"Biriketako gaixotasun interstizialen eboluzioa simulatzeko tresnak adimen artifizialeko algoritmoak aplikatzen ditu"
Biriketako gaixotasun interstizialen eboluzioari aurrea hartzeko Espainiako lehen AA prototipoa aurkeztu dugu.
Bellvitgeko Unibertsitate Ospitaleak biriketako gaixotasun interstizialen etorkizuneko bilakaera simulatzeko gai den eta adimen artifizialean oinarrituta dagoen lehen prototipoa jaso du; Osasun Sistema Nazionalean (OSN) aurrerapen aitzindaria izan da. SEPI-IA izena du tresnak (gaztelaniako izenetik, Simulación Evolutiva Pulmonar Intersticial con Inteligencia Artificial), eta TECNALIAk, Cella Medicalek eta San Carlos Ospitale Klinikoak garatu dute.
- Biriketako patologia horiek urte batera, bira eta hirura izan dezaketen bilakaera modu indibidualizatuan simulatu dezakeen OSNren lehen sistema da SEPI–IA, eta, hari esker, kaltea atzeraezina izan aurretik ikus dezakete espezialistek.
- TECNALIAko Osasun eta Digitaleko taldeek soluzio berritzaile hau garatu dute beharrezkoa baitzen biriketako gaixotasun interstizial hedatsuen diagnostiko goiztiarra eta doitasunezko tratamendu pertsonalizatua egiteko.
Diagnostikoa eraldatzen duen teknologia bat
Prototipoak adimen artifizialeko algoritmoak aplikatzen ditu bereizmen handiko ordenagailu bidezko tomografiaren analisian; hala, gizakientzako ikusezinak diren lesioak detektatu eta kuantifikatu ditzake, eta koloreka sailkatutako mapak erakusten ditu. Teknologia horrek diagnostikoaren zehaztasuna hobetzen du, biriketako gaixotasun minoritarioen progresioa zenbatesten du (biriketako fibrosiarena, adibidez), eta paziente bakoitzaren harreman terapeutikoa optimizatzen du diagnostikoaren unetik bertatik. Hala, farmakoterapia hobeto zuzenduta dago eta gaixotasunaren bilakaeraren jarraipen eraginkorragoa egin daiteke.
TECNALIAren ekarpen teknologikoa funtsezkoa izan da soluzio aurreratu hori garatzeko, irudi medikoak analizatzeko teknikak eta etorkizuneko praktika klinikoa hobetzeko eredu prediktiboak integratu baititu.
Prototipoa emateko ekitaldi instituzionala
SEPI-IA prototipoa emateko ekitaldi ofiziala Bellvitgeko Unibertsitate Ospitalean egin zen. Diana Morant Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitateko ministroa izan zen ekitaldiaren buru, eta han izan ziren Kataluniako Generalitateko Departament de Saluteko kontseilari Olga Pané Mena, Berrikuntzako idazkari nagusi Teresa Riesgo eta CDTIko zuzendari José Moisés Carretero, besteak beste.
- Ekitaldian, ministroak nabarmendu zuen proiektu hau berrikuntzaren aldeko apustu irmoa dela, pertsonen bizitza hobetzen duela eta indartu egiten duela Espainiako osasun-sistemak etorkizuneko medikuntzan aitzindari izateko duen gaitasuna.
- CDTIk, ICSko arduradunek, Bellvitgeko Ospitaleko profesionalek eta Bellvitgeko Ikerketa Biomedikoko Institutuko (IDIBELL) ordezkariek ere parte hartu zuten ekitaldian, eta tresna ingurune kliniko erreal batean baliozkotuko dute.
Osasun publikorako tresna estrategiko bat
OSNn patologia horien bilakaera indibiduala simulatzeko gai diren soluzio baliozkoturik ez zegoenez, inpaktu handiko aurrerapena da SEPI-IA, bereziki fase aurreratuetan diagnostikatzen diren biriketako gaixotasun minoritarioetarako.
Ekimen horrekin, osasun-sistema eraldatzen duten teknologiak garatzeko konpromisoa berresten du TECNALIAk, eta, horretarako, diagnostikoaren doitasuna hobetzen, erabaki medikoak optimizatzen eta herritarren ongizateari laguntzen dioten soluzioak sortzen jarraitzen du.
* SEPI–IA berrikuntza-erosketa publikoko ekimen bat da: "I+G zerbitzuak merkaturatu aurretik kontratatzea, Adimen Artifizial bidez biriketako gaixotasun interstizialen eboluzioa simulatzeko (SEPI-IA) programa bat garatzeko”. Proiektua CDTIren eta Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren (MRR) funts propioekin finantzatu da, Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren (PRTR) barruan, Europar Batasunak – NextgenerationEUk finantzatuta.
