Berria

      Industria-prozesuak deskarbonizatzeko bero-ponpen teknologiak

      2025ko maiatzaren 21a

      Default image  post type alt

      "TECNALIA elkarlanean ari da industria-prozesuetako hondar-beroa berreskuratu eta errebalorizatzeko soluzio integralak garatzen, eta teknologiak baliozkotzen ditu ekipo eta sistema termikoen laborategian"

      EAEko hamar enpresarekin ari gara elkarlanean industria-prozesuak deskarbonizatzeko tenperatura altuko bero-ponpen teknologia berritzaileak garatzen

      Tamoin buru duen eta TECNALIA, Frigolan, Sedical, Arrospe, Aratt, Miesa, Genelek, Papresa, Natra, Unilever, Basque Center for Applied Mathematics, Energia Klusterra eta Bantec kide dituen aliantzak goi-tenperaturako bero-ponpen soluzio integralak ikertu eta garatzen ditu, konpresio bidezkoak zein xurgapen bidezkoak, industria-prozesuetako hondar-beroa berreskuratu eta errebalorizatzeko. Horrela, industria-prozesuen energia-efizientzia hobetuko da, eta erregai fosilen erabilerari lotutako berotegi-efektuko gasen emisioak murriztuko dira.

      • BEROA+ ekimena da: tenperatura altuko eta oso altuko konpresio bidezko bero-ponpen teknologiak (HTHP eta VHTHP) eta xurgapen bidezko bero-transformadoreak (AHT) diseinatu eta optimizatzea du ardatz.
      • Halaber, teknologia horiek lurruna sortzeko eta energia termikoa biltegiratzeko sistema osagarriekin integratzeko aukera ikertzen ari da, bai eta ikasketa automatikoko tekniken bidez sistema optimizatzea eta haren sendotasuna handitzea ere. Hala, prozesu industrialetan hondar-beroaren aprobetxamendua optimizatzeko soluzio integralak garatu nahi ditu.
      • Teknologia-fabrikatzaileez gain, papergintzaren eta elikaduraren sektoreetan erreferentzia diren hiru azken erabiltzaile daude sartuta ekimenean. Haiek parte hartzea funtsezkoa da teknologia horiek karakterizatzeko eta erabilgarriak direla bermatzeko, industria-eskakizunak zehazten laguntzen baitute eta benetako egoerak eskaintzen baitituzte garatutako soluzioak baliozkotzeko.

      Tenperatura altuko bero-ponpen garapen teknologikoaren erronkak

      Bero-ponpak ekipo termikoak dira, aukera ematen dutenak edo prozesua optimizatzeko edo bero-ekarpena elektrifikatzeko. Haiek ezartzeak aukera ematen du industria-prozesuak efizienteago eta jasangarriago bihurtzeko. Hala ere, teknologia horiek garatzen jarraitu behar da oraindik.

      • Tenperatura altuko (<110 °C, HTHP) eta oso tenperatura altuko (<160 °C, VHTHP) bero-ponpen garapenari lotutako erronka teknologikoen artean, nabarmentzekoa da lan-tenperatura altuekin bateragarriak diren eta atmosfera berotzeko ahalmen txikia duten hozgarriak (PCA) erabiltzea, eta lubrifikazioa hozgarriarekin bateragarria izatea lan-tenperatura horietan (nahaskortasuna, biskositatea, degradazioa, etab.).
      • Bestalde, xurgapen bidezko bero-transformadoreek beste erronka batzuei egin behar diete aurre, hala nola korrosioari eta kristalizazioari. Erronka horiek bereziki garrantzitsuak dira jardute-baldintza aldakorrak dituzten eragiketa eteneko sistemetan. Eragozpen horiek arintzeko, ekimenaren partzuergoa kontrol optimizatu berri bat garatzen ari da, fluido berrietara egokitzeko gai dena, hala nola likido ionikoetara, zeinak errebalorizazio-tenperatura handitzeko diseina bailitezke prozesuaren efizientzia hobetzeko.

      Teknologia berriak baliozkotzea

      TECNALIAk garapen tekniko horietan laguntzen du, eta teknologiak baliozkotuko ditu, ekipo eta sistema termikoen laborategian.

      Ekimen horren bidez, ekonomia deskarbonizatzen laguntzen duten teknologia horiek aurrera egin dezaten laguntzen du BEROA+ ekimeneko partzuergoak.

      **Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak finantzatzen du proiektua (HAZITEK 2023 programa).