Prentsa-oharra

TECNALIA karbonotan neutroa izango da 2030erako

2023ko uztailaren 11a
TECNALIA será neutra en carbono para 2030
  • Ikerketa eta garapen teknologikoko zentroak Deskarbonizazio Estrategia eta Plana ditu, energia-efizientzia hobetzean, baliabideen erabilera adimendunean eta energia-sistema jasangarriak ezartzean oinarritua, eta, besteak beste, bere prozesu eta zerbitzuak, azpiegitura eta instalazioak eta taldearen eta hornitzaileen konpromisoa hartzen ditu barne.
  • Konpromiso horri esker, TECNALIA zuzeneko emisioetan neutroa izango da 2024rako, eta hornikuntza-kate osoan neutroa, 2030erako.
  • Gainera, TECNALIA enpresetan berrikuntza-proiektuak garatzen eta ezartzen ari da, karbono-aztarna murrizteko beharrezkoa den I+G+B identifikatzen eta garatzen laguntzeko, adibidez, Mercedes Benz-Vitoria edo ITP Aero enpresetan.

TECNALIA ikerketa eta garapen teknologikoko zentroak 25 urte baino gehiago daramatza enpresei karbono-aztarna murrizten laguntzen. Orain beste urrats bat egin du xede horretan, eta Deskarbonizazio Estrategia propioa jarri du martxan. Horri esker, bere zuzeneko jarduera karbonotan neutroa izango da 2024rako, eta hori hornikuntza-katera zabalduko du 2030erako.

Agustín Sáenz TECNALIAko Merkatu, Estrategia eta Teknologiako zuzendariaren hitzetan, “erantzunkidetasun- eta eredugarritasun-ariketa bat da, neutraltasun klimatikoarekiko helburua bi hamarkada aurreratzen baitu, Europar Batasunak 2050erako ezarritako denbora-mugarekiko. Gure helburua enpresa-sarerako bazkide teknologiko ideala izatea da, eta pertsonen eta, oro har, gizartearen bizi-kalitatea hobetzeko eragile izatea, teknologiaren bidez. Gaur egungo testuinguruan, gure lana inoiz baino garrantzitsuagoa da. Hori dela eta, karbono-emisio gutxiko ekonomia izaten eta etorkizuna bermatzen lagunduko digun deskarbonizazio-estrategiaren sustatzaile izan behar dugu”.

Deskarbonizazio-estrategia deskarbonizazio-prozesu osoa aintzat hartzen duen ibilbide-orri batean oinarritzen da: emisioen kalkulu automatizatua (prozesu hori digitalizatuz), zientzian oinarritutako murrizketa-helburuak ezartzea, energia-efizientzia hobetzea, baliabideen erabilera adimentsua eta energia-sistema jasangarriak ezartzea. Horretan, prozesuak, instalazioak eta ekipoarekiko zein hornitzaileekiko harremanak hartuko dira barne. Hala, klima-aldaketaren inpaktua kontrolatzeko, prebenitzeko eta minimizatzeko prozesu zehatzak jasotzen dituen Ingurumena Kudeatzeko Sistema bat du.

Gainera, inpaktu hirukoitza (ekonomikoa, soziala eta ingurumenekoa) hartzen du kontuan, eta, ibilbide-orriari esker, TECNALIAk enpresa eta erakundeei deskarbonizazio-prozesuetan laguntzen jarraituko die, metodologia kontrastatua eta soluzio teknologiko berritzaileak baliatuz.

Deskarbonizaziorako ekintzak

Plan honek hiru neurgailu ditu oinarri, Berotegi Efektuko Gasen Protokoloan ezarritako sistemaren arabera: lehenik, jarduerak sortzen dituen emisioetan neutraltasuna lortzea, flotaren elektrifikazioaren bidez (autoen % 39 elektrikoak dira eta % 61 hibridoak), emisio baxuko barne- eta kanpo-mugikortasunerako plana, energia kontsumitzen duten instalazioak berritzea eta energia-eraginkortasuna hobetzeko eta emisio-mailak murrizteko plan berriak ezartzea; bigarrenik, energia-erabilerak sortutako emisioak neutralizatzea, energia berriztagarria erosiz; eta, hirugarrenik, TECNALIAk parte hartzen duen balio-kateak sortutako emisioak arintzea, erosketa-politika jasangarriago bat bultzatuz.

Hartutako neurriei esker, TECNALIAk % 37 murriztu ditu lehen helmeneko emisioak 2019az geroztik (Europar Batasunaren erreferentzia-urtea da, neurketetarako); eta bigarren helmeneko emisioei dagokienez, 2022ko urtarrilaz geroztik, neutroa da, kontsumitutako elektrizitate guztia jatorri berriztagarrikoa baita. Horrek esan nahi du, 12 eraikinetan banatutako 1.500 lagunetik gorako taldearekin, TECNALIAk CO2 emisioak 2.000 tonatan murriztea lortu duela 2021era arte (Donostiaren eta Bruselaren arteko joan-etorriko 2.750 auto-bidaiaren baliokidea).

Ekimenak enpresekin

Zentroan bertan martxan jarri ondoren, TECNALIA enpresetan ari da ezartzen esperientzia aitzindari hori, karbono-aztarna murrizteko behar duten I+G+B identifikatzen eta garatzen lagunduko dieten berrikuntza-proiektuen bidez. “Geure gain hartzen dugu herrialdearen deskarbonizazioan dugun erantzukizuna. Aitzindariak gara arlo honetan, eta beste industria batzuei gauza bera egiten laguntzeko teknologia garatzen ari gara”, azaldu du José Luis Elejaldek, TECNALIAko Trantsizio Energetiko, Klimatiko eta Urbanoko zuzendariak.

Proiektu integralak dira, eta hauek hartzen dituzte barnean, besteak beste: karbono-aztarna modu automatizatuan kalkulatzea, emisioak murrizteko helburuak ezartzea eta prozesu eraginkor eta jasangarriagoak lortzeko soluzio teknologikoak garatzea eta ezartzea.

Hala, Mercedes -Benz Vitoriari eskaini zaion laguntzan, emisioen diagnostikoa egin dute, deskarbonizaziorako agertokiak prestatu dituzte teknologia emergente eta berritzaileenak baliatuz, eta deskarbonizazioak jardueraren beraren lehiakortasunean eta tokiko ekonomian duen eragina ere ebaluatu da, 2039rako zero emisioko fabrika izatea lortzeko.

Gainera, ITP-Aerorekin batera lan egin du Tecnaliak zuzeneko eta zeharkako emisioen diagnostikoan eta inbentarioan, eta zientzian oinarritutako deskarbonizazio-helburuak definitu ditu, SBTi (Science Base Targets Initiative) ekimenaren NET ZERO estandarraren eskakizunen arabera.

TECNALIAri buruz

TECNALIA Espainiako ikerketa aplikatuko eta garapen teknologikoko zentro handiena da, erreferentziazkoa Europan eta Basque Research and Technology Alliance-ko kide. Enpresei eta erakundeei laguntzen die, haien lehiakortasuna, pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko eta hazkunde jasangarria lortzeko, ikerketa teknologikoaren eta berrikuntzaren bidez mundu hobea eraikitzeko konpromisoa hartu duten 1.500 lagunetik gorako taldeari esker. Hori dela eta, TECNALIAren ikerketak benetako eragina du gizartean, eta onurak sortzen ditu bizi-kalitate eta aurrerapen gisa.

Hauek dira bere jarduera-eremu nagusiak: fabrikazio adimenduna, eraldaketa digitala, energia-trantsizioa, mugikortasun jasangarria, osasuna eta elikadura, pertsonalizatua, hiri-ekosistema eta ekonomia zirkularra.

European Research Survey ERSk egindako ospeari- eta posizionamenduari buruzko azken azterketan (2022an egina da), TECNALIA lehen postuan ageri da I+G+Bn markak duen ospeari dagokionez.

www.tecnalia.com

Informazio gehiago: Itziar Blanco (681 273 464)