NABIGAZIORAKO LAGUNTZAK:





ORRIALDEAREN EDUKI NAGUSIA

Tecnalia. Inspiring Business

Tecnalia. Inspiring Business

TECNALIAk goitik behera aldatu du ostalaritza-sektorea eskumuturreko adimendunekin

2014.08.06

Palladium Hotel Group, PayPal, Smart Destination eta Prodigy Consultores enpresekin egindako aliantzaren emaitza

Besokoek bezeroei aukera ematen die geletara eta beste leku batzuetara txartel zein giltza erabili behar barik sartzen, baita dirurik gabe ordaintzen ere.

TECNALIA ikerketa aplikatuko zentroak goitik behera aldatu du ostalaritza-sektorea eskumuturreko adimendun batzuekin, Smart VIB (Very Important Bracelet) eskumuturrekoekin, hain zuzen ere. Horiek aukera ematen diete bezeroei geletara txartelik gabe sartzeko, PayPal sistemaren bidez ordainketak egiteko, sare sozialetan beren bizipenak kontatzeko hainbat ukipen-pantaila baliatuz, eta beren nahien araberako zerbitzu guztiz pertsonalizatua jasotzeko; betiere informazio-babesa bermatuz.

Eskumuturreko horiek jada erabiltzen dituzte Palladium Hotel Groupek Ibizan dituen bi establezimendu ospetsuenetan: Ushuaïa Ibiza Beach Hotel eta Hard Rock Hotel Ibizan, non gaur goizean aurkezpen ofiziala egin baita. Sektoreko zerbitzu esklusibo eta aitzindari hori hotel-taldearen eta informazio- eta komunikazio-teknologia sektoreko punta-puntako enpresen arteko elkarlanari esker egin ahal izan da.

Gainera, Palladium Hotel Group akordio batera iritsi da PayPalekin, eta, horri esker, eskumuturrekoaren bidez ordaindu daitezke hoteleko produktuak eta zerbitzuak. Smart VIB edo horri lotutako packetako bat duten bezeroek (Zen, Ballad eta Clubber) beren kreditu-txartelekin uztartu ahal izango dute eskumuturrekoa, eta PayPal teknologia erabili ordaintzeko metodo gisa, eskumuturrekoak gaitutako irakurgailuetara gerturatuz. Horretarako, PayPal kontu bat besterik ez da behar. Lehenengo aldiz hartu du parte munduko ordaintze-sistema nagusi horrek "wearable" teknologia duen proiektu batean ostalaritza sektorean.

"Ekimen horrekin PayPalek, berriz ere, lidergo- eta berrikuntza-gaitasuna erakutsi du, ordainketa presentzialei erraztasuna eta segurtasuna eskainiz. Turismo-sektorea izan da lehenengotariko bat eskumuturreko adimendun horiek erabiltzen ordainketak bizkortzeko, eta uste izatekoa da berrikuntza hori beste industria batzuetara ere zabaltzen jarraituko duela", dio Estanis Martín de Nicolasek, Espainiako eta Portugaleko PayPaleko zuzendari nagusiak.

Prodigy Consultores turismo-berrikuntzako adituen parte-hartzea erabakigarria izan da maila estrategikoan, aholkularitza-enpresa horri esker elkartu baitira Palladium eta Tecnalia, eta "Smart Destination" marka sortu. Garrantzi horri esker, aholkularitza-enpresak zubi-lana egin du Palladium Hotel Groupen eskakizunen eta "wearable" teknologiako liderraren gaitasunen artean, produktua garatzeko. "Prodigy Consultoresentzat, arau bat da berrikuntzak egiteko elkarlanean aritzea, eta horregatik sustatu dugu ‘Smart Destination’ enpresa-ekimenaren diseinua eta garapena. Turismo-sektoreko egungo beharrei erantzuten dio, eta gure esperientziaren parte da turismo-sektorean baliozko ideiak eskaini eta bultzatzeko estrategien eta berrikuntza teknologikoen hedapenean", adierazi zuen Antonio Andújar Prodigy Consultores enpresako zuzendariak.

"Hala bada, 'Smart VIB' eskumuturreko adimendunak belaunaldi-aldaketa izan dira hoteletako eskumuturreko tradizionalentzat, hala nola sarbideetako, 'dena barne' eta VIP eskumuturrekoentzat. Eskumuturreko adimendun horiek bezero turistari aparteko esperientzia digitala eta aberasgarria eskaintzen die, eta hotelariari irtenbide integrala, guztiz elkarreragingarria eta berritzailea", esan du Miguel Angel Chacón Smart Destinationeko kudeatzaileak.

