Berria

Estalki industrialen mantentze-lanak digitalizatzen ditugu

2024ko martxoaren 7a
Digitalizar el mantenimiento de cubiertas industriales

“Garapen honen helburua da produktibitatea optimizatzea, estalkiak ikuskatzeko prozesuan zehaztasuna handitzea eta langileen eta instalazioen segurtasuna hobetzea”.

TECNALIAk eta MATRAk estalki industrialen ikuskapena eta mantentze-lanak digitalizatzeko plataforma bat garatu dute

MATRA enpresarekin batera, estalki industrialak ikuskatzeko eta mantentzeko prozesuak digitalizatzeko plataforma bat diseinatu eta sortu dugu. Emaitzetako bat izan da konpainiaren lehiakortasuna handitzea estalkiak ikuskatzeko prozesuan segurtasuna eta efizientzia hobetuz.

Tresnak zehaztasun handiagoa du estalkien diagnostikoetan eta analisi-prozesuetan, eta gabezien larritasunaren araberako ondorengo mantentze-lanen kudeaketa perfekzionatu du.

Eraikin industrialen estalkiak

Erremintaren irismenak eraikin industrialetako hiru estalki-mota ikuskatzeko metodologia hartzen du barnean: xaflazko estalkia, deck motako estalkia eta panel-estalkia.

Estalki industrialen mantentze-lanak erregulartasunez egitea funtsezkoa da haien balio-bizitza luzatzeko. Halaber, beharrezkoa da barruan gauzatzen den jarduera ez konprometitzeko, eta egin daitezkeen konponketako esku-hartzeak identifikatu ahal izateko. Digitalizazioari esker, ikuskapen-prozesu hori optimizatu daiteke, jarduera horren zehaztasuna eta produktibitatea hobetuz.

Zertan da plataforma?

Tresna gailu eramangarri bati lotutako software bat da, teknikari ikuskatzaileei ikuskapena modu gidatuan, optimoan eta objektiboan egiteko aukera ematen diena. MATRAko aktibo-mota horien ikuskapeneko adituen esperientzia eta ekarpenak kontuan hartuta, adierazle batzuk zehaztu eta haztatu dira kalte bakoitzeko.

Adierazle horietan oinarrituta, zenbait algoritmo garatu dira tresnak kaltea ebalua dezan eta baldintza-indize bat eman dezan; horrela, ikuskapena zehatzagoa eta objektiboagoa izango da, ebaluazio-irizpide aditu berbera izango baitu diagnostiko-prozesu guztietarako.

Halaber, ikuskapenean lortutako datu guztiak biltzen ditu tresnak, eta horrek informazioa hobeto tratatzen eta kudeatzen laguntzen du. Horren barruan sartzen da txostenak sortzea eta estalkien mantentze-lanen arloko konpainiaren ezagutza teknikoa gordetzea eta areagotzeko aukera ematen duten datu historikoak erabiltzea.

Plataforma hau diseinatzeko, TECNALIAk Bikuma aholkulari digitalarekin dihardu lankidetzan, eta helburua da garapen hori MATRA (GTM taldea) mantentze integraleko enpresara eramatea.