Berria

Deskarbonizaziorantz: mikrosare isolatu berriztagarriak

2023ko apirilaren 3a
laboratorio-exterior-fv

“Energia-trantsizioaren eta ekonomiaren deskarbonizazioaren bidean, % 100 berriztagarriak diren mikrosare isolatuetan ari gara lanean”

ENERISLA ekimenak % 100 berriztagarriak diren energia-sistema isolatuen inguruko garapen teknologikoen aukerak aztertzen ditu

ENERISLAk erakusle bat jarri du abian. Erakusle horren oinarrizko egitura bi mikrosare autonomok (CIRCE, TECNALIA) osatzen dute, eta elkarrekin konektatzeko gaitasuna dute, komunikazio-protokolo aurreratuen bidez. TECNALIAren instalazioak bi mikrosare fisiko ditu: elektrikoa eta termikoa. Biek dituzte bektore elektriko eta termikoen sorkuntza-, karga- eta metatze-unitateak. CIRCEren instalazioak RTDS/PHIL sistema eta zenbait laborategi ditu oinarri (RES integrazioa, elektromugikortasuna…).

ENERISLAren inbertsioen ondorioz, bazkide bakoitzaren banakako laborategien ikerketa-gaitasun batzuk indartu dira, enpresei teknologiak baliozkotzeko eta prestakuntzarako zerbitzu berriak eskaintzeko.

Mikrosare isolatu berriztagarrien arteko elkarrekintzak esperimentu geografikoki banatuak ezartzen ditu: agertoki konplexuagoak erreproduzitzen dituzte, eta aukera ematen dute kontzeptu berritzaileak garatzeko eta erakusteko, hala nola energia-komunitateak, agregatzaileak eta zerbitzu malgu berriak.

Laborategien bisita

ENERISLA erakuslearen funtzionalitate batzuk berrikusi ziren CDTIk (Zientzia eta Berrikuntza Ministerioa) TECNALIAra egindako bisitan, 2022ko urriaren amaieran. Bisitan hauek egin ziren:

  • Derioko instalazioetan dagoen mikrosare elektrikoaren eta Azpeitiko Sistema Termikoen Laborategiaren artean banatutako esperimentua.
  • Potentzia-elektronikako soluzioen prototipatze azkarraren erakustaldia.
  • Eta Power Hardware-in-the-Loop sistemen karakterizazioa.

Jarduera hori osatzeko, CDTIk Zaragozako CIRCE laborategietara bisita egingo du 2023ko apirilean, non proiektuaren azken bilera egingo baita.

Energia berriztagarria sortzeko teknologietako aurrerapenak

TECNALIAk instalazio fotovoltaikoetan sorkuntza aurresateko eta mantentze-lanak optimizatzeko algoritmia bat garatu du. Algoritmia hori eraikinetan integratuta dago (BIPV, ingelesez), eta zenbait erakusle jarri ditu martxan ingurune errealetan baliozkotzeko.

Gainera, euskal zentro teknologikoak akatsak atzemateko teknika berri batzuk garatu ditu modulu, string, array eta PV inbertsorearen mailan, eta dagoeneko eskatu du patente bat. Materialak (itsasgarri eroaleak eta kapsulatuak) eta prestazio bereziko modulu fotovoltaikoak (iraunkorragoak, birziklagarriagoak, arinagoak eta abar) fabrikatzeko prozesuak ere ikertu ditu. Azkenik, MLPE (Module-Level Power Electronic) bihurgailu bat garatu du.

Sareen eta mikrosareen operazio-sistemen emaitzak

TECNALIAk bi egoera-zenbatesle mota ezarri ditu banaketa elektrikoko sare desorekatuetarako: bata, ohiko tekniketan oinarritua, minimo karratu haztatuen arabera; bestea, sare neuronaletan oinarritua.

Gainera, mikrosareak kudeatzeko sistema berri bat ezartzen jarraitu du, ENERISLA erakuslean integratzeko. Sistema Termikoen Laborategia (Azpeitia) eta mikrosare elektrikoa (Derio) lotzeko proba arrakastatsuak egin dira, energia-komunitateei buruzko erabilera-kasu bat inplementatzeko.

Era berean, malgutasunaren kudeaketa optimizatzeko sistemen garapenak proposatu dira, prosumitzaileek emanak, zeinak panel fotovoltaikoz, bero-ponpaz eta biltegiratzeko sistemaz horniturik baitaude.

Aurrerapenak biltegiratzean

TECNALIAk datuetan oinarritutako eredu bat garatu du, baterien degradazioa zenbatesteko eta gelaxken ziklo-kopuruaren arabera haien balio-bizitza (RUL) aurresateko. Gelaxken eta bateria-moduluen karga-egoeraren (SoC) eta osasun-egoeraren (SoH) zenbatesleak ezarri dira.

Bestalde, bateriaren biki digitalarentzako tokiko eta urruneko arkitektura definitzen eta haren osagaiak integratzen aurreratu da. Azkenik, biltegiratze-sistemak neurtzeko, simulatzeko eta haien azterketa tekniko-ekonomikoa egiteko modulu bat garatu da.

Sare eta zerbitzuen digitalizazioaren emaitzak

Sareak eta zerbitzuak digitalizatzeko ildoari jarraikiz, TECNALIAk funtzionalitateen zehaztapena eta SCADA berri baten arkitektura garatu ditu mikrosare elektrikorako, zeinean txertatuko baitira Zibersegurtasuneko Laborategia eta Datu Espazioen Laborategi berria; zerbitzu aurreratuak zabaltzeko aukera emango du eta ENERISLA laborategietarako urruneko sarbidea ahalbidetuko du.

ENERISLARI buruzko informazio gehiago

Proiektu hori Cervera Bikaintasun Sareko ikerketa- eta berrikuntza-programak finantzatua da (CER-20191002 dirulaguntza). Egitasmo horretan, lau ikerketa-zentrok dihardute elkarrekin lanean sarean 2020tik 2022ra bitartean, ikerketa eta garapen teknologikoetan (CIRCE —koordinatzailea—, TECNALIA, CIDETEC eta CTIC).