Berria

Automozioko pieza materialaniztunak lotzeko zelula guztiz automatizatu berritzailea

2018ko martxoaren 16a

Bi teknologia konbinatzen ditu: batetik, laser-teknologia, gune konplexu eta txikietara zehaztasun handiz sartzeko aukera ematen duena, eta, bestetik, indukzioa, eremu handiak merke eta eraginkortasunez lotzeko gai dena

Erregai-kontsumoaren eta emisioen mugak gero eta zorrotzagoak direnez, arintze-estrategiak lantzen ari dira automobilgintzako fabrikatzaile asko. "Material egokia, toki egokian" (the right material, in the right place) lelo hartuta, material desberdinak konbinatzea da joera nagusia, propietate hobeak dituzten osagaiak sortzeko. Batetik, beira-zuntzarekin eta karbonoarekin indartutako konpositeek malgutasuna eta arintasuna ematen dituzte, eta, bestetik, metalek egituraren erresistentzia bermatzen dute; hala, errendimendu/kostu erlazio optimoa lortzen da.

Material-konbinazio horren fidagarritasuna bermatzeko, plastikoz eta metalez osatutako piezak lotzeko zelula erakusle guztiz automatizatua garatu du TECNALIAk, azken osagaiari pisurik eransten ez diona. IVW, Gübesch, EDAG, LTAG, CRF, NIT, Fraunhofer ILT, KGR y FILL enpresen laguntza izan du horretarako.

Teknologia horri esker, bateko, azken emaitzaren pisua % 20raino gutxitu daiteke, eta, besteko, fabrikazio-kostuak murriztu, errefusa gutxiago gertatzen baitira eta ingurumen-inpaktua txikiagoa baita —izan ere, material termoplastikoak erraz konpontzen dira, eta birziklatu egin daitezke, beroa erabilita—. H2020 Flexhyjoin europar proiektuaren baitan gauzatu da zelula hau.

Gainazalaren tratamenduko sistema bat du zelulak. Laser-teknologiaren bidez, mikrobarrunbeak sortzen dira pieza metalikoetan; plastiko urtua barrunbe horietan sar daiteke, eta, hala, lotura erresistenteagoak lortzen dira, katigamendu mekanikoak eratzen direlako. Lotura-prozesua kontrolatzeko eta gainbegiratzeko TECNALIAk garatutako sistemak denbora errealean gainbegiratzen eta kontrolatzen ditu lotura-prozesuaren aldagai garrantzitsuak (tenperatura eta tresnaren indarra), zeinek bermatzen baitute lotura baldintza onenetan egiten dela, eta, hala, prozesuaren fidagarritasuna handitzen da.

Gainera, entsegu-teknika ez-suntsitzaileak erabiltzen ditu akatsak detektatzeko. Zehazki, termografia aktiboa (Lock-in thermography) erabiltzen du, eta analisi-metodo automatizatuak garatzen ditu, zeinak linean ebazten baitute loturaren kalitatea.