Prentsa-oharra

Ingurune eraikirako berrikuntzako Europako metaklusterra

2023ko urriaren 5a
Meta-clúster europeo de innovación para el entorno construido

Eraikunek eta Odeysek Ingurune eraikirako berrikuntzako Europako lehen metaklusterra abiarazi dute

  • Eraikunek eta Odeysek, TECNALIArekin eta NOBATEK/INEF4rekin batera, nazioz gaindiko lehen metaklusterra abiarazi dute, helburu batekin: Europako ingurune eraiki jasangarri eta pertsonetan ardazturanzko bilakaera bizkortzea.
  • Kluster berri honetan dauden enpresek onura aterako diote soluzio berritzaileen garapenari, eta, irisgarritasunaren, erabiltzaileari zuzendutako diseinuaren, jasangarritasunaren edo energia-efizientziaren arloko gaietan lankidetzan arituz eta ezagutza transferituz, merkatu berrietara sartzeko aukera izango dute.

Hendaian, irailaren 27an. ERAIKUNEk (Euskadiko Eraikuntza Klusterra) eta Odeysek (Akitania Berriko Eraikuntza Klusterra), TECNALIAren eta NOBATEK/INEF4ren laguntzarekin, eraikuntza-sektorerako Europako lehen metaklusterra abiarazi dute elkarrekin.

Ekimena EGTC Euroregion Nouvelle-Aquitaine Euskadi Nafarroa erakundeak Hendaian dituen bulegoetan aurkeztu da, erakunde guztietako ordezkariak bertan zirela: Jon Ansoleaga, Eraikuneko zuzendari nagusia; Frank Soccio, Odéyseko zuzendaria; Julien Szabla, NOBATEK/INEF4ko zuzendari nagusia eta Jesús Valero, TECNALIAko zuzendari nagusia. Gainera, iCONS Nafarroako Eraikuntzaren Industrializazioaren Klusterrak, metakluster horretan sartzeko interesaren adierazpena sinatu zuen, interesa baitu bere estrategia Built4People eta New European Bauhaus (NEB) lankidetzaren helburuekin lerrokatzeko eta Europako beste kluster batzuekin lankidetza-mekanismoak ezartzeko. Kluster horiek, etorkizunean, lankidetza-proiektuak sortu ahal izango dituzte.

Metakluster berriak ingurune eraikiaren eraldaketa integralari helduko dio, eragile guztiek balio-katean eta eraikinen bizi-zikloan inplikazio handia izan dezaten.
250 enpresatan baino gehiagotan dute eragina, eta sustatzaileak ingurune eraikiaren ekosistemako eragile berriak integratzeko ari dira lanean, sarearen estaldura handitzearren. Soluzio berritzaileak sortzeko enpresak gaitzea eta lankidetzaren bitartez eta irisgarritasunean, jasangarritasunean, osasunean eta energia-efizientzian ezagutza transferituz, soluzio horiek merkatu berrietara eramatea da helburua.

Hauek dira helburu garrantzitsuenetako batzuk: inpaktu-potentzial handiko soluzio berritzaileak garatzea eta soluzio horiek merkatura iristeko eskalatzea sustatzea, eragile aurreratuenekin sektore eta diziplina anitzeko lankidetza areagotzea, eta mugaz gaindiko lankidetza eta eskualde, estatu eta Europa mailako lankidetza-sareak indartzea, haien artean harremanak ezarriz.

Jon Ansoleaga ERAIKUNEko zuzendari nagusiaren hitzetan: “jasangarritasuna, gizarte-, ingurumen- eta ekonomia-arloetatik begiratuta, hurrengo urteetan Europaren eraldaketa eraikitzeko erabili behar ditugun oinarri nagusietako bat da. Eraikuntza-sektoreak funtsezko zeregina du eraldaketa berderako eraldaketan. Europar Batasunak funtsezko elementutzat jotzen du Europako herritarrentzako ongizate- eta osasun-eredu berrirako.

Eraikuntza-industriako eragile nagusiek merkatua, administrazio publikoak eta negozioak helburu partekatu horien inguruan mobilizatzeko erantzukizuna dute eta, aldi berean, gure sektorearen lehiakortasuna sustatu behar dute. Hori lortzeko, funtsezkoa da estatuz gaindiko eta sektore anitzeko erreferentziazko proiektuak sustatzea, betiere berrikuntzan oinarrituta.

