Berria

Europako hiriei klima-aldaketara egokitzen laguntzen diegu

2023ko otsailaren 27a
Logroño

«7 city-hubetarako dago eskuragarri tresna gaur egun: Logroño, Milan, Atenas, Cork, Lillestrøm, Gdynia eta Amsterdam»

Tresna bat garatu dugu muturreko bero-gertaeren maiztasuna eta larritasuna hiru eskualde-eskalatan bistaratzeko

TECNALIAko klima-aldaketara egokitzeko taldeak tresna bat garatu du Europako REACHOUT ekimenaren barruan. Tresna horrek panel eta mapa interaktiboak eskaintzen ditu, iraganeko eta etorkizuneko muturreko bero-gertaeren maiztasuna eta larritasuna bistaratzea ahalbidetzen dutenak, eskualde-eskala hauetan: udalerria, probintzia eta autonomia-erkidegoa.

e-OBS datu historikoetan eta Copernicus-en Klima Aldaketaren Zerbitzuko (C3S) EURO-CORDEX proiekzio klimatiko independente eta fidagarrietan oinarritzen da.

Ematen duen informazioa funtsezkoa da eskualde eta hiriak klima-aldaketara hobeto egokitzeko: eragileek etorkizuneko arriskuen araberako neurriak har ditzaten ahalbidetzen du.

7 city-hubetarako dago eskuragarri tresna gaur egun: Logroño (Espainia), Milan (Italia), Atenas (Grezia), Cork (Irlanda), Lillestrøm (Norvegia), Gdynia (Polonia) eta Amsterdam (Herbehereak).

TECNALIAk zenbait kosorkuntza-tailer egin ditu hub horiekin, hirien beharrak identifikatzeko eta tresnaren funtzionaltasunak ezartzeko. Lurrazalaren batez besteko tenperaturaren bereizmen handiko mapak txertatuko dira hiri-eskalan, bero-kontzentrazio handieneko eremuak hobeto bistaratzeko, eta, horri esker, gainera, hiri-eskalan etorkizuneko esku-hartzeak planifikatu ahal izateko.

Egokitzapen-estrategiak eta -neurriak

Berotze globalaren inpaktu gogorrak gehien estutzen dituen hirien eta eskualdeen joera, zalantzarik gabe, inpaktuak murriztea da, edo, gutxienez, haiek arintzea ahalbidetuko duten egokitzapen-estrategiak identifikatzea.

Informazio hori ezagutzea funtsezkoa da eskualdeen eta hirien egokitzeko gaitasuna hobetzeko: eragindako alderdiei laguntzen die etorkizuneko arriskuekin bat datozen egokitzapen-planak eta eskualde-politikak diseinatzen.

Arrisku-mailak

Gehiegizko tenperaturak osasunean dituen ondorioen aurreko alerta-, prebentzio- eta kontrol-planek, ezarri diren tenperatura maximoaren eta minimoaren atalaseak gainditzen diren ondoz ondoko egunen kopurua kontuan hartuta, zenbait arrisku-maila esleitzen dituzte.

Hurbilketa horri berari jarraituta, REACHOUT ekimenean hiru arrisku-maila ezarri dira, hurrenez hurren tenperatura maximoen eta minimoen 95 eta 90 pertzentilei lotuta:

  • Maila horia (abisu-egoera): pertzentil horiek gainditzen dituzten ondoz ondoko bi bero-egun gertatzen direnean. Jarduera espezifiko batzuk kaltetu daitezke.
  • Maila laranja (alerta-egoera): ezarritako pertzentilak gainditzen dituzten ondoz ondoko hiruzpalau bero-egun gertatzen direnean. Eragindako kalteak esanguratsuak izan daitezke sektore batzuentzat.
  • Maila gorria (alarma-egoera): pertzentil horiek gainditzen dituzten ondoz ondoko bost egun edo gehiagoko bero-egun gertatzen direnean. Kalte materialak oso handiak izan daitezke.

Bero-bolada gogorragoak

Erresuma Batuak hiru aldiz hautsi zituen bere marka historikoak egun berean, eta 40,3 °C-ra iritsi zen; Herbehereek ere uztailean bere tenperatura-markak gainditu zituzten. Espainian, uztailaren 9tik 26ra (18 egun) bizitako bero-bolada bigarren luzeena izan da, datuak jasota daudenen artean, eta 44 probintziatan izan zuen eragina.

Horrek guztiak tenperatura handiegiari egotzi beharreko 4.861 heriotzako balantzea utzi zuen pasa den udan, MoMo sistemaren arabera. Era berean, baita dozenaka mila hektarea kiskali, galerak nekazaritzan eta beste inpaktu batzuk ere, eta kontsumo elektriko handiagoa eta lanean edo eskolan produktibitate-arazoak.

Bero-boladen bilakaera

2022an, Sevillako biztanleek 21 egunez jarraian 40 °C-tik gorako tenperaturak jasan dituzte. Logroñoren moduko udalerriak tenperatura horietara irits litezke mende honen amaieran (2090), klima-eredu batzuek egiten dituzten proiekzioen arabera.

Baldintza horien beren arabera, 2050ean, Logroñon, 1981-2010 denbora-tartean baino hiru aldiz abisu-gertaera gehiago izan litezke, 27 aldiz alerta gehiago eta lau aldiz alarma gehiago. Albiste honen oineko 1. grafikoan ikus daitekeenez, igoera hori esponentziala izango da datozen hamarkadetan, hori saihesteko ezer egiten ez badugu.

Tresnak, gainera, iraganean izandako bero-bolada bakoitza ezaugarritzeko aukera ematen du. Hauek eskaintzen ditu: bero-bolada hasi zen eguneko datuak, haren iraupena, iritsi zen tenperatura maximoa, bai eta, egun bakoitzeko tenperatura maximoak kontuan hartuta, haren batez besteko intentsitatea ere. 2. grafikoan ikus daiteke.

Europako Batzordea

Tresna hau REACHOUT proiektuaren barnean garatu da. Proiektu honek Europar Batasuneko Horizonte Europa ikerketa- eta berrikuntza-programaren finantzaketa jaso du 01036599 zenbakiko dirulaguntza-akordioaren bidez.