Berria

Euskadiko energia eta hidrogeno berdearen alorreko I+G+Bko plana

2022ko maiatzaren 9a
Ekain Fernandez, Estíbaliz Hernáez y Alberto Fernández

"Euskadiko energia eta hidrogeno berdearen I+G+Bko plan osagarria aurkeztu dugu, Eusko Jaurlaritzarekin batera"

Ekintza estrategikoak planteatzen dira, hidrogeno berdea energia-sistema elektrifikatzeko eta garraioa eta industria deskarbonizatzeko soluzio gisa ezarri, txertatu eta finkatzeko.

2022ko apirilaren 22an, Energia eta Hidrogeno Berdearen Plan Osagarriak aurkeztu zituzten Puertollanon. Euskal Autonomia Erkidegoa, Asturias, Aragoi, Gaztela-Mantxa, Kanariak, Nafarroako Foru Erkidegoa, Extremadura eta Madrilgo Erkidegoa ari dira garatzen plan osagarri horiek.

Aurkezpen-ekitaldian izan zen Diana Morant, Zientzia eta Berrikuntzako ministroa. Euskal Autonomia Erkidegoaren ordezkari gisa, hauek izan ziren: Estibaliz Hernáez, Eusko Jaurlaritzako Teknologiako, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordea; Alberto Fernández, Eusko Jaurlaritzako Teknologia eta Berrikuntzaren zuzendaria; eta Ekain Fernández doktorea, TECNALIAko Hidrogeno Teknologien arduraduna eta Euskal Autonomia Erkidegoko Energia eta Hidrogeno Berdearen Plan Osagarrien koordinatzaile zientifikoa.

Hidrogeno berdea: energia-sistema elektrifikatzeko soluzio bat

Ekimenarekin bat egin duten autonomia-erkidegoek eta Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Gorenak koordinatuta gauzatuko dira plan horretan planteatzen diren ekintza estrategikoak, eta haien helburu nagusia izango da hidrogeno berdea ezartzea, txertatzea eta finkatzea energia-sistema elektrifikatzeko eta garraioa eta industria deskarbonizatzeko soluzio gisa.

Ekintzok hidrogenoaren balio-kate osoa estaltzea dute xede, heldutasun-maila desberdinetan dauden garapenei esker; esate baterako, eskala pilotu edo erakusgarriko soluzioak edo oinarrizko garapenak, etorkizun hurbilean atzerriko teknologia bertako teknologiarekin ordeztu ahal izateko.

Euskal Autonomia Erkidegoak programa honetarako duen proiektuak "hidrogeno berriztagarria sortzea eta soluzio aurreratuak garatzea aurreikusten du, mugikortasun- eta industria-aplikazioetan integratzeko eta modu optimoan jarduteko". Proiektu horretan, TECNALIA ez ezik, Basque Research and Technology Allianceko (BRTA) beste zentro batzuk ere ari dira lankidetzan, hala nola Ikerlan, Cidetec, CIC Energigune, Tekniker eta Ceit. Horietaz gainera, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko beste eragile batzuk ere izango dira partaide, hala nola Euskal Herriko Unibertsitatea, Petronor Innovación, Energia Klusterra, CAF I+G, Mondragon Unibertsitatea eta Sidenor I+G.