BIOSPAIN 2026n egongo da TECNALIA, Espainiako bioteknologia-ekitaldi nagusian
Barakaldok bioteknologia-sektoreko Europako topaketa handienetako bat hartuko du. BIOSPAIN irailaren 29tik urriaren 1era egingo da, Bilbao Exhibition Centren (BEC), eta aurten ere parte hartuko du TECNALIAk.
Ekitaldian, mundu osoko bioteknologia- eta farmazia-enpresak, startupak, teknologia-zentroak, osasun-erakundeak eta inbertitzaileak bilduko dira, negozio-, lankidetza- eta berrikuntza-aukera berriak sortzeko.
Bioteknologiak, osasun digitalak eta adimen artifizialak bat egitearen eraginez osasun-sektorea eraldatzen ari den honetan, enpresei teknologia diferentzialak garatzen laguntzera bideratzen da TECNALIAk BIOSPAINera eramango duen balio-proposamena; ikerketa aplikatutik hasi eta baliozkotzera eta merkaturako transferentziara iristen da.
Smart Medical Devices: osasun-arreta adimendunagoa lortzeko berrikuntza
Osasunaren etorkizunerako esparru estrategikoa den Smart Medical Devices arloan ditugun gaitasunak aurkeztea izango da gure parte-hartzearen ardatz nagusietako bat. Elektronika, sentsorika, konektagarritasuna, adimen artifiziala eta datu-analisia barne hartzen dituzten soluzio mediko aurreratuak garatzen ditugu, gaixotasunen prebentzioa, diagnostikoa, jarraipena eta tratamendua hobetzeko.
Sektoreko enpresekin batera lan egiten dugu ideia berritzaileak osasun-produktu seguru eta eraginkor bihurtzeko eta merkaturatzeko prestatzeko; horrela, arrisku teknologikoak murriztu eta garapen-prozesuak bizkortzen ditugu.
Gainera, aurrerapenak izan dituzten zenbait ekimen erakutsiko ditugu, hala nola EPID-IA, adimen artifiziala osasun-arlora aplikatzean zentratua, eta A4S, osasun-arreta eraginkorragoa, pertsonalizatuagoa eta jasangarriagoa lortzen lagunduko duten soluzio teknologiko berriak bultzatzera bideratua.
Gaitasun aurreratuak industria farmazeutikorako eta bioteknologikorako
Garapen- eta berrikuntza-prozesuak bizkortu nahian bazkide teknologiko baten bila dabiltzan farmaziako, bioteknologiako eta teknologia medikoetako enpresentzat ditugun gaitasunen berri ere emango dugu BIOSPAIN 2026n.
Diagnostikorako eta produktuak garatu eta baliozkotzeko funtsezkoak diren zenbait jarduera barne hartzen ditugu:
- Garapen farmazeutikoa, produktu farmazeutikoen transferentzia eta eskalatzea.
- Genetikan espezializatutako teknologiak.
- Mikrobioma-azterketak
- Bioziden eraginkortasunaren ebaluazioa.
- I+G eta baliozkotze-jardueretarako laguntza zientifiko-teknikoa.
Gaitasun horiei esker, garapen-denborak murrizten, ziurgabetasunak minimizatzen eta berrikuntzak azkarrago merkaturatzen laguntzen diegu enpresei.
3D bioinprimaketa: medikuntza pertsonalizatuaren etorkizuna eraikitzen
BIOSPAIN 2026ko agendaren barruan, 3D bioinprimaketari buruzko mahai-inguru batean parte hartuko dugu; eraldaketarako potentzial handiena duten teknologietako bat da hori medikuntza birsortzailearen eta eredu biomediko berrien garapenaren arloan.
"The clinical future of bioprinting: from biofabrication technologies to next-generation regenerative therapies", irailaren 30ean izango da, 9:30ean. Topaketa horretan, biofabrikazioan eta bioinprimaketan oinarritutako soluzioak garatzen dugun esperientzia partekatuko dugu: ehunen ingeniaritzarako aplikazioak, ikerketa biomedikorako eredu aurreratuak eta medikuntza pertsonalizaturako estrategia berriak.
Bertaratzen direnek lehen eskutik ikusi ahal izango dituzte TECNALIA arlo horretan garatzen ari den gaitasunak, bai eta teknologia horiek eskaintzen dituzten aukerak ere: ikerketa bizkortzeko, baliozkotze preklinikoa hobetzeko eta paziente bakoitzaren beharretara egokitutako tratamendu zehatzagoetarantz aurrera egiteko.
BIO4 campusa
BIOSPAIN ekitaldian, gure osasun-taldeak TECNALIA2BIO4 aurkeztuko du. Proiektu horren helburua da BIO4 campusean dauden erakundeen gaitasunak indartzea, bai ikerketaren eta garapenaren arloan, bai monetizazioaren eta negozioen arloan.
“Science2Industry Bridging: Serbiara nazioarteratzeko aukerak Espainiako bioteknologia-enpresentzat” jardunaldia irailaren 30ean, 13:00etan, egingo da, BIOSPAINen markoan, eta Espainiako enpresei Serbian sortzen ari diren negozio-, lankidetza- eta esportazio-aukerak aurkeztea du helburu; bereziki, bioteknologiaren eta bioekonomiaren arloetan Europako hego-ekialdeko ekimen estrategiko garrantzitsuenetako bat den BIO4 Campus zentroaren ingurukoak.
Saioaren asmoa Serbiako merkatuan sartzeko interesa duten Espainiako enpresak identifikatzea da, eta etorkizunean enpresak konektatzeko ekintzak egiten laguntzea. Interesa baduzu, jarri gurekin harremanetan eta bidali mezu bat carmen.pastor@tecnalia.com helbidera.
Zientzia, teknologia eta merkatua lotzen ditugu
BIOSPAIN zientzia, industria eta inbertsioa lotzeko nazioarteko foro nagusietako bat bihurtu da bizitzaren zientzien arloan, eta mundu osoko biotech-ekosistemako erreferentziazko milaka profesional eta erakunde biltzen ditu.
Ekitaldiaren hiru egunetan, osasunean, teknologia medikoetan, bioteknologian eta garapen farmazeutikoan berrikuntza-proiektuak bultzatzeko interesa duten enpresa, erakunde eta inbertitzaileekin bilerak egingo ditu gure taldeak.
Gailu mediko adimendunak garatzeko, sendagai berriak baliozkotzeko, 3D bioinprimaketan aurrera egiteko edo adimen artifiziala zure osasun-soluzioetan txertatzeko bazkide teknologiko baten bila bazabiltza, BIOSPAIN 2026n zain izango gaituzu.
