NABIGAZIORAKO LAGUNTZAK:





ORRIALDEAREN EDUKI NAGUSIA

Tecnalia. Inspiring Business

Tecnalia. Inspiring Business

TECNALIAk trebakuntza eman dio OSALANi obretako aldi baterako ekipamenduei buruz

2017.12.20

Indarrean den araudiaz eta aplikatu beharreko metodologiez gehiago jakitea da trebakuntzaren helburua

OSALAN, Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zenbait teknikari TECNALIAren Azpeitiko egoitzan izan dira, gai honi buruzko trebakuntza-saioak jasotzen: obretako aldi baterako elementuei (OAE) aplikatu beharreko araudia eta entsegu-metodologiak.

OSALANen egitekoa da laneko arriskuak lanpostuan bertan ezabatzea eta/edo gutxitzea. Gauza jakina da eraikuntza dela laneko istripu eta/edo ezbehar gehien (heriotzak ere barne) izaten duten sektoreetako bat. Beraz, funtsezkoa da obretara joaten diren prebentzio-teknikariek behar adina ezagutza eta baliabide izatea arriskuei aurrea hartzeko.

Zenbait proba egin dira bisitaldi horretan, eta proba horiei zegozkien azalpenak eman dituzte TECNALIAko teknikariek helburuaz, laginen muntaketaz, erabilitako entsegu-metodologiaz, lortutako emaitzez eta haien azterketaz.

Alde batetik, karga horizontal banatuko probak egin dira, ertzak babesteko sistemetan edo barandetan (EN 13374 arauak estaltzen ditu). Euskarri desberdinetan muntatu dira kargak (hormigoia, profil metalikoa, kofratzeko taulak...) eta kasu guztietako emaitzak aztertu dira. Egoera jakin baten simulazio bat da proba hori, non pertsona bat edo batzuk ertzak babesteko sisteman bermatzen diren.

Bestalde, altzairuzko zenbait eskora teleskopikok konpresioarekiko duten erresistentzia ere probatu da, EN 1065 arauaren metodologiari jarraikiz, oinarri laua edo inklinatua jarriz, eskoren orientazioa aldatuz eta haiek ahalik eta gehiena luzatuz. Erresistentzia-datuak oso baliagarriak dira eskorak diseinatzeko eta banatzeko, hormigoitze-lanak egitean eta haien ondoren obraren pisuari euts diezaioten.

Azkenik, plataformen talkekiko portaera ere aztertu da, simulazio hau eginez: pertsona baten erorketa, garaiera batetik tutu-formako norabide anitzeko aldamio batera (EN 12810 eta EN 12811 arauak betetzen dituen aldamio batera). Honela egin da proba: 100 kg-ko masa bat jaregin da 2,5 m-ko altueratik; ondoren, begiratu da ea deformazio iraunkorrik edo hausturarik ageri den plataformen erdian eta muturretan.

ENACen ziurtagiria du TECNALIAk, obretako aldi baterako ekipamenduetan zenbait entsegu egiteko.

Hemen duzu informazio gehiago TECNALIAn OAEei egiten zaizkien entseguei buruz.

Informazio gehiago behar baduzu, jarri harremanetan Felix Astorkia lankidearekin (OAEen laborategiko arduraduna).


WEBGUNEAREN TITULARRA

Tecnalia – Inspiring Business

BILATZAILEA



ORRI-OINA

© 2018 Tecnalia. Eskubide guztiak erreserbatuta.

Parque Científico y Tecnológico de Gipuzkoa. Mikeletegi Pasealekua 2. E-20009 Donostia-San Sebastián (Gipuzkoa). Tel.: 902.760.000 - Nazioarteko deiak: (+34) 946.430.850


NABIGAZIORAKO LAGUNTZAK: