Bidaia bat osasunari aplikatutako zientzia kuantikoaren mundura
Zientziarik aurreratuena ere erraz azaldu daiteke. Horregatik parte hartuko dugu irailaren 25ean Ikertzaileen Europako Gauean, Bilbon; Europako ehunka hiritan aldi berean ikerketa gizarteratzeko helburuarekin egiten da ekimen hori.
Jardunaldia doan da, eta publiko guztiei irekia dago. Bertan, erakutsiko dugu nola lagundu diezaiokeen diamanteetan oinarritutako teknologia batek biomedikuntzaren aurrerapenari. Harribitxi konbentzionalak izatetik urrun, material horiek alterazio txikiak dituzte egitura kristalinoan, nitrogeno-hutsune (NV) zentro deituak. "Akats" horiek aldakuntza magnetiko mikroskopikoak detektatzeko gai den sentsore kuantiko oso sentibera bihurtzen dute diamantea.
PROMISE Quantum: diamante bat sentsore bihurtzen denean
PROMISE Quantum ekimenaren markoan kokatzen da jarduera: TECNALIAk zuzentzen duen ekimen europar bat da, diamanteetako NV-zentroetan oinarritutako teknologia kuantikoen garapena bultzatzen duena doitasun handiko irudi magnetikoak lortzeko.
Gure helburua teknologia hori benetako aplikazioetara hurbiltzea da, soluzio sendo, eskuragarri eta erabilerrazen bidez. Haren gaitasunek hainbat aukera zabaltzen dituzte arlo estrategikoetan, hala nola hauetan:
- Biomedikuntza eta zelula-prozesuen azterketa.
- Materialen zientzia.
- Erdieroaleen karakterizazioa.
- Sentsore kuantikoen bidezko monitorizazio aurreratua.
Etorkizunean, teknologia horiek lagungarriak izan litezke zelulen jarduera modu ez-inbaditzailean behatzeko, eta hala, informazio baliotsua eman lezakete gaixotasun konplexuak ulertzeko, minbizia barne.
Zuzeneko erakustaldi bat ikusezina ikusteko
PROMISE Quantum standean, non EHUrekin batera egongo baikara, ikusiko duzu nola uztartzen diren teknologia kuantikoa eta zelula-biologia ikusezina ikustarazteko.
- Erakutsiko dizugu nola lan egiten dugun diamante oso bereziekin. Diamante horiek aldaketa txikiak dituzte beren egituran (NV-zentro deituak), zelulak hobeto ulertzen laguntzen diguten sentsore kuantiko oso zehatz gisa jokatzen dutenak.
- Zuzenean ikusi ahal izango duzu nola neurtzen duen zuntz optikoa duen nitrogeno-hutsune zentrodun sentsore batek eta nola den gai iman bat mugitzean gertatzen diren aldaketak eta hark sortzen duen eremu magnetikoa detektatzeko.
- Orobat ikusi ahal izango dituzu osasunaren eta ikerketa translazionalaren arloko beste ekimen batzuk, minbiziarekin, emakumeen talentu zientifikoa sustatzearekin eta etorkizuneko tratamendu onkologikoetarako nanoimanak garatzearekin lotutakoak, ginkana baten bidez.
Ikertzaileen Europako Gaua aukera paregabea da ikusteko gaur egiten dugun ikerketak nola eralda ditzakeen biharko medikuntza, industria eta mundua ulertzeko modua.
