"Proiektuaren zutabe teknologikoetako bat da auzoaren biki digital bat sortzea"
TECNALIAk, Ermuko Udalarekin eta Mondragon Unibertsitatearekin lankidetzan, hiri-berroneratzeko metodologia berritzaile bat garatu du —Europako drOp proiektuaren esparruaren barruan— Santa Ana auzoan zentratua.
Metodologia horrek modu holistikoan jorratzen ditu hiri-eraldaketarako funtsezkoak diren zenbait alderdi:
- Berrikuntza soziala, herritarrekin batera sortzeko prozesuen bidez.
- Ingurunea hobetzea, auzoko bulegoa bultzatzaile delarik.
- Trantsizio energetikoa, Tokiko Energia Komunitate (TEK) bat sortuz.
- Tokiko garapen ekonomikoa sustatzea, komunitatera bideratutako negozio-eredu berrien bidez.
Auzoko biki digitala
Proiektuaren zutabe teknologikoetako bat da auzoaren biki digital bat sortzea. Tresna horren bidez, eraikitako bizitegi-parkea birgaitzeko zenbait agertoki simulatu ahal izango dira, energia-efizientziako neurri pasibo eta aktiboak aplikatu ahal izango dira eta estalkien potentzial fotovoltaikoa aztertu ahal izango da.
Analisi horren zuzeneko emaitza gisa, Ermuko Udalak Eskolabarriko udal eraikinean panel fotovoltaikoak instalatzeko lizitazioa egitea erabaki du. Sortutako energia TEKari lagako zaio; TEKa eraikinak berak eta auzoko etxeek eta denda txikiek osatuko dute.
Auzo efizienteagoak, inklusiboagoak eta konektatuagoak
Ekimen horren helburua da Santa Ana ingurune efizienteagoa, inklusiboagoa eta konektatuagoa bihurtzea, Europako jasangarritasun-estandarrekin bat eginez. Gainera, ikuspegia antzeko esperientziekin aberastu da, hala nola Elva (Estonia) —digitalki aurreratua dagoen hiria— eta Matera (Italia) —kultur industrietako erreferentea—.
Garatutako metodologiaren helburua da antzeko beste testuinguru batzuetan errepikatzea, eskualde mailan, estatu mailan, baita Europa mailan ere. Ekimen honekin, TECNALIAk eta Ermuko Udalak pertsonak, jasangarritasuna eta teknologia ardatz dituen hiri-berroneratze eredurantz aurrera egiten dute.