"Aleazio metaliko efizienteagoak eta jasangarriagoak garatzen ditugu"
TECNALIAk adimen artifizialeko tresnak erabiltzen dituen "metalurgIA" berria bultzatzen du
MetalIA proiektua adimen artifizial aurreratua txertatuz metalurgia tradizionala eraldatzeko ekimena da. Helburua da aleazio berri efizienteagoak eta jasangarriagoak garatzea.
Proiektuarekin, metalurgiaren esparruan ezagutza-muga berriak ireki nahi dira, eta gaur egun materialak diseinatzeko eta fabrikatzeko dauden prozesuak bizkortu. Ekimen honen asmoa da prestazio hobeak dituzten eta industria-sektorearen erronka teknologikoei erantzuteko gai diren aleazio disruptiboak sortzea.
MetalIAren helburu nagusietako bat da lehengai kritikoen (CRM) erabilera gutxitzea, indarrean dagoen Europako legeriarekin bat etorriz. Horretarako, proiektuak hiru ikerlerro nagusi ditu:
- Nikel oinarriko, aleazioak eskakizun zorrotzeko aplikazioetarako.
- Aleazio magnetikoak, material birziklatuak erantsiz, lur arraroekiko mendekotasuna gutxitzeko.
- Entropia handiko aleazioak (HEA), egiturazko propietate eta propietate funtzional berriak ardatz hartuta.
Estrategiak uztartzen ditu: ezagutza metalurgikoa, fabrikazio- eta karakterizazio-teknika aurreratuak eta modelizazio konputazionala eta adimen artifizial sortzailea dauzkaten tresna digitalak.
"metalurgIA” berriaren partzuergoa
Honako hauek osatzen dute partzuergoa: TECNALIA, BCMaterials, Tekniker eta Deustuko Unibertsitatea. Erakunde bakoitzak bere esparruan duen espezializazioa eskaintzen du:
- BCMaterials material magnetikoen garapenaren buruan da
- Tekniker entropia handiko aleazioekin aritzen da
- Eta Deustuko Unibertsitateak AA sortzaileko eta zeharkako modelizazioko teknikak lantzen ditu
TECNALIAk proiektua koordinatzen du. Gainera, nikela oinarri duten aleazioen ikerketa gidatzen du, eta birziklatutako material magnetikoen garapenean laguntzen du, esperimentazio-gaitasunak eta metalurgiako eta adimen artifizialeko ezagutza eskainiz.
MetalIA proiektuarekin, metalurgiaren sektoreak beste urrats bat emango du industria berritzaileago, lehiakorrago eta jasangarriago baterantz, adimen artifizialaren ahalmena baliatuz industria-berrikuntza bizkortzeko
