SPRIrekin batera, aurrez aurreko jardunaldi bat egingo dugu, honako hauek aztertzeko: AA agentikoan oinarritutako sistema autonomoen potentziala eta haiek industriaren egungo erronketan duten eragina
Erabaki autonomoetan oinarritutako industria-agertoki berria
Sistemak datuak prozesatzera mugatzen ez diren eredu baterantz doa AA agentikoa. Sistemek gaitasun autonomoak garatzen dituzte, industria-ingurune konplexuetan erabakitzeko, koordinatzeko eta jarduteko. Jardunaldi horretan, teknologia horiekin lanean ari diren espezialistak bilduko dira, eta teknologia horiek zenbait arlotan balioa nola gehitzen duten erakutsiko dute, hala nola eragiketa aurreratuan, zibersegurtasunean, efizientzia energetikoan eta prozesuen erresilientzian.
- Paradigma berri horri buruzko ikuspegi kontzeptual batekin irekiko dugu topaketa.
- Hortik abiatuta, TECNALIAk garatzen dituen gaitasun teknikoetan sakonduko dugu, esperientzia egiaztatuetan eta erabilera-kasu errealetan oinarrituta.
TECNALIAk funtsezko gaitasunei buruz duen aditu-begirada
Saio teknikoa lau esku-hartzeren inguruan egituratzen da, eta saioaren ikuspegi zabalaren erakusgarri dira esku-hartzeok.
- Iván Gutierrez Core Ciberseguridad-eko arduradunak azalduko du autonomiak arrisku berriak dakartzala, eta arrisku horiek industria-sistemen babesa indartzeko aukera bihur ditzakegula.
- Raul Miñón Datuen eta Konputazioaren arduradunak eragile adimendunen arkitekturak aurkeztuko ditu, zeinak ingurune operatiboetan era egonkorrean integratzen baitira eta informazio-fluxu konplexuak kudeatzen baitituzte.
- Cristina López Core Visualeko arduradunak ikusmen artifizialeko eta AA multimodaleko aurrerapenei helduko die, zeinek sistema horien pertzepzio-gaitasuna handitzen baitute.
- Diana Manjarrés Core IAko arduradunak aztertuko du zer eginkizun duten AA aurreratuak eta eragile anitzeko sistemek zeregin banatuak eta konplexutasun handikoak ebazteko.
Ekarpen horien bidez, marko sendo bat eraikiko dugu, soluzio horiek prozesu industrialetan duten benetako potentziala erakusten duena.
Sektore anitzeko ikuspegiak eta etorkizuneko bilakaera
Jardunaldiaren bigarren zatian, sektore anitzeko elkarrizketa-gune bat bultzatuko dugu, dagoeneko teknologia autonomoak garatzeko lanean ari diren enpresekin. Solasaldian aztertuko da zer oztopo dauden energiaren, robotikaren eta telekomunikazioen sektoreetan teknologia horiek txertatzeko, eta ikaskuntza praktikoak eta lankidetza-aukerak analizatuko dira.
Saioa amaitzeko, hausnarketa egingo dugu, guztien artean, teknologia horren etorkizunari buruz eta datozen urteetan industrian izango duen zereginari buruz.
