"Eremu aitzindari honek robotika mugikorreko teknologien berrikuntza, esperimentazioa eta baliozkotzea bultzatzen ditu benetako ingurune operatibo batean, Castellóko aireportuan, hain zuzen"
TECNALIAk robotika mugikorreko lehen HUBean parte hartzen du. HUBari esker, Espainiak aireportu-espazio erreal eta iraunkorra izango du horrelako teknologiak garatu eta probatzeko
Javier Miguélezek (Robotika Mugikorreko Espainiako Elkarteko (ARME) presidentea), Justo Vellón Lahozek (Castellóko Aireportuko zuzendari nagusia) eta Carlos Berenguerrek (AERTEC Solutionseko Abiazioko zuzendari nagusia) iragarri dute The SkyBot Lab abiarazi dutela. HUB berritzaile hori aireportu-inguruneetan robotika mugikorrari esklusiboki eskainitako munduko lehen zentroa da.
Robotika mugikorreko teknologietan berrikuntza eta esperimentazioa sustatzeko eta ingurune operatibo errealean baliozkotzeko sortu zen The SkyBot Lab. Javier Miguélezek ekimen honen asmo handia nabarmendu zuen: “Nahi dugu Espainia buru izatea dagoeneko mundu osoko aireportuak kudeatzeko moduan eragiten ari den eraldaketa teknologiko horretan”.
Testatzeko eta baliozkotzeko espazio errealak
HUBak enpresei, zentro teknologikoei eta erakundeei aukera ematen die robot mugikorrak benetako baldintza operatiboetan probatu eta baliozkotzeko. Teknologia horiek benetako aireportu-ingurune batean probatzeari esker, haien ezarpena bizkortu daiteke, eta benetako potentzial operatiboa frogatu daiteke.
Gainera, The SkyBot Labek ezagutza-trukea eta sektore-lankidetza sustatzen ditu, bisita teknikoen eta harreman-sareak lantzeko topaketen bidez, eta, hala, teknologiaren eta aireportuen ekosistemako funtsezko eragileak konektatzen ditu. Eta, horrekin batera, ikusgai egiten ditu sektorearen aurrerapenak, eta robotika mugikor espezializatuko lider gisa Espainiak duen rola sendotzen du.
Berrikuntza eta talentua Castellóko aireportuan
Justo Vellónek, Castellóko Aireportuko zuzendari nagusiak, nabarmendu zuen ekimen hau bat datorrela aireportua eta Generalitatek berrikuntzaren eta talentuaren alde egiten duten apustuarekin. “Aireportuaren Plan Estrategiko berrian, berrikuntza da garapen-ildo nagusietako bat, esparru aeronautiko eta aeroespazialarekin lotutako hub teknologiko bat sortzeko”.
Carlos Berenguer AERTEC Solutionseko Abiazioko zuzendari nagusiak azpimarratu zuen automatizazioa oso garrantzitsua dela aireportu-sektorearen efizientzia, jasangarritasuna eta lehiakortasuna bermatzeko.
Teknologia robotikoen zuzeneko erakustaldia
Aireportu-ekosistemako eremu askotan aplika daitezkeen soluzioak eskaintzen ditu jada robotika mugikorrak: ground handlingeko eta zaintza perimetraleko eragiketetatik hasi eta segurtasun-zeregin kritikoetara arte, hala nola objektu arrotzak detektatzea (FODs). Halaber, badira terminaletan bidaiariek duten esperientzia hobetzeko aplikazioak (hala nola bezeroari arreta emateko robotak) eta aparkalekuaren kudeaketa optimizatzekoak.
Gaitasun hori jardunean erakutsi da aurkezpenean: hamar robot mugikorren zuzeneko erakustaldia egin da, aireportuko barrualdean (bidaiarien terminala) eta kanpoaldean (aireko aldea). ARMEko bost enpresa kideren ekarpenak dira teknologia horiek, eta guztiek garapenak prest dituzte aireportuan eta beste ingurune operatiboetan eskalatzeko:
- Robottions: logistikarako, garbiketarako eta bezeroaren arretarako robotika. Erraztatzeko, zorua urez garbitzeko, metaketa logistikoa egiteko eta bidaiariari laguntzeko robotak erakutsi zituzten.
- Deliverance Robotics: garbitzeko, zaintzeko eta banatzeko soluzio mugikorrak. Robot zerbitzariak, funtzio anitzeko robotak eta garbiketa autonomoko robotak aurkeztu zituzten.
- Star Robotics: 24/7 zaintza autonomoko espezialistak. Aireportuko gune kritikoetarako patruilatze-robota erakutsi zuten.
- MOVVO: robotika intralogistiko astuna. Kanpoaldean zazpi tona (gehienez) garraiatzeko traktore autonomo bat erakutsi zuten.
- TECNALIA: I+Gko zentro liderra. Azpiegiturak ikuskatzeko robot bat eta langileekin elkarlanean aritzeko diseinatutako robot bipedo hibrido bat aurkeztu zituzten.