Prentsa-oharra

BIRBALAS proiektuko probak egiten hasi dira Euskal Autonomia Erkidegoan

2021ko irailaren 16a
Se inician las pruebas del proyecto BIRBALAS en el País Vasco
  • Altzairutegietatik eratorritako burdingintza-agregakin balorizatua trenbide-balasto eta -azpibalasto gisa erabiltzeak zer bideragarritasun tekniko eta zer merkatu-bideragarritasun dituen aztertuko da proiektuan
  • Sidenor, Elinfe, SAITEC eta COMSAk osatzen duten partzuergoak egin du lehenengo proba Euskal Trenbide Sarearen (ETS) Derioko zati batean, TECNALIAren laguntzarekin

2021eko uztailaren 15a. Sidenor, Elinfe, SAITEC eta COMSA, TECNALIArekin lankidetzan, BIRBALAS proiektuaren probak egiten hasi dira EUSKAL TRENBIDE SAREA euskal erakunde publikoak Bizkaian kudeatzen duen trenbide-sarearen zati batean, Derioko udalerrian.

Ekimen honetan, arku elektrikoko labeko altzairutegian balorizaturiko agregakin siderurgikoetatik abiatuta egindako trenbideko balasto eta azpibalasto produktuak garatu eta baliozkotu nahi dira, industria horretako hondakinei (Euskal Autonomia Erkidegoan, 400.000 tona urtean) bigarren bizitza bat eman ahal izateko.

BIRBALASen helburua da aztertzea produktu horrek trengintza-sektorean erabiltzeko zer bideragarritasun tekniko eta zer merkatu-bideragarritasun duen, kontuan hartuta haren jasangarritasun- eta ingurumen-espezifikazioek balastoaren mantentze-lan prebentiboaren kudeaketa adimentsua sustatu behar dutela eta balasto tradizionala ordezkatzeko material berriak sortu behar direla.

Bundingintza-agregakina hondakin bat da, eta arku elektrikoko labeko altzairutegietan ateratzen da, altzairua fabrikatzeko prozesuaren azpiproduktu gisa. Prozesu horrek bi etapa ditu. Lehenengoan, lehengaiak urtzen dira arku elektrikoko labean. Bigarrenean, bainu urtua fintzen da, eta etapa zalia-labean bukatzen da.

Derion probei ekitea BIRBALAS proiektuaren beste aurrerapauso bat da. Proiektuak Eusko Jaurlaritzaren Hazitek programaren dirulaguntza jaso du, eta aukera emango du eskualdeko halako hondakinak Lurralde Antolamendu Sailak ekonomia zirkularrerako sustatutako jarraibide estrategikoaren arabera kudeatzeko bide berri bat irekitzeko.

Sidenorri buruz

Altzairu luze berezien ekoizpeneko talde industrial liderra da Sidenor. Ekoizteko zentroak ditu EAEn, Kantabrian eta Katalunian, eta ordezkaritza komertzialak ditu Alemanian, Frantzian, Italian eta Erresuma Batuan. Konpainia sektoreko abangoardian dago, ikerketarekiko duen konpromisoari esker. Altzairu berezien Europako ekoizleen arteko I+Gko zentro handienetako bat du, non produktu berriak sortzeko eta prozesuak hobetzeko garapen teknologikoak egiten baititu.

www.sidenor.com

Elinferi buruz

Elinfe SAn, hogei urte daramatzagu burdingintza-agregakinak administrazioek egokitzat eta, are, desiragarritzat jotzen dituzten erabileretan aprobetxatzeko lanean.Hori da ekonomia zirkularraren helburua: industria batzuetako hondakinak erabiltzea eta beste batzuetako lehengai bihurtzea bilatzen da, eta, hala, baliabide naturalen efizientzia hobetzea, zabortegia beste aukerarik ez duten hondakinak urritzeko ikerketa sustatuz.

Altzairutegiko zepetarako eta beste hondakin batzuetarako erabilera berriak zehazteko proiektu askotan hartzen dugu parte, gure bezeroekin eta ikerketa-zentro batzuekin batera. Proiektu horietan ikusi da egokia dela merkatuan lehendik dauden produktu gisa erabiltzea hondakin balorizatuak, baita zenbait merkatutarako egokiak diren soluzio berriak garatzea ere. Sinetsiak gaude prozesu hau geldiezina dela, eta, halaber, apustua egiten dugu gaur egun hondakintzat jotzen diren materialen erabilera berrien unibertsoa handiagotzeko proiektuen definizioaren eta garapenaren parte izateko.

SAITECi buruz

SAITEC SA posizio profesionalki independente batetik aholkularitza-zerbitzuak ematen dituzten Espainiako ingeniaritza-enpresa nagusietako bat da. Berrikuntza-bokazio nabarmena du, eta konpromiso sendoa garapen jasangarriarekin eta ingurumenarekiko errespetuarekin; 30 urte baino gehiagoko esperientzia du, eta mundu mailan aritzen da (300 langile baino gehiago ditu 4 kontinentetan).

Alor hauetako proiektua garatzea du jarduera nagusia: errepideak, trenbideak, ura, ingurumena, industria eta energia, eta arkitektura eta hirigintza. SAITECen jarduera-alorra ingeniaritzako balio-kate osora zabaltzen da (plangintza, diseinua, eraikuntza eta ustiaketa), eta nola sozietate pribatuei hala publikoei ematen die zerbitzua.

www.saitec.es

COMSA Korporazioari buruz

COMSA Korporazioa azpiegitura jasangarrien talde global bat da, eta 130 urteko historia du. 2020an 778 milioi euro fakturatu zituen, 5.300 langile baino gehiago izan zituen eta hogei bat herrialdetan jardun zuen.

www.comsa.com

TECNALIAri buruz

Ikerketa eta garapen teknologikoko zentro bat da TECNALIA, BRTA (Basque Research and Technology Alliance) aliantzako kidea eta erreferentziakoa Europa osoan. Hogeita hamar herrialdetako 1.400 profesional ditu, guztiak ere teknologia BPG bihurtzen saiatzen direnak gizakion bizi-kalitatea hobetzearren, enpresentzat negozio-aukerak sortuz. Hauek dira haren jarduera-eremu nagusiak: eraldaketa digitala, fabrikazio adimenduna, trantsizio energetikoa, mugikortasun jasangarria, hiri-ekosistema eta doitasunezko osasungintza.

www.tecnalia.com