NEBULA proiektuak aukera paregabea eskaintzen digu aldaketaren buru izateko. Odéys, Tecnalia eta Nobatek/INEF4 gure bazkideekin batera, beste sektore eta diziplina batzuetako eragile liderren ikaskuntza indartuko dugu, bai eta gure harreman-sarea eta mugaz gaindiko lankidetza-gaitasunak ere."

Frank Soccio Odéyseko zuzendariaren hitzetan, “funtsean, oso pozik eta harro gaude Odéysek metakluster honetan parte hartzeagatik. Gure taldeak 2019az geroztik egindako lana aitortzea da hori.

Eraikune, Nobatek/INEF4 eta Tecnaliarekin ditugun harremanak sendotzeko aukera gisa ikusten dugu proiektu hau. Gure misioak bat datoz alderdi askotan, eta konpromiso komun hori formalizatzeak aukera emango digu garrantzi handiagoa hartzeko eta, ondorioz, gure eguneroko misioan eragin handiagoa sortu ahal izateko. Elkarrekin urrunago iritsiko gara.

Onurak askotarikoak dira. Bi herrialde mugakideren arteko lankidetzaren ondorio den metaklusterra Europako lehena da. Aitzindariak gara. Horrek, jakina, eragin positiboa du gure misioan, bai eta Europa, estatu eta eskualde mailan gure erakundeek duten aintzatespenean ere.

Eraikuntzari eta garapen jasangarriari dagokienez, baliabideak eta esperientziak partekatzea da gure jardueraren ardatza. Hori Europan egiteko gai izatea aukera bat da guretzat sektoreko eragile guztien trantsizioan azkarrago eta eraginkorrago aurrera egiteko. Erronka handia dugu zain eta, gure ustez, erronka horri talde batu gisa aurre egitea da jarraitu beharreko bide zuzena."

Eraikuntzaren ekosistemak 24,9 milioi pertsonari ematen die enplegua eta 1,158 bilioi euroko balio erantsia sortzen du (Europar Batasuneko guztizkoaren % 9,6). 2050erako klima-neutraltasuna lortzeko funtsezko sektoreetako bat da. Kontuan hartuta Europako eraikuntza-sektoreko enpresen % 99 ETEak direla eta erakunde horiek eskualdeetako klusterretan integratuta egon ohi direla, ekimen berri hau funtsezkoa da berrikuntzaren balio-katea inplikatzeko.

Ekimen hori NEBULAren barruan dago. NEBULA Horizon Europe proiektu bat da, eta Eraikune eta Odeys aukeratu ditu Europako eraikuntza-sektoreko lehen bi kluster gisa, New European Bauhaus-en hedapenean erreferente izateko. TECNALIAk, Europako Itun Berdearen banderaduna den aldetik, ondare historikoan, ekonomia zirkularrean eta ingurune lagunkoi eta irisgarrietan duen esperientziarekin eta ezagutzarekin lagunduko du jasangarritasunaren, estetikaren eta gizarte-inklusioaren printzipioak Euskadiko eraikuntza-sektorera egokitzen. NOBATEK/INEF4k B4PICen euskarria koordinatuko du ikerketa- eta berrikuntza-gaietan, espezializazioan eta diziplina anitzeko ezagutzan aditua den aholkularitza barne.

Eraikuneri buruz

Eraikunek, Euskadiko Eraikuntzaren Klusterrak, Euskadiko eraikuntzaren ekosistema ordezkatzen du, eragile publiko nahiz pribatuak barne hartuta. Lankidetzaren, berrikuntzaren eta nazioartekotzearen bidez, eraikuntzaren industriako balio-kateko enpresa guztien lehiakortasuna bultzatzea da klusterraren helburua.

Bere 145 erakundeen artean daude administrazio publikoak, finantza-erakundeak, aseguru-etxeak, enpresa- eta lanbide-elkarteak, teknologia-hornitzaileak, sustapen, diseinu, fabrikazio eta eraikuntza-azpisektoreetako konpainiak eta azpiegitura, eraikin, balorizazio eta aholkularitzako operadoreak. Eraikuneren jarduera-eremu nagusien artean eraikuntza jasangarria, industrializazioa eta digitalizazioa daude.

