"Energiaren Nazioarteko Agentziaren energia fotovoltaikoa eraikinetan integratzeari buruzko (BIPVari buruzko) bilera (IEA Task 15) hartu du TECNALIAk"
Ekonomiaren deskarbonizazioak eta energia-sorkuntzak garapen jasangarriari laguntzen diote
Eguzki-panel fotovoltaiko bidez sortutako energia garbia, agortezina eta modularra da. Askotariko aplikazioak ditu: landako instalazio fotovoltaiko handietatik hasi eta elementu fotovoltaikoak eraikinetan integratzeraino (BIPV - Building Integrated PhotoVoltaics). Soluzio horretan etengabe gertatzen ari diren hobekuntzek haren kostua murrizten eta haren estetika erakargarriagoa izaten laguntzen dute.
BIPV teknologia sustatzeko lantaldea
Energiaren Nazioarteko Agentziaren fotovoltaikoa eraikinetan integratzeari buruzko IEA PVPS Task 15. Enabling Framework for the Development of BIPV lantaldeko kide da TECNALIA. Helburua BIPV teknologia garatzeko esparru egokia sortzea da, BIPV produktuak energia berriztagarrien merkatu globalean sartuz, arau-, estetika-, finantza- eta fidagarritasun-alderdiak kontuan hartuta.
Hilabete honen hasieran, TECNALIAk lantald horren sei hilean behingo bilera hartu du Donostiako bere egoitzan.
Fotovoltaikoa eraikinetan eta hiri-ingurunean integratzearen aukerak
BIPV arloko nazioarteko adituak eta fotovoltaikoaren, eraikuntzaren eta arkitekturaren arloetako goi-mailako profesionalak zeudela aprobetxatuta, BIPVari buruzko workshop bat ere antolatu da, fotovoltaikoa eraikinetan eta beste azpiegitura batzuetan integratzeko interesa duten profesionalentzat irekia: arkitektura-estudioak, eraikuntzako profesionalak, beira-fabrikatzaile eta -transformatzaileak eta elementu fotovoltaikoen fabrikatzaileak.
Ehun bat pertsona batu ziren ekitaldira formatu mistoan (aurrez aurre eta online). Bertan, BIPV sektoreko adituek eta erreferentziazko enpresek (ONYX Solar, Kromatix, Virden+Partners, CIEMAT eta TECNALIA hizlari zirela, eta beste hainbeste parte-hartzaile zirela) zenbait gako eman zituzten, joera teknologiko berriak aurkeztu zituzten, eta fotovoltaikoa eraikinetan eta hiri-ingurunean integratzearekin lotutako aukerei eta erronkei buruz eztabaidatu zuten.
Workshopean, teknologia fotovoltaikoak gure hirietan duen eragin energetiko eta ekonomiko handiaz eztabaidatu zen, bereziki BIPV produktuak —elementu fotovoltaikoak integratzen dituzten eraikuntza-elementuak— erabiltzen direnean, hala nola fatxadak, leihoak, teilak eta sabai-leihoak. Elektrizitatea sortzen dute eta, gainera, amortizagarriak dira; eraikuntza-elementu tradizionalek, berriz, ez dute abantaila hori.
Halaber, fatxadako eta estalkiko soluzio berriak aurkeztu ziren, hala nola koloretako BIPV soluzioak, beiraren gainean aplikatutako zelula fotovoltaikoak ezkutatzeko teknologien erabilerari esker (hidden PV). Horretaz gain, aztertu zen zer zeregin espero den izango duela BIPV teknologiak Europako trantsizio energetikoan, eta Task 15ean Espainiarako egin zen TIS (Technological Innovation System) analisiaren emaitzak eta gomendioak aurkeztu ziren.
Orobat, eraikinetan sistema fotovoltaiko horiek instalatzean eta mantentzean kontuan hartu beharreko gai teknikoak azpimarratu ziren. Sistema fotovoltaikoen berezko araudia ez ezik, eraikingintzaren kode teknikoa ere bete behar dute, bai eta eraikuntza-elementuen beste araudi batzuk ere, hala nola teknologiak suteen aurkako segurtasunari dagokionez dituen erronkak.
Era berean, TECNALIAren Donostiako egoitzako fatxada elementu fotovoltaikoekin birgaitzeko egindako prozesuaren kasu praktikoa deskribatu zen.
BIPV teknologia eta soluzio jasangarriak ezartzea
Ondorioen artean, Europan fabrikazio-ahalmena handitu beharra nabarmentzen da, datozen urteetan espero den merkatu-eskariaren hazkundeari erantzun ahal izateko, gaur egun fabrikatzaile gutxi baitaude. Arkitekto, eraikitzaile eta hiri-planifikatzaileek BIPV teknologia hartu, eta soluzio jasangarriak ezarri beharko dituzte, eta, hala, lurzoru-baliabideak beste helburu batzuetarako optimizatu.
Bestalde, eraikuntzaren eta BIPVaren sektoreak uztartu behar dira, merkatuan erabilgarri dauden teknologia berrien inguruko trebakuntza hobetzeko. Ezinbesteko baldintza da, halaber, ezagutza espezifikoak dituzten profesionalak sartzea, BIPV soluzioak modu integralean diseinatu eta instalatu ahal izateko.
Eraikinean integratutako fotovoltaikoak, errentagarria izateaz gainera, eraikinek behar duten energiaren zati handi bat sor dezake. Hala, etorkizuneko aukera handiak dituen merkatu bati helduko dio; hartan, etengabeko garapen teknologikoa, kostuen murrizketa eta Europaren haren aldeko erregulazioa lagungarri izango dira, eta haren garapena areago bultzatuko dute.
Fotovoltaikoa eraikinetan integratzea
- "Fotovoltaikoa eraikinetan integratzea" ekitaldiaren grabazioa eskuragarri dago YouTubeko gure kanalean.
- Welcome - Chairman - Daniel Valencia-Caballero (Senior BIPV Researcher at TECNALIA)
- TECNALIA introduction - José Luis Elejalde (Director of Business Unit of Energy, Climate and Urban Transition at TECNALIA)
- Why BIPV in the buildings? Energy and economic impact - Julen Astudillo (Senior Façade Researcher at TECNALIA)
- Photovoltaics-Façade – Energy + Aesthetics + Business - Karl Viriden (CEO at Viriden+Partners)
- Design experience with colored KROMATIX PV modules - Thomas Friesen (CTO at SwissInso – Kromatix)
- BIPV solutions. New trends on BIPV - Teodosio del Caño (CTO at Onyx Solar)
- Steps of a real BIPV façade case in Spain - Jose Mari Vega de Seoane (Senior BIPV Researcher at TECNALIA)
- BIPV in Spain: main results and recommendations after the TIS analysis performed in Task 15 - Nuria Martín (Senior BIPV Researcher at Ciemat)
- Fire safety trends in buildings and their impact on BIPV - Xabier Olano (Fire safety lab manager at TECNALIA)
- Closing talk - Chairman - Daniel Valencia-Caballero (Senior BIPV Researcher at TECNALIA)
