Noticia

      Portugalgo eraikuntza-sektoreko industria-hondakinen erabilera ebaluatu dugu

      30 de septiembre de 2020

      Hormigoi aurrefabrikatuzko industria-pabiloi bat eta Aveiroko (Portugal) bide-zati zolatu bat dira froga, bi kasu aitzindari

      Ekonomia zirkularraren printzipioetan oinarrituta, pulparen eta zelulosaren ekoizpeneko hondakinak (Lime Mud, Green Liquour Dregs (GLDak) eta Slaker Grit kare-lohiak) eta industria-prozesuko hondakinak erabili ditugu eraikuntzaren sektoreko bigarren mailako lehengai gisa.

      PaperChain ekimenak Europar Batasuneko bost herrialdetako 20 bazkide biltzen ditu, zirkulartasuna bultzatzeko konpromisoa dutenak. Portugalen, erakunde hauek hartzen dute parte: Aveiroko Unibertsitatea, The Navigator Company, Spral, Megavia, RAIZ Research Institute eta Habitat Jasangarriko Taldea.

      Building Technologies alorreko gure taldeak “paper- eta zelulosa-industriako hondakinentzat ekonomia zirkularreko estrategietan oinarritutako merkatu-hobi berriak” aztertzen laguntzen du; Acciona Construcción (Espainia) da ekimenaren koordinatzailea.

      Azterlanaren kasuan, eraikuntzako bi produktu-mota egitea aurreikusi da.

      Hormigoi aurrefabrikatu berriak

      PaperChain proiektuaren esparruan, Portugalen zirkulartasuna aplikatu den lehen kasua da; hormigoi aurrefabrikatua (habeak eta zutabeak) dosifikatzean, betegarri gisa lohi karbonatatuak erabiltzean oinarritzen da. Eraikuntza-elementu horiek Ilhavon, SPRALen instalazioetan erabili dira, pabiloi industrial baten eraikuntzan, eta haren egitura epe luzera monitorizatuko da.

      Agregakin berriak errepide-geruzak eraikitzeko

      Kasu praktiko honek 250 m-ko errepide-zatia eta 2.800 m²-ko azalera ditu. Erreferentziako nahaste bituminoso bat (estandarra) zabaldu da konparazio gisa, eta bi nahaste desberdin; azken formulazioan GLDak eta Grit-ak dituzte —tratatuak, egokituak eta Dilumex-ek aukeratuak—. Errepide-zati hori 2021eko otsailera arte monitorizatuko da.

      GLDak eta Grit-ak erabili ditugu errepideetako goi-geruza bituminosoetan, agregakin fin eta betegarri gisa: Caciako (Aveiro) The Navigator Company paper-fabrikako instalazioetan ezarri dira.

      PaperChain proiektua Europako Batzordeak finantzatzen du (H2020 ikerketa- eta berrikuntza-programan), zero hondakinen helburua lortzen laguntzeko eta ekonomia zirkularraren kontzeptua negozio-eredu berrietan frogatu eta ezartzeko.

      Hondakin espezifiko horiek erabilita, hondakin gutxiago utziko dira zabortegietan, eta kostuak murriztuko dira. Gainera, beste onura batzuk ere izango dira, hala nola C02-emisioak murriztea, lehengai naturalak (betegarriak eta agregakin finak) ordezkatuz.

      Emaitzak EBko beste eremu batzuetara ere zabaldu daitezke. EAEn, karbono-aztarna eta hondakinak minimizatzen eta balio eta negozio-aukera berriak sortzen ari den paper-industria asko dago.

      Informazio gehiago

      Jar zaitez harremanetan Asier Oleaga lankidearekin; zementuan oinarritutako produktuen arloko ikertzailea da.