Berria

Audio-, bideo-, informazio- eta komunikazio-teknologien alorrean ekipamendu elektrikoei eta elektronikoei segurtasun-saiakuntzak egiteko akreditazio berri bat lortu dugu

2021ko apirilaren 26a
Ensayos Seguridad Digital

EN 62368-1 araua ekipamenduaren erabiltzaileak izan litzakeen arriskuen analisian oinarritzen da

TECNALIAk duela 20 urte baino gehiagotik du ekipamendu elektriko eta elektronikoei dagozkien segurtasun-arauetarako akreditazioa. Azken urtean, baina, aldaketa garrantzitsua gertatu da telekomunikazio-, audio- eta bideo-ekipamenduei dagokien araudian. 2020ko abenduaren 20an, eten egin zen EN 60950 eta EN 60065 arauekiko adostasun-presuntzioa, eta, Europan, haiek ordeztuz, EN 62368-1 gelditu zen arau harmonizatu gisa.

Araudiaren aldaketa handi horretaz baliatuz, TECNALIAk zabaldu egin du audio-, bideo-, informazio- eta komunikazio-teknologien alorrean ekipamendu elektrikoei eta elektronikoei segurtasun-saiakuntzak egiteko zerbitzua, akreditazioaren irismena handituz. Aldaketak zuzenean eragiten die ekipamendu elektronikoen fabrikatzaileei, eta haiei laguntzeko dugun ahalmen teknikoa indartzeari lotua dago gure gaitasunen areagotze hori.

Akreditazioari esker, gure bezeroek (ekipamendu elektrikoen eta elektronikoen fabrikatzaileak) errazago beteko dituzte Europako LVD eta RED direktiben funtsezko eskakizunak.

Arriskuen analisia

EN 62368-1 araua audio-, bideo-, informazio- eta komunikazio-teknologien alorreko ekipamendu elektrikoen eta elektronikoen segurtasunari dagokio, tentsio izendatua 600 V baino handiagoa ez duten bulegoko gailu eta gailu komertzialetarako. Araua ez da komunikazio-teknologiaren eta haren ebaluazioaren araberakoa; aitzitik, ekipamenduaren erabiltzaileak erabilera-baldintza normaletan edo lehenetsietan izan litzakeen arriskuen analisian oinarritzen da, arrisku horiek izanik elektrikoak, mekanikoak, suaren hedapenak eraginak, etab.

Horrenbestez, haren ikuspegia ohiko segurtasun-arauenaren oso bestelakoa da, arrisku-iturriaren arriskugarritasun-mailan eta ekipamenduak xede duen erabiltzaile-tipoaren analisian oinarritzen baitira bete beharreko baldintzak.

Segurtasunarekin zerikusia duten osagaiak ebaluatzeko orduan, oso garrantzi handia hartzen du dokumentazioaren azterketak. Orain, materialek, osagaiek eta zirkuituek arrisku horietan duten inpaktua justifikatu beharko dute fabrikatzaileek, laborategiko saiakuntza-kopurua minimizatuz baina arrisku-analisia maximizatuz.