Berria

    Bilboko Ingeniaritza Eskolako IkasgelaTeknologikoaren beste promozio bat

    2020ko urriaren 21a

    Hamabi ikaslek osatzen dute Bilboko Ingeniaritza Eskolako UPV/EHU-TECNALIAren Ikasgela Teknologikoaren 2019/20ko promozioa

    Ikerketa-esparru hauetan egindako proiektuengatik jaso dituzte diplomak: adimen artifiziala, zibersegurtasuna eta konfiantza, energia berriztagarriak/jasangarriak, efizientzia energetikoa eta sorkuntza banatua, sare adimendunak, fabrikazio aditiboa, ekoizpen-makina eta -sistema malgu eta adimendunak, material eta fabrikazio-prozesu berriak, eta gidatze automatizatua.

    José Luis Martín UPV/EHUko Ikerketa errektoreorde eta TECNALIAko patronoak hau nabarmendu zuen diploma emateko ekitaldian: “Nahiz eta oso urte zaila izan den, espero genituen emaitzak jaso ditugu. Ikasle guztiak zoriondu nahi ditut; egoera konplexu honetan ahalegin handia egin dute, eta 12 proiektuak kalitate handikoak dira. Adibide ona dira erakusteko pandemia aukera bat izan daitekeela enpresak industrializatzeko zenbait esparru gakotan”.

    Diplomak emateko ekitaldian, 2020/2021 promoziorako programa aurkeztu da. Oso promozio berezia da; izan ere, 20.a izango da, eta ikasleek aukera izango dute master-amaierako 18 proiektuetako batean eta Ikasgela Teknologikoaren bi JRLen (Joint Research Lab) jardueretan parte hartzeko (JRL: Joint Research Lab): adimen artifizialari buruzkoan eta itsas zabaleko energia berriztagarriei buruzkoan. JRL horietan, 80 ikertzaile inguru biltzen dira, urtean 65 argitalpen indexatu eta sei tesi aurkezten dituzte, eta 25 doktoregai baino gehiago dituzte. Hain zuzen, Ikasgela Teknologikoaren ekoizpen zientifikoaren % 75 baino gehiago sortzen dute.

    UPV/EHUk eta TECNALIAk lankidetzarako esparru-hitzarmen bat dute trebakuntza, ikerketa, transferentzia, berrikuntza eta jakintzaren dibulgazioa elkarrekin sustatzeko, EUSKAMPUS jakintza-polo deituriko lankidetza-esparruen bidez, gizartearen erronka handien inguruan eta Espezializazio Adimendunaren Euskal Estrategiarekin bat datozen gaiak lantzeko. Ikasgela Teknologikoak funtsezko tresna dira lankidetza hori gauzatzeko.