Berria

Aireko robotika haize-sorgailuak ikuskatzeko eta mantentzeko

2024ko otsailaren 21a
Robótica aérea para la inspección y mantenimiento de aerogeneradores

"Gure aireko robotak kondizio meteorologiko txarretan jarduteko gaitasuna du, eta, aldi berean, zehaztasun handiz jarduten da”

Gure aireko robota aplikazio-sorta zabal bati egokitzen zaio

Espainia Europako bigarren herrialdea da potentzia eoliko instalatuari eta energia berriztagarriaren ekoizpenari dagokionez. Gauzak horrela, ugaritu egin dira ikuskapen- eta mantentze-lanak parke eolikoetan. Droneei esker, haize-sorgailuak ikuskatzeko modua iraultzeko aukera sartu da; izan ere, egitura horien egoera ebaluatzeko soluzio efiziente, seguru eta zehatz bat eskaintzen dute. Altuera handian lanean aritzeko eta sarbide zaileko eremuetara iristeko duten gaitasunari esker, industria eolikorako ezinbesteko tresna bihurtu dira droneak eta aireko robotika.

Aireko robot horiek bereizmen handiko kamerak eta sentsore espezializatuak dituzte; haien bidez, gai dira haize-sorgailuen egoerari buruzko irudi zehatzak eta datuak jasotzeko. Robot horien aplikazio nagusien adibide dira pitzadurak eta deformazioak detektatzea eta palen higadura ebaluatzea. Hala, egitura horien osasunaren ikuspegi osoa denbora errealean jasotzeko aukera ematen dute.

Ikuskapen bisualak egiteko duten gaitasunaz gain, droneek ikuskapen termografikoak ere egin ditzakete, zeinek aukera ematen baitute anomalia termikoak zehaztasunez eta azkar identifikatzeko. Horrek erraztu egiten du haize-sorgailuen barneko balizko akatsak garaiz detektatzea eta murriztu egiten du haien jarduerarik gabeko denbora.

Norabide orotako arkitektura-diseinua

TECNALIAk ikuskapen- eta mantentze-lanak egiteko modua eraldatu nahi du. Gure aireko robotak, norabide orotako nabigazio-arkitektura batekin diseinatua, kondizio meteorologiko txarretan jarduteko gaitasuna du, eta, aldi berean, zehaztasun handiz jarduten da. Arkitektura horrek moldakortasun handia ematen dio: edozein orientaziotan hegan egiteko eta posizionatzeko gai da; baita ahuspez ere. Sentsorea (ikuskatzeko/mantentzeko tresna) nahi den norabidean orientatzeko ahalmenak ateak irekitzen ditu esku-hartze posible berri batzuetarako.

Garapen hori aplikazio-aukera zabal batera egokitzen da: haize-sorgailu baten palak ikuskatzea, gas-tangen pareta-lodiera neurtzea, soldadurak berrikustea, eta abar. Horri esker, eskuzko esku-hartzearen beharra ezabatzen du eta hobetu egiten du altuera handiko edo sarbide gaitzeko lekuetako zereginen automatizazioa.

WidEurope; martxoaren 20tik 22ra

Gure aireko robotaren abantailei buruz gehiago jakin nahi baduzu, gonbidatuta zaude martxoaren 20tik 22ra Bilboko Bilbao Exhibition Centerren egingo den WindEurope azokan bisitatu gaitzazun.

Egin hitzordua TECNALIArekin!