"Adimen artifizialak elkarreragin efiziente, seguru eta moldakorragoa sustatzen du ingurune industrialetan"
Gizakia-robota elkarlana azkar ari da elkarreragiteko modu aurreratuagoetara eboluzionatzen; geroz eta paper garrantzitsuagoa betetzen du lehiakortasun industrialean
Adimen artifizialean oinarritutako soluzioak garatzen ditugu, zeinek pertsonen eta roboten arteko elkarreragina hobetzen baitute eta efizientziari eta segurtasunari zuzenean eragiten baitiote. Helburua espazioa partekatzetik harago doa: gizakiek eta robotek benetan koordinatuta lan egin dezaten nahi dugu, eta ingurunera eta zeregin bakoitzaren beharretara egokitu daitezen.
Adimen artifiziala, elkarreragina naturalagoa izan dadin
Gakoetako bat adimen artifizialeko teknologiak eta komunikazio multimodala (ikusizkoa, keinuzkoa eta ahozkoa) integratzea da. Horri esker, robotek hobeto uler dezakete inguruan gertatzen dena, eta langileen ekintzak interpreta ditzakete, beren portaera egokitu, eta zenbait portaerari aurrea hartu ere.
Horrek instalazioko elkarreragina arinagoa eta ez horren zorrotza izatea ahalbidetzen du eta, hala, eguneroko tirabirak murrizten dira eta taldeko lana errazten da. Teknologia pertsonetara egokitzea da gakoa, ez alderantziz.
Efizientzia eta segurtasuna, eskutik
Beste aurrerapauso garrantzitsuenetako bat sistemok ingurunea aztertzeko eta denbora errealean erantzuteko duten gaitasunari lotuta dago. Horrek lagundu egiten du arriskuak saihesten, hutsegiteak murrizten eta zeregin partekatuetan koordinazioa hobetzen.
Praktikan, prozesuak arinagoak izatea, etete gutxiago gertatzea eta lan-inguruneak seguruagoak izatea esan nahi du. Hori guztia alderdi gako bat bazter utzi gabe: segurtasun-bermeak kontuan hartuta areagotu behar da beti produktibitatea.
Gainera, aurrerapausoak ematen ari gara gaitasun horiek era guztietako pilotuen bidez (besteak beste, eraikuntzako, azpiegituretako eta fabrikazioko pilotuen bidez) baliozkotzeko bidean. Horietan, baldintza operatiboetan duten funtzionamendua ebaluatzen da, bai eta prozesu industrial errealekiko integrazioa ere.
Manufaktura-industriatik harago
Nahiz eta soluziook bereziki ingurune industrialetarako pentsatuta egon, beste sektore batzuek ere (hala nola, eraikuntzaren edo azpiegituren mantentze-lanen sektoreek) atera diezaiekete etekina, bereziki zeregin konplexuak edo arrisku handiagokoak egiteko.
TECNALIAn, robotika adimenduna enpresen errealitatera gerturatzeko lan egiten dugu, haiek ingurune produktiboetan modu naturalagoan integratzea bultzatzeko eta pertsonak ardatz dituzten eredu efiziente eta seguruagoetarako aurrerapausoak ematen laguntzeko.
*Europako FORTIS proiektua, TECNALIAk koordinatua: aurrerapausoak elkarrekin partekatu ditugu Porton egindako partzuergoaren 5. bileran. Bertan, errealitate industrialetik gertu dauden agertokietan garatzen ari diren soluzioak baliozkotzen ere aritu gara.
