Berria

EGOIN eta TECNALIA, birgaitze energetikoaren arrakasta-adibide nabarmenak

2018ko martxoaren 1a

Eraikinak kanpotik birgaitzen dira, eta, bitartean, biztanleak beren etxeetan geldi daitezke

TECNALIA eta EGOIN enpresa arrakasta-adibidetzat hartu zituzten EU Industry Days Industriako Birgaitzearen Egunean, eraikinak energetikoki birgaitzeko garatutako metodologiagatik. Teknologia horrek zurezko modulu prefabrikatuen instalazioa du oinarri (BERTIM moduluak). Modulu horiei esker, inguratzailea birgaitzearekin batera, ur beroaren eta aireztapenaren instalazio komunitarioak eraikinaren kanpoko aldetik jar daitezke, eta, beraz, bizitokien barruko aldean egin beharreko lanak oso gutxi dira .

Zurezko moduluak bizkor eta efizientziaz fabrikatzeko, muntatzeko eta eraikinetan instalatzeko prozesu berritzaile bat da. Prozesu horretan, birgaitzea eraikinaren kanpoko aldetik egiten da, eta biztanleak beren etxeetan gelditu ahal izango dira.

Eraikinen birgaitze energetikoa automatizatzeko metodo berri horrek aukera emango du energia kontsumitzen duen eraikin multzoan masiboki esku hartzeko, eta, beraz, eraikitze-lanen deskarbonizazioari laguntzen dio, zeina 2050. urterako egin behar baita Europan, klima-aldaketari aurre egiteko Europar Batzordean ezarritako helburuetako baten arabera.

Metodologia Europako BERTIM proiektuaren esparruan garatu da, eta RenoBIM tresnan oinarritzen da. Tresna horrek erabakiak hartzen laguntzen du, BERTIM moduluen ezarpenak zer energia-aurrezte eta zer kostu-onura dakartzan kalkulatzen baitu. Eraikinak bukaeran zer itxura izango duen ere irudikatzen du, eta, hala, eraikina birgaitzen inbestitu beharraz erabakia hartzen laguntzen du.

Soluzio hori dagoeneko probatu da TECNALIAren ikerketa-eraikin berrian, Kubiken, eta, aurten, Frantziako eta Suediako eraikin erreal banatan ezarriko da erakusgai.

BERTIM proiektua Europar Batasuneko Industriaren Egunean erakutsi zen, joan den otsailaren 22an, Bruselan, etorkizun handiko beste berrikuntza batzuekin batera.

Informazio gehiago

http://ec.europa.eu/easme/en/news/renovating-europes-buildings-industrial-scale