Tecnalia ikerketa-zentroa arduratu da "Smart Destination" kontzepturako VIBen "wearable" teknologia garatzeaz, eta, horrela, ostalaritzaren unibertsoa goitik behera aldatu duen esperientzia guztiz pertsonalizatua eskaintzea lortu du. Joseba Laka ICT Dibisioko zuzendariaren arabera, "gailu erosoa, modernoa, praktikoa eta segurua garatu dugu, onura ugari dituena bezeroarentzat eta hotelarentzat. Tecnalia guztiz konprometituta dago hirien etorkizunarekin, eta gure helburua da I+Gn dugun ezagutza eta egiten jakitea eguneroko jardueretara eramatea, pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko".

Bestalde, Abel Matutes Prats Palladium Hotel Groupeko zuzendari nagusiak hau adierazi du: "Proiektu honetan, punta-puntako enpresa teknologikoekin eta sektoreko profesional onenekin lan egin dugu denbora askoan, gure bezeroei produktu aparta eskaini ahal izateko. Ziur gaude ezen, ostalaritza-industriako zerbitzu aitzindari horri esker, gure ostalariek esperientzia are osoagoaz eta esklusiboagoaz gozatu ahal izango dutela".

Palladium Hotel Group enpresari buruz

Palladium Hotel Group Espainiako hotel-kate bat da, eta berrogei urte baino gehiagoko ibilbidea du. Kateak 50 hotel ditu sei herrialdeetan banatuta: Espainia, Mexiko, Dominikar Errepublika, Jamaika, Sizilia (Italia) eta Brasil; eta bost marka ditu: The Royal Suites by Palladium, Palladium Hotels & Resorts, Fiesta Hotels & Resorts, Ushuaïa Ibiza Beach Hotel eta Ayre Hoteles; eta lau produktu berezi: Hard Rock Hotel Ibiza, Only YOU Hotel & Lounge Madrid, Agroturismo Sa Talaia eta Mallorca Rocks Hotel. Palladium Hotel Groupeko hotelek bereizgarri hau dute: kalitate handia eskaintzen diote bezeroei produktuetan zein zerbitzuetan, bai eta kalitate-prezio erlazio bikaina ere.

Grupo Empresas Matutes (GEM) da Palladium Hotel Groupen jabea.

PayPal sistemari buruz

PayPalen jardun osoaren gakoa pertsonak dira. 1998an sortu zenetik, PayPal ordainketa digitalen iraultzaren abangoardian kokatu da, kontsumitzaileari bere diruaren zuzeneko kontrol guztia emanez. Berrikuntzaren bidez, bizitza errazten die 152 milioi kontu aktibo baino gehiagotako erabiltzaileei, 100 dibisa baino gehiagotan eta 203 merkatutan; egunean, 9,3 milioi ordainketa baino gehiago prozesatzen ditu. PayPal eBay-rena da (Nasdaq: EBAY), eta ordainketak egiteko eta jasotzeko sistemarik azkarrena eta seguruena da. Zerbitzuak aukera ematen du finantza-informaziorik partekatu gabe dirua bidaltzeko, eta ordainketa kontu korronteko, banku-kontuko edo kreditu-txarteleko saldoaz egiteko malgutasuna ematen du.  

Informazio gehiago hemen: www.paypal-media.com, eta jarraitu iezaguzu honako sare hauetan: Twitter, Facebook, YouTube, LinkedIn; eta gure blogean: PayPal-Forward.

Prodigy Consultores enpresari buruz

PRODIGY CONSULTORES aholkularitza-enpresak estrategia-, garapen-, metodologia- eta negozio-irtenbide integralak eskaintzen ditu Ikerketa, Garapen eta Berrikuntzaren arloan, hau da, I+G+Ban. Aholkularitza-enpresak, batez ere, honako sektore hauetan dihardu:

  • Informazio- eta komunikazio-teknologiak. Informazio- eta komunikazio-gizartea.
  • Turismoa.
  • Ingurumena eta energia.

