Berria

Fusio nuklearra, soluzio energetiko jasangarria

2023ko otsailaren 15a
Participación de TECNALIA en el proyecto ITER

"Energia garbia, merkea eta jasangarria sortzeko modu berri baten bideragarritasuna dugu xede"

Fusio nuklearreko erreaktore esperimental bat eraikitzen ari gara

TECNALIAn, beste enpresa batzuekin lankidetzan, berrikuntzak sartzen ari gara estalduren teknologietan eta gainazalen ingeniaritzan, superaleazio disimilarren arteko lotura-teknologietan eta plasma-sorten talka-sistemen eta hozte-sistemen osagaien karakterizazio-tekniketan.

Energia berriztagarriak erregai fosiletan oinarritutako sorkuntzaren alternatiba dira, baina eguzkiaren edo haizearen eskuragarritasun ez-jarraituaren mende daude. Fusio nuklearra, ordea, energia modu jarraituan sortzeko metodo bat da. Erregai gisa gutxi-asko mugagabeak diren elementuak baliatzen ditu, eta ez du berotegi-efektuko gasik sortzen.

Hurrengo urratsa da prozesua laborategiko esperimentutik dimentsio industrialera eskalatzea. Soluzio industrialen eskuragarritasuna ez da berehalakoa, garapen teknologiko eta inbertsio handiak behar baitira. Fusio nuklearra energia garbi eta jasangarriaren premiari erantzuten dion epe luzerako soluzio bat da.

Fusio-soluzioen garapena

Askotariko ekimenak daude fusio-soluzioak garatzera bideratuta. Duen muntagatik, ordea, ITER nabarmentzen da, nazioarteko erreaktore termonuklear esperimentala. 35 herrialdek baino gehiagok parte hartzen dute.

Euskal Autonomia Erkidegoko enpresak oso aktiboak izaten ari dira, esperientzia handia baitute balio erantsi handiko material eta aleazioak zehaztasun, kalitate eta fidagarritasun txit handikoak fabrikatzeko prozesuetan.

AEBko Lawrence Livermore Laborategi Nazionala historiara pasatuko da, joan den abenduaren bostean egindako saiakuntzetan emandakoa baino energia gehiago lortu baitzuen konfinamendu inertzialean oinarritutako fusio nuklearreko prozesu baten bidez.