Edozein motatako hondakinen lixibiatuen analisia, kudeaketa segurua egiteko

    2026ko otsailaren 23a

    Lixiviados_ Residuos_TECNALIA

    "TECNALIA da erreferentziazko bazkide teknologikoa hondakin-mota guztiei aplika dakizkiekeen lixibiatu-analisietarako"

    Industriarako funtsezkoak diren hondakin-analisiak egiteko zerbitzu egiaztatuak eskaintzen ditugu

    Industria- eta hiri-hondakinen kudeaketak gero eta handiagoa den erronka bati egin behar dio aurre: lixibiatuen —hondakinen kutsatzaileak euri-uretan disolbatzean sortzen diren likidoak— sorrera eta konposizioa kontrolatzea, lurzoruen eta lurpeko uren kutsadura ekidite aldera. Testuinguru horretan, gure Hondakinak Karakterizatzeko Laborategiaren bidez, hondakinak analizatzeko zerbitzu egiaztatuak eskaintzen ditugu (konposizio orokorra eta lixibiatu-matrizearena). Zerbitzu horiek funtsezkoak dira manufaktura-, energia-, kimika- eta eraikuntza-industrietarako, hondakinen kudeaketarako, nekazaritzako industriarako eta administrazio publikoetarako. Izan ere, kudeaketa-erabaki seguruak eta indarrean dagoen araudiarekin bat datozenak hartzea bermatzen dute.

    Lixibiatuak, ingurumen-kudeaketako erronka tekniko nagusia

    Lixibiatuak dira ingurumen-kudeaketako erronka tekniko nagusietako bat. Haien konposizioan metal astunak, gatzak, konposatu organiko iraunkorrak eta hidrokarburoak egon daitezke, eta, beraz, haiek ebaluatzea urrats kritikoa da hondakinaren arriskugarritasuna zehazteko, bai eta Europako eta Espainiako araudiaren arabera haien azken helmuga zein den definitzeko ere.

    Industriari laguntza ematen diogu zehapenak saihesteko, trazabilitatea ziurtatzeko eta ingurumen-kudeaketa arduratsua bermatzeko.

    Arau-esparrua betetzeko, analisien fidagarritasuna bermatzen dituzten metodologia estandarizatuak eta emaitza trazagarriak behar dira.

    Hauek dira erreferentziarik garrantzitsuenetako batzuk:

    • UNE-EN 12457-4:2003, hondakin pikortsuetarako eta lohietarako lixibiazio-saiakuntza ezartzen duena;
    • 646/2020 Dekretua, uztailaren 7koa, hondakinak zabortegietan utziz ezabatzeko jarduera arautzen duena;
    • 1357/2014 (EB) Erregelamendua, hondakinak sailkatzeko arriskugarritasun-ezaugarriak (HP) zehazten dituena;
    • eta hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko 7/2022 Legea, Espainian ingurumena kudeatzeko eta kontrolatzeko esparrua arautzen duena.

    Arau horiek betetzea funtsezkoa da zehapenak saihesteko, trazabilitatea ziurtatzeko eta ingurumenaren aldetik arduratsua den kudeaketa bat bermatzeko.

    Lixibiatuak analizatzeko zerbitzu integralen arloan, erreferentziazko bazkide teknologikoa gara

    TECNALIA erreferentziazko bazkide teknologiko gisa posizionatuta dago eta lixibiatuak analizatzeko zerbitzu integral bat eskaintzen du, hondakin-mota guztiei aplikagarria, arriskutsuak, ez-arriskutsuak edo geldoak izan. Irismen hau du: industria-hondakinak, lohi eta lurzoru kutsatuak, eraikuntza- eta eraispen-hondakinak, eta udal- eta nekazaritza-industriako hondakinak. Moldakortasun horrek ahalbidetu du mota askotako sektoreen beharrei erantzutea: industria handiak, hondakin-operadoreak, tokiko administrazioak eta abar.

    Silvia Gil TECNALIAko Hondakinak Karakterizatzeko Laborategiko arduradunak argitu duenez, “lixibiatuen analisia elementu kritikoa da hondakinen benetako portaera ulertzeko eta haiei lotutako ingurumen-arriskuak aurreikusteko. Gure laborategian aplikatzen ditugun metodologia aurreratuen bidez, zehaztasunez identifika dezakegu metalen, konposatu organikoen eta arriskutsuak izan daitezkeen beste substantzia batzuen mugikortasuna. Informazio hori funtsezkoa da kudeaketa-estrategia seguruagoak, jasangarriak eta araudira egokituak definitzeko. Argi dago helburua: datu analitikoak erabaki bihurtzea, haien bidez ingurumen-inpaktua minimizatzeko eta lurzoruen, uren eta ekosistemen babesa bermatzeko”.

    Emaitzak fidagarriak, errepikagarriak eta legez baliozkoak direla bermatzen dugu

    TECNALIAren hondakinak karakterizatzeko laborategiak metodologia normalizatuak eta sentsibilitate handiko ekipamenduak erabiltzen ditu emaitzak fidagarriak, errepikagarriak eta legez baliozkoak direla bermatzeko. Gaitasun tekniko horrek eta araudiaren interpretazioan eta aholkularitza espezializatuan duen esperientziak aliatu estrategiko bihurtzen dute TECNALIA, hondakinen kudeaketa segurua eta efizientea dela eta Europako eta Espainiako arau-baldintzekin erabat bat datorrela ziurtatzeko.