I+G+Baren arloan 20 urte baino gehiagoko esperientzia duen ekipo baten emaitza da PRODIGY, bai eta eskualdeko, nazioko, Europako eta nazioarteko deialdietara aurkeztutako 200 proiekturen koordinazioarena ere. Zerbitzuek irtenbide integralak eskaintzen dizkie edozein jarduera-sektoretako enpresei, berrikuntza lortzeko; betiere kontuan hartuz negozioaren errealitatea eta haren ikuspegi estrategikoa. Hori guztia egiaztatutako diziplina anitzeko profesionalen sare bati esker egin da modu eraginkorrean, erakunde bakoitzari egokitutako metodologien bitartez, zeinek ezagutza eta produktibitatea erabiltzen baitute emaitzak denboran eta kostuan optimizatzea lortzeko.

Smart Destination ekimenari buruz

Smart Destination ekimena Prodigy Consultores enpresak eta Tecnaliak bultzatu dute, eta turismo-sektorean "Eskumuturreko adimendunak - Smart VIB"-ak ustiatzea du helburu. Bi erakundeek beren ahaleginak eta ezagutzak batu dituzte. Prodigy Consultoresek, batetik, honako hau eskaini du: turismo-sektorearen beharrak identifikatzea, hedatu beharreko zerbitzuak monetizatzea eta proiektua kudeatzea. Tecnaliak, berriz, teknologiako garapenak eta ezagutza zabala.  

Smart VIB eskumuturrekoek RFID/NFC teknologia dute, eta kodifikatu egiten dira bezero bakoitzaren lehentasunen eta nahien arabera pertsonalizatu ahal izateko; hala, bezeroen egonaldia eta hoteleko esperientzia hobetuko duten neurrira egindako zerbitzu esklusiboak eskaintzen zaizkie. Eskumuturrekoak programatuak daude ostalariaren egonaldian zehar informazio-babesa bermatzeko, baita segurtasun osoa bermatzeko ere sarbideetan, transakzioetan edo PayPal bidez egindako ordainketetan eta identifikazioan. Zure ERParekin eta CRMarekin integra daitekeen tresna erosoa, modernoa, praktikoa eta segurua da, bezeroarentzat eta hotelarentzat onuragarri dena.

Era berean, eskumuturrekoak interakzioan egon daitezke hotelean dauden totem interaktiboekin, eta, horien bidez, erabiltzaileak zuzenean sartu ahal izango dira Facebook, Twitter eta Instagram sare sozialetako beren profiletara. Totem bakoitza kartel digitalen plataforma handi bat da, 42"-ko ukipen-pantaila bati esker. Pantaila horrek eduki interaktiboak eskaintzen ditu, baita errealitate areagotua, webcam bidezko argazkiak eta bideoak, erabiltzaile-eskumuturreko identifikazioa, eta hotelaren eta helmugaren informazioa ere.

Palladium Hotel Groupeko Ushuaïa Ibiza Beach Hotel eta Hard Rock Hotel Ibiza hoteletan, munduan lehen aldiz, Smart VIB eskumuturreko adimendunak ezarri izana aurrekaririk gabeko teknologia-aurrerapena da, eta aurrerapen horrek hoteletako bezeroei eta hotelari berari onurak ematen dizkio.

TECNALIAri buruz

TECNALIA Research & Innovation Espainiako ikerketa aplikatuko eta garapen teknologikoko zentro pribatu nagusia da, baita Europako nagusietako bat ere. Hogeita hamar herrialde baino gehiagotako 1.400 aditu ditu, eta guztiek dihardute ezagutza BPG bihurtzeko ahaleginean, gizakion bizi-kalitatea hobetzeko, enpresentzat negozio-aukerak sortuz..

TECNALIA Ventures ekimenaren bitartez, zentroak inkubazioa bizkortzeko programa baten bitartez merkaturatzeko ahalmena duten negozio-aukerak hautematen eta hedatzen laguntzen du. Eskutik doazen bi kontzepturen sintesia da Inspiring Business: imajinatzea eta egia bihurtzea. Horra TECNALIAren bereizgarria.

Irudi galeria

Kontaktua

Marta Fernández

T. 902 760 000

Dokumentazioa


WEBGUNEAREN TITULARRA

Tecnalia – Inspiring Business

BILATZAILEA



ORRI-OINA

© 2019 Tecnalia. Eskubide guztiak erreserbatuta.

Parque Científico y Tecnológico de Bizkaia. Astondo Bidea, Edificio 700. E-48160 Derio (Bizkaia). Tel.: 902.760.000 - Nazioarteko deiak: (+34) 946.430.850


NABIGAZIORAKO LAGUNTZAK: