Prentsa-oharra

      TECNALIAk eraikuntzako teknologia berritzaileak aurkeztuko ditu REBUILD 2025en

      2025ko maiatzaren 13a

      TECNALIA presenta en REBUILD 2025 tecnologías innovadoras para la construcción.

      TECNALIAk eraikuntza automatizatzeko eta industrializatzeko teknologia berritzaileak aurkeztuko ditu REBUILD 2025en

      • Ikerketa eta garapen teknologikoko zentroak honako teknologia hauek aurkeztuko ditu: balkoi modular industrializatu bat, oinarri biologikoko materialekin egindako fatxada modular industrializatu bat, eraikuntza-sistemak industrializatzeko soluzio robotizatuak, kontaktua behar duten zereginetarako aireko robot bat, materialen balioa handitzeko sentsorika eta AAko sistema bat eta ebaluazio- eta ziurtatze-zerbitzuak

      2025eko apirilaren 22a. Ikerketa eta garapen teknologikoko TECNALIA zentroak eraikuntza automatizatzeko, industrializatzeko, digitalizatzeko eta deskarbonizatzeko berritasun teknologikoak aurkeztuko ditu REBUILD 2025en. Sektorea eraldatzeko berrikuntza-foro handiena da REBUILD 2025 azoka eta apirilaren 23tik 25ra bitarte ospatuko da Madrilgo IFEMAn. TECNALIAk 80m2-ko stand bat izango du 10. pabilioian (10E564 standa).

      Teknologia horien helburua da eraikuntzako balio-kate osoko agenteekin elkarlanean aritzea, hori eginda eraikitako produktuen, sistemen eta aktiboen produktibitatea, errentagarritasuna eta kalitatearen bermea areagotzen eta lanaren eta egituren segurtasuna ziurtatzen laguntzen duten soluzioak garatzeko, baita eraikuntza-hondakinak minimizatzeko ere.

      Zehatzago esanda, soluzio hauek aurkeztuko ditu: errehabilitazio eta obra berrietarako balkoi modular industrializatu bat, oinarri biologikoko materialekin egindako fatxada modular industrializatu bat, eraikuntzako ekoizpen-prozesuak automatizatzeko soluzio bat, kontaktua behar duten zereginetarako aireko robot bat, materialen balioa handitzeko sentsorika eta AAko sistema bat eta ebaluazio- eta ziurtatze-zerbitzuak.

      Ildo horretatik, TECNALIACO Next Constructioneko zuzendari Iñigo Vegasek azpimarratu duenez, Europak BPG industriala indartu eta areagotu behar du, eta, horretarako, eraikuntza-sektoreak manufaktura-inplementazio berriak egin behar ditu epe labur edo ertainean eta makina eta sistema robotizatu berritzaileak eskatuko ditu epe ertain edo luzean. REBUILD 25 azokan, produktibitateari, kalitatea bermatzeari, deskarbonizazioari eta segurtasunari lotuta eraikuntzaren etorkizuna zehaztuko duten soluzio aurreratu batzuk aurkeztu nahi ditugu.

      TECNALIAk REBUILD 2025en aurkeztuko dituen soluzioak

      Lehenik eta behin, errehabilitazioetarako eta obra berrietarako balkoi modular industrializatu bat aurkeztuko du TECNALIAk, zeina Zabalandi, Talleres Gorlan, Etxesoft, Domusa eta IDKrekin batera sortu baitu BALIN proiektuaren baitan. Soluzioak Eusko Jaurlaritzaren Garapen Ekonomiko, Jasangarritasun eta Ingurune Sailaren babesa jaso du HAZITEK programaren eta Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren (FEDER) bidez.  Dagoeneko eraikita dauden etxebizitzetan balkoiak jartzeko aukera ematen du soluzio berri horrek. Balkoiak, gainera, energia elektrikoa modu berriztagarrian sortzeko sistemak, aireztapen-sistemak eta energia-kudeatzaile adimendun bat ditu, eta, hala, eraikinaren osagai aktibo bihurtzen da.

      Bigarrenik, oinarri biologikoko materialekin egindako fatxada modularraren kontzeptu berri bat aurkeztuko du TECNALIAk. Offsite fabrikatzen da, eta, ondorioz, eraginkorragoa eta zehatzagoa dela eta onsite modu seguru, erraz eta bizkorrean munta daitekeela bermatzen da. Sistema, diseinuz, desmuntatu egin daiteke, bai mantentze-lanak egiteko, baita geroago material zirkularren ziklo itxietan erabiltzeko ere.

      Hirugarrenik, eraikuntzako ekoizpen-prozesuak automatizatzeko soluzio bat aurkeztuko du, zeina bideratua baitago robotikoki fabrikatutako eraikuntza-prozesu eta/edo -produktuen xehetasun dimentsionalak zehaztera eta sortzera. Haren helburua da 3D eraikuntza-sistema industrializatuen balio-katea automatizatzeko eta digitalizatzeko soluzio bat eskaintzea ikusmen artifizialeko eta AAko prozesu industrialak garatuz. Prozesuen kalitatea eta akatsak gainbegiratzeko automatizazio-maila areagotzea ahalbidetzen du soluzioak, baita ekoizpen-ahalmena eta errentagarritasuna hobetu ere.

      Laugarrenik, altueran, iristen zailak diren lekuetan edo azalera inklinatuetan lanak egiteko aireko robot bat aurkeztuko du ikerketa eta garapen teknologikoko zentroak. Sistema berritzaile hau edozein norabidetan mugitzeko eta orientatzeko gai da, eta bertan sentsoreak, buruak, tresnak eta beso robotikoak jar daitezke era askotako zereginak egiteko.

      Bosgarrenik, azokara joaten direnek Trazia ezagutzeko aukera izango dute, materialen balioa handitzeko balio duen AAn oinarritutako seinale anitzeko sentsore-sistema aurreratua. Baliabide materialen ezaugarri asko (adibidez, morfologia, kolorea, tamaina eta konposaketa kimikoa) iragartzeko eta haien segimendua egiteko gaitasuna du, eta, hala, sektorean informazioaren trazabilitatea areagotzen du.

      Halaber, TECNALIAk bere ebaluazio-, saiakuntza- eta ziurtatze-zerbitzuak aurkeztuko ditu. Funtsezkoak dira sektoreko hainbat arlotan berrikuntzak egiteko, Eraikuntzaren Kode Teknikoaren baitan bete behar diren baldintzetan, hala nola hauekin lotutakoetan: suteen aurkako segurtasuna, erabilera-segurtasuna, irisgarritasuna, zerbitzuko portaera eta materialen iraunkortasuna. TECNALIAk, Eraikuntzako Produktuen Araudiaren arabera Ebaluazio Teknikoko Erakunde gisa jarduten duenez, produktu berritzaileen Europako ebaluazio teknikoak egin ditzake; besteak beste, sistema industrializatuen diseinu berrienak.