Berria

Fase berri bat sortu da teknologia fotovoltaiko integraturako

2023ko otsailaren 13a
Integración fotovoltaica en arquitectura

“Eraikin, azpiegitura, ibilgailu eta bestelako aplikazioetan integratutako teknologia fotovoltaikoa bultzatzen dugu, SEAMLESS-PV ekimenaren bidez”

Teknologia fotovoltaikoak abantaila handia du beste energia-iturri berriztagarri batzuen aldean.

Bere ezaugarriak direla-eta, hala nola diseinuaren modularitatea eta malgutasuna, eraikinetan, azpiegituretan, ibilgailu elektrikoetan edo nekazaritza-inguruneetan integra daiteke. Hala, haren bidez funtzio anitzeko produktuak sortzen dira, dagokien funtzio nagusia betetzeaz gain (egiturazkoa eta akustikoa, besteak beste), elektrizitatea sortzen baitute.

Konbentzimendu horrekin sortu zen SEAMLESS-PV proiektua, TECNALIA buru duena. Teknologia fotovoltaiko integratua (IPV, ingelesezko siglen arabera) garatzen laguntzea da helburua. Europako Batzordeak finantzatutako ekimena da, eta duela gutxi hasi da martxan, proiektuaren partzuergoak Bilbon antolatutako abiarazte-bileraren ondoren.

Proiektuaren helburu nagusiak

Proiektuaren xedea IPV (integrated photovoltaics) sektorearen garapena ahalbidetuko duten ekipamendu eta fabrikazio-prozesu berritzaileak garatzea da. Hala, erraztu nahi da eraikuntzaren, ibilgailu elektrikoaren, pantaila akustikoen eta nekazaritzaren sektoreetan aplikatu beharreko eskakizun eta arau-esparruetara egokitzen diren soluzioak fabrikatzea. Zehazki:

  • Fabrikazio automatizatu eta malguko ekipo aurreratuak garatuko dira efizientzia handiko silizio kristalinoaren teknologietan oinarritutako modulu eta produktu fotovoltaikoetarako. Ekipo horiek zelula fotovoltaikoen hurrengo formatuekin (M6-M10-M12) eta interkonexio-teknologia berriekin (multibusbar, atzeko kontaktuak, etab.) bateragarriak izatea bermatuko da.
  • Prozesu berrien industrializazioa landuko da, askotariko aplikazioetan erraz integratzen diren produktu arinen fabrikazio-kostuak murrizteko.
  • Era berean, efizientzia handia duten eta kostuari dagokionez lehiakorrak diren IPV produktuen sorta bat garatuko da. Produktu horiek sektore bakoitzean aplikatzekoak diren zehaztapenak eta arau-esparrua beteko dituzte.

Proiektua koordinatzeaz gain, TECNALIAk Solarface modulu arinak fabrikatzeko teknologiaren industrializazioa izango du ardatz; izan ere, modulu horiek soluzio konbentzionalen aldean abantailak dituzte, hala nola diseinu moldagarria eta malgua, eta erraz integratzen dira azken aplikazioetan. Prozesu industrialen garapenak aukera emango du modulu horiek merkaturatzeko behar den fabrikazio-bolumenera iristeko eta kostua murriztea lortzeko.

Horrez gain, TECNALIAk eraikinetan, garraioan eta nekazaritza-inguruneetan integratzeko funtzio anitzeko produktu fotovoltaikoak garatzen lan egingo du, eta teknologia hori fabrikatzeko linea pilotu bat jarriko du abian Donostian dituen instalazioetan.

Industria-ingurune errealetan erakustea

Fabrikazio-ekipo eta -prozesu berriak industria-ingurune errealetan erakutsiko dira. Guztira, IPV soluzioak fabrikatzeko sei linea pilotu jarriko dira abian bazkide fabrikatzaile nagusien instalazioetan. Gainera, fabrikazio-gaitasun berri hori Europa osoan zenbait erakusle instalatzeko baliatuko da. Horien artean:

  • Askotariko eraikin motetan integratutako teknologia fotovoltaikoa (BIPV) Italian, Frantzian, Belgikan eta Suitzan.
  • Hesi akustiko fotovoltaiko berri bat jarriko da A-8/AP-8 autobideko Bizkaia Connected Corridor-en (BCC).Living Lab hori TECNALIAk kudeatzen du, Bizkaiko Foru Aldundiarekin lankidetzan.
  • Ibilgailuetan integratutako teknologia fotovoltaikoa (VIPV); eguzki-panel arinak aplikatuko dira Sono Motors enpresako hiru ibilgailutan.
  • Bi erakustaldi egingo dira nekazaritza-sektorean, aire zabaleko nekazaritzaren eta kapera anitzeko berotegien erabilera-kasuak jorratuz.

Informazio gehiago

Partzuergoa 18 bazkidek osatzen dute, eta haien artean Espainia, Italia, Frantzia, Alemania, Belgika eta Suitzako ikerketa-zentroak eta industria-enpresak daude. Bazkideek funtsezko rolak betetzen dituzte zenbait sektoretako teknologia fotovoltaiko integratuaren balio-katean; haien artean, euskal enpresak (Branka Solutions eta Mondragón Assembly) eta Espainiako enpresak (ONYX Solar eta BECSA) nabarmentzen dira.

Mondragon Assembly, Becquerel Institute, PIZ srl, ETA Florence – Renewable Energies, ONYX Solar, SONO Motors, CEA, BECSA, BRANKA solutions, Format D2,  AKUO Energy, Optimal Computing, Finproject SpA, CASA S.P.A., SUPSI, 3S Swiss Solar Solutions AG eta CSEM.

Europako Batzordea

Proiektu honek Europar Batasunaren Horizonte Europa ikerketa- eta berrikuntza-programaren finantziazioa jaso du, 101096126 zenbakiko dirulaguntza-akordioaren bidez.