NABIGAZIORAKO LAGUNTZAK:





ORRIALDEAREN EDUKI NAGUSIA

Tecnalia. Inspiring Business

Tecnalia. Inspiring Business

LEOk aerosorgailuen ardatz kaltetuen bizitza luzatzen du, segurtasunez luzatu ere

2019.01.03

Mantentze-lanetarako sistema aurresangarri bati esker, abiadura txikiko ardatzaren bizitza erabilgarriaren % 96 aprobetxatzea lortzen da

Karga ziklikoak jasan behar dituzten beste osagai askotan bezala, aerosorgailuen abiadura txikiko ardatzetan ere neke-mekanismoen jarduerak mugatzen du haien iraupena. Ardatzen diseinua egokia bada, ez dago zertan aldatu edo ordezkatu aerosorgailua funtzionatzeko gai den bitartean. Hala ere, zenbait kasutan, ustekabekoak gertatzen dira diseinu-fasean (korrosio-prozesuak, muntaketako kalteak, akats geometrikoak eta abar), eta, horien eraginez, izugarri laburtzen da nekera arteko bizitza.

Aerosorgailu gehienetan, ardatzak ordezkatzea ez da aukera bideragarri bat, arrazoi ekonomikoengatik. Horren ordez, arrakalen ondoan mantentze-irtenbide aurresangarriak ezartzen dira, eta larriki kaltetutako ardatzak soilik ordezkatzen dira.

Fretting neke-mekanismo baten eraginez abiadura txikiko bi ardatz apurtu ondoren, 2009an, TECNALIAk bere gain hartu zuen 100 aerosorgailuren ardatzen egitura-segurtasunaren kontrola. Horretarako, eskuz egindako ikuskatzeetan oinarritutako mantentze-lan aurresangarrien prozedura bat ezarri zuen.

Aerosorgailuen mantentze-lanei eragiten dieten aurrekontu-murrizketak kontuan izanda, LEO (Life Extension in eOlics) proiektua jarri genuen abian. Aerosorgailuaren barruan txertatutako sistema horrek era autonomo eta autokudeatuan lan egiten du mantentze-lan aurresangarriaren hiru jardueretan: ultrasoinuen bidezko ikuskapena, emaitzen balioespena eta aerosorgailuan lanak egitea, egitura-segurtasunerako arriskua egonez gero.

Sektore eta diziplina anitzeko zentroa garenez, LEO eta antzeko aktibo konplexuak garatzeko behar diren gaitasun teknologiko osagarriak dituzten lantaldeak ditugu. Garapen hori lortu da sei eremu teknologikotan dugun ezagutzari eta esperientziari esker: hutsen analisia (RCA edo root cause analysis), egitura-segurtasuna, ultrasoinuen fisika, elektronikako garapena, software-garapena eta instalazio-ingeniaritza.

Hiru urteko lanaren ondoren, 2017aren amaieran, TLR1 produktu bat izatetik TLR9 izatera igaro zen, eta 100 LEO gailu instalatu ziren. 2018ko martxoan, proiektua amaitutzat jo zen, lan-eremuan ekipoen funtzionalitate nagusia erakutsi eta gero: ardatzetako batean arrakala bat atzematea. Arrakala atzeman eta sei hilabete beranduago, aerosorgailuak funtzionatzen jarraitzen du LEOri esker, eta arrakalak aurreikusitako bilakaera du, ardatza noiz aldatuko zain dagoen bitartean.

LEO guztiz konfiguragarria da, eta bezeroaren beharretara eta zaintza-sistemen ezaugarrietara egokitzen den alerta programatzeko aukera ematen du. Oraingo bertsioan, hiru alarma-maila dituen abisu-dinamika ezarri da; alarmaren lehen bi faseetan, makina berriz muntatzeko aukera ematen du, eta azken fasean ez du uzten, apurtzeko arriskurik ez izateko.

LEOk hobekuntza asko sartu ditu mantentze-lanetarako sistema aurresangarri eta txertatu gisa: 

  • Ardatzaren bizitza erabilgarriaren % 96 aprobetxatzen da gutxienez.
  • Arrakalak aurrera egin ahala, sistemak informazioa bidaltzen du, stocka kudeatu eta geldialdia programatu ahal izateko.
  • Ikuskapenak automatikoak dira; aerosorgailua gelditu beharrik gabe egiten dira.
  • Mantentze-lanen kostua txikia da, eta ustiatzaileak berak egin ditzake lan horiek.
  • Autodiagnostikorako eta neurketa ziurtatzeko sistemak dituenez, garrantzirik ez duten arrakalak baztertu egiten ditu eta positibo faltsuak saihesten dira.
  • Urrunetik zaintzeko aukera ematen du.
  • Patologia eta eredu askotara egokitzen da, eta haietarako programatu daiteke.
  • Inbertsioa azkar itzultzen da, eskuz egin beharreko ikuskapenak eta geldialdiak desagertzen direlako. 

LEOri esker, ardatz kaltetuen bizitza maximizatu daiteke, segurtasunez aurreikusten baitu kaltearen bilakaera. Posible da beste aplikazio batzuetan ere erabiltzea, hala nola trenetan eta itsasontzietan, haietan ere ardatzak oso garrantzitsuak baitira.

LEO gráfico

1. fasea

ARRAKALAREN HASIERA

  • Hasi berri den arrakala atzematea.
  • Arrakala bat dagoela adierazten duen lehen alarma.
  • Makina berriro muntatzen du baimendutako langileak.

2. fasea

ALERTA

  • Arrakala bat atzematea, zerbitzu-kondizio normaletan hilabeteko edo biko bizitza erabilgarri gehigarria ematen duena.
  • Bigarren alarma, arrakala handia baina arriskurik gabea baita.
  • Makina berriro muntatzen du baimendutako langileak.

3. fasea

ALERTA

  • Atzeman eta gero, sistemak arrakalaren bilakaera kontrolatuko du, ardatzaren bizitza erabilgarriaren % 95 osatu arte.
  • Une horretara iristean, sistemak azken alarma bat igorriko du makinaren segurtasun-katearekin duen konexioaren bidez.
  • Sistemak ez du utziko makina berriro muntatzen eta aerosorgailua martxan jartzen.
Jarraitu harremanetan Tecnaliarekin

WEBGUNEAREN TITULARRA

Tecnalia – Inspiring Business

BILATZAILEA



ORRI-OINA

© 2019 Tecnalia. Eskubide guztiak erreserbatuta.

Parque Científico y Tecnológico de Bizkaia. Astondo Bidea, Edificio 700. E-48160 Derio (Bizkaia). Tel.: 902.760.000 - Nazioarteko deiak: (+34) 946.430.850


NABIGAZIORAKO LAGUNTZAK: