Berria

      Euskaraz hitz egiteko gai den robot industrial bat diseinatu dugu

      2025ko ekainaren 19a

      Robot euskera

      “Ahozko interakzioa, segurtasuna eta eraginkortasun operatiboa funtsezkoak dira prozesu industrialetan”

      Orai NLP Teknologiak ikerketa-zentroarekin batera robot aitzindari bat garatu dugu, euskarazko aginduak ezagutzeko eta testuinguruan interpretatzeko gai dena

      TECNALIAn garatu dugun sistema robotiko industrialak mugarri bat ezarri du pertsonek makinekin interakzioan aritzeko duten moduan. Robot kolaboratibo bat da, eta gai da ahozko aginduak ulertzeko eta interpretatzeko, baita euskaraz ere, integratua duen hizkuntza naturala prozesatzeko teknologia aurreratuari esker.

      Proiektua industria intuitiboago, irisgarriago eta inklusiboago baten alde egiten dugun apustutik sortu da. Ildo horretan, ezagutza teknikoa ez da oztopo izango sistema aurreratuekin jarduteko. Orai NLP Teknologiak ikerketa-zentroarekin lankidetzan, hizketa automatikoki ezagutzeko (ASR) eta hizketaren sintesirako (TTS) gaitasunak txertatu ditugu, eta, horri esker, langileak modu naturalean komunikatu daitezke robotarekin, beste edozein lankiderekin egingo luketen bezala.

      Malgutasuna lanean

      Baliozkotu dugun egoeretako bat bitrozeramika bat mihiztatzeko prozesua izan da. Hala, langileak honelako jarraibideak eman ditzake: “jarri erregailu handia” edo “aldatu muntatzeko ordena”. Robotak doitasunez erantzuten du, eta denbora errealean egokitzen du bere portaera. Sistemak ez ditu soilik ahozko aginduak ezagutzen, testuingurua interpretatzeko gai ere bada, eta, ondorioz, arintasun eta malgutasun handiagoa ahalbidetzen du eguneroko lanean.

      Gainera, interakzio hori euskaraz egin ahal izan dadin lan egin dugu, eta sintaxiarekin, fonetikarekin eta euskalkien aldaerekin lotutako erronka teknikoak gainditu ditugu. Horrela, digitalizazioa gizarteko sektore guztietara hurbiltzen laguntzen dugu, gure inguruko hizkuntza-aniztasuna errespetatuz.

      Garapen horrek argi eta garbi erakusten du teknologia pertsonetara egokitzeko gai dela. Gure helburua da ildo horretan eboluzionatzen jarraitzea eta gaitasun horiek ahozko interakzioa, segurtasuna eta eraginkortasun operatiboa funtsezkoak diren beste prozesu industrial batzuetan aplikatzea.