Berria

      Bizkaiko tuneletarako segurtasun-estandar berriak: 45/2025 FDa onartu da

      2025ko ekainaren 3a

      Seguridad túneles de Bizkaia

      "Bizkaiko azpiegituren segurtasuna eta jarraitutasuna bermatzen ditugu, erabiltzaileak babesteko”

      Bizkaiko Tunelen Segurtasunaren 45/2025 Foru Dekretu berria

      2025eko apirilaren 30ean, Bizkaiko Foru Aldundiak Tunelen Segurtasunaren 45/2025 Foru Dekretu berria onartu zuen. Dekretu hori Bizkaiko Lurralde Historikoko errepide-sareko tuneletan aplikatuko da, eta, horrela, haren aurrekoa (91/2012 FDa) indargabetuta geratuko da.

      Araudi berri horrekin, irtenbidea ematen zaio eremu horretako teknologia eta araudi berriak aplikatzean sortutako arazoari: azpiegitura seguruagoak, eraginkorragoak eta jasangarriagoak bermatzen dira, eta BFAk arlo horretan erreferentziazko segurtasun-estandar handiak ziurtatzeko egiten duen apustuari eusten zaio.

      Tunelek bete beharreko segurtasun-eskakizunak

      TECNALIAk, Bizkaiko tunelen segurtasuna ikuskatzeko erakundearen (OITB) arduradun gisa, partzuergoko gainerako enpresekin batera (SENER, TEKIA eta Valentziako Unibertsitatea), tunelek beren bizi-zikloaren fase guztietan —diseinutik hasi eta ustiapeneraino— izan behar dituzten segurtasun-eskakizunak berrikusten parte hartu du. Foru Dekretuari erantsitako jarraibide tekniko berrietan jasotzen dira eskakizun horiek.

      Gainera, Jarraibide Tekniko berri bat onartu da, Bizkaiko tuneletako arriskuak aztertzeko metodologia jasotzen duena, zeinak arriskuak murrizteko neurriak aztertzea eta hartzea ahalbidetuko baitu.

      Eranskin berri horrekin, honela egituratuta geratzen da araudia:

      • I. eranskina - Azpiegituraren jarraibide teknikoa: egituraren diseinuak bete behar dituen baldintzak jasotzen ditu; besteak beste, trazadura, drainadura, bazterguneak eta larrialdietako irteerak.
      • II. eranskina - Energia elektrikoaren jarraibide teknikoa: tuneleko instalazio guztien elikadura eta haren jarraitutasuna bermatzeko hornidurak behar dituen segurtasun-baldintzak eta haien erredundantzia-beharra ezartzen ditu.
      • III. eranskina - Argiteriaren jarraibide teknikoa: argiztapen-maila egokien diseinuaren oinarriak ezartzen ditu; berrikuspen horretan led teknologia sartu da, eta, horrela, efizientzia energetikoa eta jasangarritasuna hobetzen dira.
      • IV. eranskina - Aireztapenaren jarraibide teknikoa: airearen kalitate egokirako baldintzak jasotzen ditu, bai eragiketa normalean, bai suteetan, eta aireztapen-ekipamenduak jarri behar diren ala ez ondorioztatuko duten azterlanen beharra ezartzen du.
      • V. eranskina - Suteen aurka babesteko jarraibide teknikoa: suteak detektatzeko eta itzaltzeko, alarma jotzeko eta suteen aurka seinaleztatzeko ekipamenduak definitzen ditu. Berrikuspen horretan beste irtenbide batzuk gehitu dira, hala nola azpiegitura babesteko erauntsi-sistemak eta suteak detektatzeko eta lokalizatzeko kamera termikoak.
      • VI. eranskina - Segurtasunaren, zaintzaren eta kontrolaren jarraibide teknikoa: trafikoa kudeatzeko beharrezkoak diren ekipamenduak deskribatzen ditu, eta gertakari baten aurrean hura detektatzea eta kontrol-zentrotik aginduak bidaltzea ahalbidetzen du. Berrikuspenean, kontrol-zentro guztietan jarraitu beharreko gomendioak jasotzen dira, haien artean zerbitzu homogeneo eta erredundantea bermatzeko.
      • VII. eranskina - Ustiatzearen jarraibide teknikoa: giza baliabideen eta baliabide materialen kudeaketa jasotzen du, eta ariketak eta simulakroak egiteko beharra ezartzen du.
      • VIII. eranskin berria: Bizkaiko errepide-sareko tuneletako arriskua aztertzeko metodologia.

      Horrela, TECNALIAk lanean jarraitzen du Bizkaiko azpiegituren segurtasuna eta jarraitutasuna bermatzeko, erabiltzaileen segurtasuna helburu nagusi duelarik.