Prentsa-oharra

    TECNALIAk nazioarteko merkatuetarako suteen eskala handiko saiakuntzak egiteko gaitasuna handitu du

    2025ko uztailaren 18a

    TECNALIA amplía su capacidad de ensayos de fuego a gran escala para los mercados internacionales

    TECNALIAk nazioarteko merkatuetarako suteen eskala handiko saiakuntzak egiteko gaitasuna handitu du 

    • Ikerketa eta garapen teknologikoko zentroak akreditazioa lortu du suteen eskala handiko saiakuntzak egiteko Kanadako araudiaren arabera. Lehenago Estatu Batuetako edo Erresuma Batuko araudietarako lortutakoei gehitu zaie, eta gaitasun hori duen Europako laborategi bakarra da
    • Saiakuntza horien bidez, eraikuntzarako inguratzaile-sistemak baliozkotzen dira, altuera handiko eta eraikin berezietako segurtasuna bermatzeko, eta negozio-aukera bat dira eraikuntza-enpresentzat merkatu berrietara iristeko
    • TECNALIA erreferentzia da Europan suteen aurkako segurtasunean, eta duela 25 urte baino gehiagotik eraikuntzaren industriari laguntzen ari da haren garapenen bideragarritasuna eta efikazia bermatzen, merkatura lasterrago irits daitezen 

    Azpeitian, 2025eko uztailaren 18an. TECNALIA ikerketa eta garapen teknologikoko zentroak suteen eskala handiko saiakuntzak egiteko beste akreditazio bat lortu du: Kanadako araudiaren araberakoa. Lehenago Estatu Batuetako edo Erresuma Batuko araudietarako lortutakoei gehitu zaie, eta gaitasun hori duen Europako laborategi bakarra da. Horrela, negozio-aukera berriak irekitzen zaizkie eraikuntza-industriako enpresei, Europatik haragoko merkatu hain arautu eta zorrotzetan.

    Akreditazio berriak CAN/ULC-S134-13 arauari erantzuten dio, eta aukera ematen du Kanadan eraikuntzan erabiltzeko inguratzaile-sistemak baliozkotzeko, altuera handiko eta eraikin berezietako segurtasuna bermatzeko. Horretarako, fatxadako sistemek suteen aurrean duten benetako portaera ebaluatzen da, eraikinaren oinean sutea dagoela simulatuz eta sugarren hedapena, bero-fluxua eta sua higiezinaren barrura sartzeko aukera aztertuz.

    Egiaztagiri horrekin, osatu egiten dira zentroak lehendik zituen akreditazioak. Zentroa Europako erreferentzia da suteen aurkako segurtasunean, eta duela 25 urte baino gehiagotik eraikuntzaren industriari laguntzen ari da haren garapenen bideragarritasuna eta eraginkortasuna bermatzen, merkatura lasterrago irits dadin. Aipatu ditugun araudiak Erresuma Batuko, Estatu Batuetako eta Ekialde Ertaineko erreferentziazko arauak dira, eta munduko beste herrialde batzuetan ere aplikatzen dira.

    Akreditazio hori edukitzeak nazioarteko araudiak betetzen laguntzen die industria horretako enpresei, eta negozio-aukera berriak irekitzen dizkie. Izan ere, akreditazioaren bidez, produktuak eta eraikuntza-sistemak homologatu ditzakete oso ingurune arautu eta zorrotzetan, non saiakuntza-mota horiek baldintza baitira fatxadako soluzioak merkaturatzeko.

    Saiakuntza-laborategi aitzindaria

    Hori posible egiteko, TECNALIAk fatxadetan sutea zabaltzeko eskala handiko saiakuntzak egiteko laborategi bat jarri zuen abian 2018an, Azpeitian (Gipuzkoa) dituen instalazioetan, non 75 saiakuntza baino gehiago egin baitituzte 22 enpresa baino gehiagorekin.

    • Suteen aurrean segurtasuna bermatzea da lehentasunetako bat, bai obra berriak bai birgaitzea egiten dituzten enpresentzat, eta, eraikinen etorkizuna ziurtatze aldera eta kanpoko suteen aurrean portaera ona bermatze aldera.
    • Gainera, araudia gero eta zorrotzagoa da, eta zehazten du saiakuntzak eta justifikazio teknikoak behar dituztela eraikuntza-proiektuetan sartutako soluzioek.
    • Horregatik, laborategi horretan, enpresek beren produktu eta garapen berritzaileak probatu ditzakete, haien bideragarritasuna eta eraginkortasuna ziurtatzeko, emaitzaren ebaluazioa saiakuntza-txosten akreditatu batean jasotzeko eta produktuak ahalik eta azkarrena merkaturatzeko. Zehazki, hiru lan-ildo daude: suteen aurkako segurtasun-prestazioak karakterizatzea, Europako eta nazioarteko araudietan oinarrituta (etengabe aldatzen ari da); International Laboratory Accreditation Cooperation (ILAC) erakundeak eraikuntza-produktuetarako akreditatutako saiakuntza- eta sailkapen-txostenak lortzea eta aplikazio-araurik ez duten produktu berritzaileetarako egokitasun teknikoko dokumentuak lortzea; eta erregelamendu-eskakizunen arloko aholkularitza, negozio-lerroak beste sektore edo merkatu batzuetara dibertsifikatzea lortzeko.

    Eskala handiko saiakuntza-metodologietan, eraikinaren fatxadatik hedatzen ari den sute bat erreproduzitzen da; izan kanpoan sortutako sute bat, izan eraikin barruko gela batean piztu eta, ondoren, leiho batetik fatxadara hedatutakoa. Hori dela eta, saiakuntza horrek aukera ematen du laborategian zehazteko fatxadetarako soluzio integralek zer eraginkortasun duten sutea kanpotik hedatzen den kasuetan, benetako sute baten tamainatik hurbilago dagoen sute batean.