
Berria
Berria
2020ko uztailaren 6a
Martxan jarri zenetik, 2017tik, 150 eskaera baino gehiago jaso dira, eta oinarri teknologikoko 78 ekimen sortu dira haietatik
Ekainaren 12an itxi zen KSI Berritzaile 2020 programako eskaerak aurkezteko epea. Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saila du buru programak, eta Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziarekin batera darama; guk kulturaren eta sormenaren sektorea digitalizatzeko ahalmena eskaintzen dugu.
Programak 34 proiektu-eskaera izan ditu, hots, 2019ko deialdian baino % 30 gehiago. Hamabi azpisektoretako eskaerak jaso dira, eta ikus-entzunezkoen sektorea (zinema, telebista, irratia, Internet) izan da horietan aktiboena.
Teknologia nagusia, berriz, errealitate areagotua izan da, eta askotariko enpresen eskutik: hasi arkitektoetatik eta magoetaraino. Proiektuak ere askotarikoak dira: edukiak katalogatzeko semantika-proiektuak; droneen kudeaketa hobetzekoak; joko serioak; moda, ekitaldi, ikuskizun eta barruko diseinurako erabilera berritzaileak dituzten mugikorreko aplikazioak; neuromarketinaren bidez hobetutako marketina eta komunikazioa, etab.
Enpresa horiek guztiek teknologiara hurbiltzeko aukera izan dute, kosturik gabe probatu ahal izan dute, eta zuzenean ikusi zer ondorio dituen digitalizazioak beren negozio-ereduetan.
Teknologia-transferentzia
KSI Berritzaile programa EAEko kultura-eta sormen-industriaren makrosektorera bideratua dago, eta bi jarduera-ardatz hauetako proiektuetarako aukeraguneak sortzea eta garatzea du helburu: berrikuntza teknologikoa, batetik, eta antolakuntza-ereduaren eta enpresa-egituraren berrikuntza, bestetik.
Lehenengo ardatzari dagokionez (Berrikuntza eta transferentzia teknologikoa), kultura- eta sormen-industriei teknologia transferitzea dagokigu, zentro teknologiko bat garen aldetik: merkatu globalagoak xede dituzten produktu eta zerbitzu berritzaileak prestatzen ditugu, eta aukera eta garapen berritzaileetarako sinergiak eta gune berriak sortzen ditugu.