“Informazioaren teknologiak eta big datan oinarrituta erabakiak hartzeko tresnak funtsezkoak dira hiri-mugikortasuneko prozeduretarako”
TECNALIAk big datan oinarritutako soluzioak garatzen ditu hiri-mugikortasunaren arloan erabakiak hartzeko prozesua optimizatzeko
Jasangarritasun-parametro berriek, biztanleriaren hazkundeak eta mugikortasun- eta garraio-modu berriek hiri-mugikortasuneko politika berriak eskatzen dituzte. Testuinguru horretan erabakiak hartzeko ekosistema bat bultzatuko duten politikak eta prozedurak formulatzeko, funtsezkoak dira informazioaren teknologiak eta erabakiak datuetan oinarrituta hartzeko tresnak (big data, simulazioa eta teknika analitikoak).
Big data mugikortasun jasangarrirako
TECNALIAk, Euskadiko Mugikortasun eta Logistika Klusterrarekin eta Bilboko Udalarekin batera, metodologia bat landu du, big datatik abiatuta mugikortasun gero eta jasangarriagoa garatzeko.
Bide horren helburu nagusia izan da datuetan oinarritutako erabakiak hartzeko prozesua hobetzea eta arintzea, hiriaren benetako beharretara hobeto egokitzeko eta benetan erabiliko diren soluzioak ezartzeko. Era horretan, hiri-mugikortasunarekin lotutako datuak atzitzeko sarbide bakarra dagoenez, erabakiak informazio integratu, eguneratu eta egiazkoan oinarrituta hartzeko aukera du toki-administrazioak. Horretarako, garrantzitsua da bildutako datuak eguneratuenak direla bermatzea eta haien analisia sinplifikatzea; horretarako, datuen kalitatea hobetu beharra dago, garbiketa-teknika automatizatuen bidez.
Hiri-mugikortasuneko politiken hobekuntza
Zehazki, garraio-eskariaren datuak modelizatu eta iragarri ditugu TECNALIAn; horretarako, Bilboko zerbitzuen datu-iturriak elkartu ditugu. Kasu horretan, Bilboko Hiri Mugikortasun Jasangarriaren Planarekin bat etorriz, big data lagungarria izan da mugikortasunak trafikoan, mugikortasun-ereduetan eta adierazleetan duen eragina ebaluatzeko.
TECNALIAk Bilboko Udalarentzat egin dituen analisien artean, aipatzekoak dira ibilgailuen trafikoaren karakterizazioaren eta iragarpenaren bistaratzeak baldintza batzuen arabera (asteko eguna, jaiegunak, ordu-tarteak, baldintza atmosferikoak eta tokiko ekitaldiak) eta barruti eta auzoetan erabilgarri dauden garraiobideen adierazleak (ibilgailuenak, bizikleta-zerbitzu publikoarenak eta garraio publikoarenak, kasurako). Helburua da datu horiek interpretatuz hiri-mugikortasuneko politikak hobetzea.
Erabiltzaileak erdigunean
Erabakiak hartzerakoan, funtsezkoak izan da datuen eskuragarritasuna: kode irekiak erabiltzea, datuen doitasuna eta kalitatea bermatzea, eta teknologia disruptiboak erabiltzeko gaitzen laguntzea. Orobat izan da funtsezkoa gardenak izatea erabiltzen den teknologiaren mugak aitortzean eta diseinu-prozesu osoan zehar "azken erabiltzaileak” sartzea, haiek hartzen baitituzte erabakiak.
Izan ere, publikoaren onarpena funtsezko faktorea da erabakiak hartzeko prozesuan, bai eta, mugikortasun-eredu jasangarriagoetaranzko bidean, neurri indibidual zein kolektiboak hartzean ere; izan ere, kasu askotan, publikoaren onarpenak baldintzatu egiten ditu politika bat aplikatzean lortutako emaitzak. Horrek komunikazio dinamikoa eta arina eskatzen du eragile garrantzitsu guztien artean (udala, garraio publikoko enpresak, hornitzaileak, elkarteak eta herritarrak), bai eta hiri-soluzioak kontzeptualizatzeko eztabaida- eta kontraste-guneak definitzea ere.
Big datan oinarritutako metodologia hori, Bilbon ez ezik, Europako beste hiri batzuetan ere erabili eta ebaluatu da; izan ere, URBANITE izeneko Europako ekimen baten parte da, zeinean, Bilboz gain, beste hiri batzuek parte hartzen baitute, hala nola Helsinkik, Amsterdamek eta Messinak.