NABIGAZIORAKO LAGUNTZAK:





ORRIALDEAREN EDUKI NAGUSIA

Tecnalia. Inspiring Business

Tecnalia. Inspiring Business

Fatxadetako sute handien lehen saiakuntza-laborategia martxan jarri du TECNALIAk

2018.10.25

Fatxadetako suteen aurkako produktuak eta soluzioak probatzeko erabiliko dituzte enpresek instalazio horiek, espainiar estatuko bakarrak

Azpeitian, 2018eko urriaren 25ean. Suteen aurkako segurtasuna bermatzea dute lehentasunetako bat eraikuntzako enpresek, bai obra berrietan bai birgaitze-lanetan dihardutenek. Geroz eta zorrotzagoa da araudia, eta ezartzen du eraikuntza-proiektuetako soluzioek saiakuntza eta justifikazio teknikoak izan behar dituztela, eraikinen geroa bermatzeko eta kanpoaldean piztutako suteen aurkako erresistentzia egokia ziurtatzeko.

Honenbestez, TECNALIA ikerketa eta garapen teknologikoko zentroak, produktuak probatzen, ebaluatzen eta ziurtatzen aitzindaria izanik, martxan jarri berria du fatxadetako sute handien lehen saiakuntza-laborategia, Espainiako estatuko bakarra, ENAC Egiaztatze Erakunde Nazionalaren alor horretako lehen ziurtagiria jaso ondoren.. Laborategi horretan proba ditzakete enpresek beren produktu eta garapen berritzaileak, haien bideragarritasuna eta eraginkortasuna ziurtatzeko, saiakuntza-txostenaren emaitza-ebaluazioa jasotzeko eta produktuak ahalik eta azkarrena merkaturatzeko.

Gaur goizean inauguratu dituzte laborategiaren instalazioak, bertan zirela Markel Olano, Gipuzkoako diputatu nagusia; Eneko Etxeberria, Azpeitiko alkatea; Estibaliz Hernáez, Eusko Jaurlaritzako Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasuneko sailburuordea eta Emiliano López Atxurra, TECNALIAko lehendakaria.

17 urte baino gehiagoko esperientzia

TECNALIAk duela hamazazpi urte baino gehiago jarri zuen martxan suteen aurkako segurtasunaren lehen laborategia, eta ordutik ari da alor horretan lanean. Harrezkeroztik, zerbitzu hauek dute eskaririk handiena: suteen aurkako segurtasun-prestazioak, etengabe aldatzen ari diren Europako eta nazioarteko araudien araberakoak; aplikazio-araurik ez duten produktu berritzaileetarako egokitasun teknikoko dokumentuak; nazioarteko merkatuetan jada salgai dauden marken produktu batzuen ziurtagiriak, eta beren negozio-lerroak beste sektore edo merkatu batzuetara zabaltzeko arauzko betekizunei buruzko aholkularitza.

Eskala handiko saiakuntza-metodologietan, eraikinaren fatxadatik hedatzen ari den sute bat erreproduzitzen da. Kanpoan sortua izan daiteke sutea, edo eraikin barruko gela batean piztua eta, ondoren, leiho batetik fatxadara hedatua. Hori dela eta, saiakuntza horrek aukera ematen du fatxadetarako soluzio integralen eraginkortasuna zehazteko, sutea kanpotik hedatzen den kasuetarako.

Honenbestez, TECNALIAK areagotu egin du fatxaden eta haien osagaien sektore industrialerako zerbitzu-eskaintza, zeinak barne hartzen baititu segurtasun estrukturaleko saiakuntzak, saiakuntza akustikoak, termikoak eta optikoak eta/edo materialen karakterizazioa.

ENAC ziurtagiriak, bestalde, zorroztasuna, independentzia, konpromisoa eta ezagutza bermatzen ditu, eta TECNALIAren gaitasuna teknikoa nabarmentzen: langileen trebakuntza eta esperientzia, ekipamendua (azken ikerketa-ildoen araberakoa, behar bezala kalibratua), proben gauzatze-mailaren bikaintasuna...

Bi hitz TECNALIAri buruz

Ikerketa eta garapen teknologikoko zentro bat da TECNALIA, erreferentziakoa Europa osoan. Hogeita hamar herrialdetako 1.400 aditu ditu, guztiak ere teknologia BPG bihurtu eta gizakion bizi-kalitatea hobetzen biziki saiatzen direnak, enpresentzat negozio-aukerak sortuz. www.tecnalia.com

Irudi galeria

Kontaktua

Antonio Bardasco

T. 902 760 000

Dokumentazioa


WEBGUNEAREN TITULARRA

Tecnalia – Inspiring Business

BILATZAILEA



ORRI-OINA

© 2018 Tecnalia. Eskubide guztiak erreserbatuta.

Parque Científico y Tecnológico de Gipuzkoa. Mikeletegi Pasealekua 2. E-20009 Donostia-San Sebastián (Gipuzkoa). Tel.: 902.760.000 - Nazioarteko deiak: (+34) 946.430.850


NABIGAZIORAKO LAGUNTZAK: