Monitorizazio-plataforma eramangarri bat aurkeztuko dugu: AA eta fotonika nekazaritzako elikagai jasangarrien alde
SECPHOk antolatutako Market Focus: Agroalimentación Sostenible topaketan parte hartuko du TECNALIAk, otsailaren 24an. Adimen artifiziala, fotonika eta deeptech teknologiak nekazaritzako elikagaien kate osoa eraldatzen ari dira, eta hori izango da ekitaldi birtualaren ardatza.
- Topaketan, ekosistema teknologikoko adituek arrakasta-kasuak eta aplikazio errealak aurkeztuko dituzte: sentsorika aurreratua, ikusmen espektrala, algoritmo prediktiboak eta datuetan oinarritutako soluzioak, produktibitatea hobetzeko, ingurumen-inpaktua murrizteko eta nekazaritza-sektorearen erresilientzia handitzeko.
- Teknologia horiei esker, arriskuak aurreikusteko eta baliabideak optimizatzeko gai diren AA-ereduen eta sentsore optikoen bidez parametro kritiko batzuk monitoriza daitezke, hala nola lurzoruaren hezetasuna, mantenugaiak eta izurriteen presentzia.
Sentsorika aurreratua nekazaritza seguruagoa eta eraginkorragoa izan dadin
Web-mintegi honetan gure lankide Bergoi Ibarluceak hartuko du parte, Osasun Biomaterialen ikertzailea. Bergoik "Egoera solidoko hartzidura-prozesuetan jarduera entzimatikoa monitorizatzeko plataforma eramangarria" aurkeztuko du.
- Sentsorikako eta bioteknologiako teknika berriek nekazaritzako elikagaien industriako prozesuen kontrola nola iraultzen ari diren azalduko digu gure lankideak.
- Biomaterialen taldea lanean ari da analisi azkar, zehatz eta ez-inbaditzaileak egiteko aukera ematen duten soluzioak garatzeko. Horrez gain, Raman espektroskopiarekin, ultrasoinuekin eta lab-on-a chip gailuekin ere ari dira lanean, erabakiak azkarrago hartzeko eta balio-katean elikadura-segurtasuna hobetzeko.
- Berrikuntza horiek ahalmen aurreratuak eskaintzen dizkiote sektoreari kutsatzaileak goiz detektatzeko, kalitatea in situ kontrolatzeko eta automatizazio adimendunerako, eta ekoizpen jasangarriagoa lortzen eta merkatuaren egungo eskakizunekin bat etortzen laguntzen dute.
Nekazaritzako elikagaien sektorea eraldatzea bultzatzeko funtsezko ekitaldi bat da.
SECPHOren Market Focusa topagune gisa finkatu da, 4.0 industrian, smart city edo hiri adimendunetan, ingurumenean eta antzeko sektoreetan deeptechek dituen azken aplikazioak ezagutu nahi dituzten profesionalentzako. Helburua da lankidetza sustatzea eta erakustea fotonika, sentsorika eta AA nekazaritzako elikagaien sektorearen lehiakortasuna eta jasangarritasuna eraldatzen ari direla.
TECNALIAren parte-hartzeak islatzen du enpresei, kooperatibei eta ekoizleei balio erreala emango dieten soluzio teknologikoak garatzeko dugun konpromisoa, eta ahalbidetzen du urrats sendoak ematea elikadura seguruago, eraginkorrago eta jasangarriago baterantz.
