"Garatutako berrikuntza nagusien artean ageri da funtzio anitzeko inguratzaile modular industrializatua"
TECNALIAk Europako ekimen bat gidatzen du eraikinen birgaitze energetikoa soluzio modular eta digitalen bidez azeleratzeko
Eraikingintza-sektoreari dagokio Europar Batasuneko energia-kontsumoaren % 40 inguru, batez ere berokuntzak, hozteak eta ur bero sanitarioak eragindako beharrizanei loturik. Eraikin zaharren birgaitze-tasa oso baxua da gaur-gaurkoz, eta, 2050erako ezarritako deskarbonizazio-helburuak lortzeko, nabarmen dago handitu beharra.
Erronka horri erantzuteko, TECNALIAk ENSNARE ekimena koordinatu du, bizitegi-parkearen birgaitze energetikoa erabat eraldatzea bultzatzeko, guztia ere berrikuntza teknologikoa, digitalizazioa eta industrializazioa uztartzen dituen ikuspegi integralarekin.
Funtzio anitzeko inguratzaile modular industrializatua
- Garaturiko berrikuntza nagusien artean ageri da funtzio anitzeko inguratzaile modular industrializatua.
- Soluzio horrek eguzki-teknologiak (fotovoltaikoa, eguzki-energia termikoa eta bi horien hibridoa), isolamendu aurreratuko geruza bat, leiho adimendunak eta beroa berreskuratzeko aireztapen-sistema deszentralizatu bat integratzen ditu.
- Gainera, plug & play diseinuari esker, oso erraz instalatzen da eta akatsak murrizten ditu obran.
Birgaitze-prozesua digitalizatzea
Era berean, birgaitze-prozesua digitalizatzeko soluzioak garatu dira.
- Eraikinaren BIM eredua modu automatizatuan sortzea droneen bidez.
- Birgaitze-prozesuaren jarraipena egiteko plataforma digital bat, erabakiak hartzen laguntzeko tresna batekin, barnean harturik analisi ekonomikoa, energetikoa eta erosotasunari buruzkoa. Soluzio horri esker, optimizatu egiten da prozesuaren etapa bakoitza, eta murriztu egiten dira kostuak eta exekuzio-denborak.
- Biki digital baten bidez, monitorizatu egiten da sistema, funtzionamendu-fasean errendimendu energetikoa optimizatzeko.
Hori horrela, inguratzaile berriak eta plataforma digital aurreratuak uztarturik, berrikuntza azkarrago, efizienteago eta iraunkorragoa ahalbidetzen da.
Eraikin errealetan baliozkotzea
Garaturiko soluzioak probako hiru eraikinetan baliozkotu dira, Estonian, Italian eta Bulgarian. Hiruretan ere hobekuntza nabarmenak lortu dira efizientzia energetikoan, erosotasun termikoan eta emisioak murrizten.
Ekimen horri esker, TECNALIAk indartu egiten du eraikinen parkean deskarbonizazioa lortzeko konpromisoa. Horretarako, berrikuntza-eredu industrializatuago, digitalizatuago eta jasangarriago bat bultzatzen du, eta, hala, oinarriak ezartzen ditu energiarik apenas kontsumitzen duten eraikin adimendunen belaunaldi berri bat sortzeko.
