua

Marta Fernández

T. 902 760 000

Bideoak


WEBGUNEAREN TITULARRA

Tecnalia – Inspiring Business

BILATZAILEA



ORRI-OINA

© 2017 Tecnalia. Eskubide guztiak erreserbatuta.

Parque Científico y Tecnológico de Gipuzkoa. Mikeletegi Pasealekua 2. E-20009 Donostia-San Sebastián (Gipuzkoa). Tel.: 902.760.000 - Nazioarteko deiak: (+34) 946.430.850


NABIGAZIORAKO LAGUNTZAK: