Gaurko etapa berri honetan, hidrogeno berdearen haranen garapena bultzatzea ahalbidetuko duten etorkizuneko «% 100 hidrogenozko banaketa-sareak» ikertzen eta diseinatzen ari gara.
Izan ere, gas berriztagarriak banatzeko modu berrien garapenean ez ezik, hidrogenoaren ekonomia berri baten sorkuntzan ere ari gara parte hartzen, haren balio-katean dauden negozio-aukerekin, sorkuntza eta biltegiratzetik kontsumoraino…; eta teknologia esportatzea ahalbidetzen dugu.
Nortegas Espainiako bigarren konpainia da gas-banaketan; 8.100 kilometro baino gehiagoko sarea du, eta milioi bat hornidura-puntu baino gehiago Euskadin, Asturiasen eta Kantabrian.
250 profesionaleko taldearekin, etxeei, enpresei eta industria-sareari zerbitzu segurua, eraginkorra eta hurbila eskaintzeko lan egiten du. Berrikuntzaren eta garapenaren alde egin duen apustuak energia-zerbitzu berrien bidean aurrera egin nahi du, eta pertsonen ongizateari eta hazkunde jasangarriari lagundu.
Etxeetan eta industrian gas naturala erabiltzen hamarkadak eman ondoren, deskarbonizazioak eredu berri batera bultzatu gaitu. Gas-enpresok horrelako aldaketetara ohituta gaude. Lehen, hidrogenoan eta hidrokarburoetan oinarritutako konposizioa zuen gas horrek, eta gas naturala iritsi zenean sareak eraldatu genituen, egokitu zitezen.
«Sare gehienak, ondorioz, gas naturalerako diseinatuta daude; hori dela eta, funtsezkoa da analizatzea zer gertatzen den hidrogenoa proportzio desberdinetan nahastean, bai haren osotasunarekin, bai sarearen segurtasunarekin edo operatibarekin», adierazi du Pablo Corengiak, TECNALIAko Hidrogeno, Material eta Prozesuetako Zuzendariak.
Testuinguru horretan, NORTEGAS eta TECNALIA lankidetza estuan ari gara hidrogenoak azpiegituretan dituen eraginak ulertzea eta lantzea ahalbidetzen duten soluzioak ikertu eta garatzeko, beste industria-bazkide batzuk bidelagun ditugula, hala nola ABC Compresores, H2Site, Erreka, Fidegas eta Orkli. Horretarako, gas naturala banatzeko sare erreal baten erreplika den testatze-azpiegitura bat diseinatu dugu, osagai errealekin eta etxeko instalazioak simulatzen dituen gune batekin.
«Azpiegitura horretako sentsoreek sarearen eta erabiltzailearen instalazioen portaera monitorizatzen dute gas naturalarekin nahastutako hidrogeno-portzentaje desberdinekin —% 20ra artekoak— egiten diren probetan», nabarmendu du Daniel Cuadradok, NORTEGASeko Berrikuntza Arduradunak.
Bertan, ihesak detektatzeko probak egin ditugu, ekipo eta osagaien egiaztapena, materialek hidrogeno-portzentaje desberdinekin duten portaeraren ebaluazioa, eta konposizioaren aldakuntzari eta are estratifikazioari buruzko azterketak, besteak beste.