Odéysi buruz

Akitania Berriko eraikuntza eta garapen jasangarrirako eskualdeko klusterra da Odéys. 5 ordezkaritza ditu: Angelu, Bordele, Arroxela, Limoges eta Poitiers.

Ingurumen-, energia-, digitalizazio eta gizarte-arloen eta eraikuntza-sektoreko portaera-aldaketaren trantsizioaren katalizatzaile, bideratzaile eta azeleratzaile izatea da klusterraren asmoa. Negozioen lehiakortasuna garatzea, negozioetan berrikuntza erraztea eta negozio eta proiektuetan jasangarritasunaren tratamendua hobetzea da Odéysen egitekoa. Zehazki, laguntza, motibazioa, kontzientziazioa, prestakuntza eta komunikazioa hiru zutabeetan: sareak, berrikuntza eta eraikuntza eta garapen jasangarria.

Odéysek 400 kide baino gehiagoko sarea du, eta Akitania Berriko eraikuntzaren eta garapen jasangarriaren eragile guztiak hartzen ditu.

iCONSi buruz

iCONS, Nafarroako Eraikuntzaren Industrializazioaren Klusterra, Nafarroak eraikuntzaren industrializazio-prozesua gidatzeko duen konpromisoaren parte da. Duela gutxi sortu da, eta 50 kidetik gora ditu dagoeneko. Haren helburu nagusia eraikuntza-sektoreko eragile publiko eta pribatuak elkartzea da, batez ere Nafarroakoak.

Lankidetza publiko-pribatuaren testuinguru horretan, klusterra lanean ari da Nafarroa eraikuntzaren industrializazioan erreferente gisa kokatzeko, bai estatuan, bai Europan, eta helburu horrekin lotutako politikak garatzeko ardura duten enpresa eta administrazioen arteko elkarrizketa errazteko.

iCONSek plan estrategiko oso bat garatu du, jasangarritasuna eta industrializazioa barne hartzen dituena, eta dagoeneko hasi da plana ezartzen.

TECNALIAri buruz

TECNALIA Espainiako ikerketa aplikatuko eta garapen teknologikoko zentro handiena da, Europako erreferentzia eta Basque Research and Technology Alliance-ko kide. Enpresa eta erakundeekin elkarlanean aritzen da, lehiakortasuna eta pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko eta hazkunde jasangarria lortzeko. Horretarako, 1.500 lagunetik gorako lantalde bat dauka, ikerketa teknologikoaren eta berrikuntzaren bidez mundu hobea eraikitzeko konpromisoa hartu duena. Horregatik, TECNALIAren ikerketak benetako eragina du gizartean, eta onurak sortzen ditu bizi-kalitatean eta aurrerabidean.

Hauek ditu jarduera-eremu nagusiak: fabrikazio adimenduna, eraldaketa digitala, trantsizio energetikoa, mugikortasun jasangarria, osasuna eta elikadura, hiri-ekosistema eta ekonomia zirkularra.

European Research Survey ERSk ospeari eta posizionamenduari buruz egindako azken azterketan (2022an egina da), TECNALIA lehen postuan ageri da I+G+Ban markak duen ospeari dagokionez.

NOBATEKi buruz

NOBATEK/INEF4, eraikuntzako trantsizio energetiko eta klimatikorako Frantziako erakundea, soluzio berritzaileak garatzen dituen zentro teknologiko pribatu bat da, eraikuntza-sektore osoari (arkitektoak, enpresak, kontratista publiko eta pribatuak, sustatzaileak, ingeniariak eta komunitateak) euskarria emateko eta diseinu energetikoki efizienteago eta jasangarriagoak lortzeko, eta, hala, sektorean trantsizio energetikoa eta ingurumenekoa bultzatzeko. NOBATEK/INEF4k berrikuntza bultzatzen du, ideietatik hasi eta merkatuko soluzio operatiboetaraino. Ikertzaile- eta ingeniari-taldeek produktu eta soluzio berritzaileak kontzeptualizatzen dituzte, eraikinen eta barrutien energia-efizientzia eta ingurumen-kalitatea hobetzeko eta errealitate bihurtzeko.

NEBULA proiektuak Europar Batasunaren Horizon Europe ikerketa- eta berrikuntza-programaren finantzaketa jaso du, 101079859 zenbakiko dirulaguntza-akordioaren bidez.