Ezagutu olibondo eta mahastien inausketa adimenduna

    2026ko apirilaren 27a

    Agricultura inteligente

    “Pertsonak ardatz dituzten teknologiak, nekazaritzako inausketa eraldatzeko”

    Robotika, adimen artifiziala eta laneko ongizatea integratzen dituzten soluzioak, AgRimaten

    Inausketa nekazaritzako lanaren eginkizun zailenetako bat da. Ezagutza handia behar da, etengabeko ahalegina eskatzen du, eta erabakiak denbora errealean hartu behar dira.

    TECNALIAn lan egiten dugu teknologiak pertsonak lagundu ditzan, eta ez ordezkatu. Horretarako, olibondoak eta mahastiak inaustean segurtasuna, ongizatea eta eraginkortasuna hobetuko duten soluzioak garatu ditugu.

    Teknologia humanizatzen ari gara nekazaritzako inausketa eraldatzeko.

    AgRimate ekimenean ari gara lanean, olibondoak eta mahastiak inausteko soluzio adimendunak garatzeko eta baliozkotzeko. Ekimen horren barruan, interakzio aurreratua, giza faktoreak, adimen artifiziala eta errealitate areagotua nola integratu ikertzen ari gara, aurrerapen horiek nekazaritzako laneko benetako inguruneetara eramateko.

    • Jaenen erakustaldi praktiko batzuk egin ditugu, ingurune errealetan (adibidez, Mogónen) eta Expoliva azokan, Nekazari eta Abeltzain Txikien Batasunarekin (UPA) batera.
    • Proba horiei esker, garatutako teknologiak lan-baldintza errealetan ebaluatu ahal izan genituen, eta sektoreko profesionalen zuzeneko esperientzia jaso.

    Nekazaritzako enpresek gero eta apustu handiagoa egiten dute automatizazioaren alde. Hala ere, prozesu askok gizakien esperientzia, zehaztasuna eta segurtasuna behar dituzte.

    • TECNALIAn, beste ikuspegi batetik heltzen diogu erronka horri: pertsonei egokitzen, ulertzen eta ikasten duten soluzioak diseinatzen ditugu.
    • Gizakien eta makinaren arteko interakzio adimenduna sortzeko egiten dugu lan. Pertsona erdigunean jartzen dugu, lan-inguruneak seguruagoak, eraginkorragoak eta eskuragarriagoak izan daitezen.

    Robotika, adimen artifiziala eta laneko ongizatea

    Ongizate-sentsoreak dituen exoeskeletoa

    Erakustaldietan, Uivok diseinatutako exoeskeleto bat erakutsi genuen, nekea murrizteko eta olibondoa inausteko tresnak errazago erabiltzeko balio duena. Gainera, pertsonaren esfortzuaren adierazleak aztertzen dituzten sentsoreak ditu.

    • Informazio horrekin errazagoa da identifikatzea langileak noiz behar duen atsedena, eta haren osasuna babesten du lanaldian.

    Errealitate areagotua duten interfaze adimendunak

    Xymbot enpresarekin, errealitate areagotuko aplikazio bat garatu dugu, inaustailea denbora errealean gidatzeko. Zer adar moztu eta nola egin erakusten du interfazeak. Adimen artifizialeko modulu batean oinarritzen da tresna. Adituekin ikasi du moduluak, eta ezagutza hori modu intuitiboan transferitzen dio langileari.

    • Eguneroko lanean laguntzeaz gain, trebakuntzarako aukera berriak irekitzen ditu. Edukiak nekazari-profil desberdinetara egokitu daitezke, eta, hala, adituen jakintza errazago transferi daiteke.

    Mahastietarako robot autonomo baterantz

    AgRimate ekimenean, halaber, robot autonomo bat garatzen ari gara mahastietan inausketa-lanak egiteko, Tampere University, Fonfazione Bruno Kessler eta Agricultural University of Athens erakundeekin lankidetzan.

    • Giza lana osatzeko pentsatuta dago sistema. Esfortzu fisiko handia eta lan errepikakorrak bere gain hartuko ditu, eta pertsonak prozesuaren kontrola eta erabakiak hartzeko ahalmena mantenduko du.

    Nazioarteko lankidetza, nekazaritza gizatiarrago baten bila

    Nekazariek eta Espainiako, Italiako eta Alemaniako teknikari batzuek batera hartu dute parte ekimenaren jardunaldi praktikoetan. Jardunaldietan, inausketa-probak egin ziren olibondoetan eta mahastietan, eta, adituekin batera, esfortzu fisikoaren murrizketa, kontrolaren hobekuntza eta garatutako teknologien onarpena aztertu ziren.

    Berlingo Unibertsitatearekin lankidetzan aritzeak dimentsio soziala erantsi dio proiektuari, eta erronka teknologikoez gain, nekazaritza-sektoreko lan-baldintzei lotutako giza faktoreak eta antolamendu-faktoreak ere hartu ditugu kontuan.

    AgRimate ekimenean Europako hamabi erakunde ari dira lanean, nekazaritza egiteko modu berriak sortzeko. TECNALIAk, gizakien eta sistemen arteko interakzioan, murgiltze-teknologietan eta lan-ongizatean duen esperientzia eskaintzen dio ekimenari. Nekazaritza-sektorearen eraldaketa digitalaren inguruan dugun balio-proposamenarekin bat egiten du horrek.

    Gure nekazaritza-soluzioen inguruan jakin nahi baduzu, jarri harremanetan gure lantaldearekin harremanetan jartzeko botoia sakatuta.